<<     

Ansorena Funtsa

IRAGANEKO GURE LANDA EREMUA

MAIATZAK 10 - UZTAILAK 14

Ignacio Ansorena funtsa

LANBIDEAREKIKO GRINA

Erakusketa hau Ignacio Ansorena Olazaran argazki-funtsak biltzen duen Sabino eta Ignacio Ansorenaren argazkiek osatzen dute. Hainbat garaitako irudiak dira, baina lotura amankomun bat dute: duela gutxi arte Durango inguratu duen landa-ingurunea islatzen da, gehiena desagertua delarik gaur egun.

Ez dakigu nola, baina, Sabino Ansorena argazkilaritza munduan sartu zen ofizioarekiko pasio eta dedikazio handiz. Harremanak zituen Jose Azurmendi, Isidoro Lebario edo Alfonso Soldevillarekin, guztiak ere beren argazkimakinen bisorearen atzetik begiratu zale.

Laborategi bat muntatu zuen Barrenkaleko bere etxeko ganbaran, eta handik, zeluloide independenteko 6x9 kristalezko klixeen kamerarekin, bere sorkuntzak datatu eta sinatzen zituen.

Argazkiotan kirol-lehiaketak, elizkizunak, jaiak eta uriko eguneroko bizitzako eszenak ikus daitezke. Baina bere betiko neska-lagun Emilia Olazaranekin ezkondu ondoren, eta 6 seme-alaba izan eta gero, bere begirada fotografikoa familiako eszenetan, etxeko egunerokotasunean eta ingurune hurbilenean zentratu zen.

Sabino 1965eko urriaren 9an hil zen, baina aldi joanen hautsak ez zituen bere argazkiak lausotu. Ignacio Ansorena semeak ondo zaindu zituen urte luzez eta, duela gutxi, Gerediaga Elkartearen dokumentu-zentroaren eskura jarri ditu.

Ignaziok aitaren zaletasun grinatsuarekin jarraitu zuen eta, halaxe, 60ko hamarkadan argazkiak egiten hasi zen. Garai hartako argazkietan behin eta berriz errepikatzen ziren gai erlijiosoak, hiribilduko eguneroko eszenak, paisaiak, familia, oporrak eta bidaiak.

Argazki-funtserako ere oso lan aberasgarria egin zuen: Durango bazterrik bazter korritu zuen, bere aitak baserri-eremuetan eta bestelakoetan erretratatu zituen pertsonak identifikatuz. Uriko herritarren eta adiskideen argazkiak bildu zituen herriaren oroimena gordetzeko eta iraunarazteko. Honi esker, Ansorenaren funtsa hasi eta hasi joan zen urteen poderioz.

Funts horren lehen estimazioan 10.000 argazki inguru zenbatu genituen, baina baliteke motz geratu izana kontaketan, izan ere, etengabe agertzen baitira negatiboen kaxak, paperezko kopien kaxak, kristalezko plakak eta koloretako argazkiak ere bai.

Durangoko Arte eta Historia Museoko Garazi Arrizabalaga zuzendariak eta Gerediaga Elkarteko argazki-artxiboko teknikari Patricia Laisekak elkarlanean egindako erakusketa honetan, landa-ingurunearen gaia aukeratu da gure herriaren historiari eta memoriari balioa emateko, paraje geroz eta urriagoak diren horiek ahanzturaren geruzak estali ez ditzan.

Argazki-erakusketa hau baliatu nahi dugu ikuslea bere oroitzapenetan murgil dadin edo iruditeria berriak sor ditzan.

BASERRIAK

PERTSONAK

PAISAIAK

BASERRI LANAK

zenekiten guztia
demostratzeagatik
utzi zenioten
masakreari
paisaian sartzen

- MARIA SANCHEZ -

       KONTAKETA BAT


                          I.

Zelan zahartzen da paisaia bat. Noiz

hasten zaizkio hezurrak biguntzen, noiz

zimurtzen zaizkio kamino-ertzak, noiz

txikitzen zaizkio begiak. Solo batek noiz

ahazten du bere izena, txabola batek noiz

aukeratzen du bakardadea, baserri batek

noiz uzten dio goizean goiz jaikitzeari.


                          II.

Non datoz ardiak. Zenbat mende

daramatzate ibilian. Zenbat bildots

galdu dituzte bidean, zenbat txakur,

zenbat artzain. Erlezaina hil zenean, nor

joan zen erleei abisua ematera. Nork

erretiratu zuen sarea errekatik arrankariak

bakandu zirenean. Nork jezten ditu behiak

harrezkero.


                         III.

Entzun al zuen inork idietako batek

besteari belarrira esan ziona. Gerran

desagertutakorik ba al zeukan inork

familian. Gorde al zuen inork ogi sikurik

akerrarentzat.


                          IV.

Zer zen domeketako arropak eroatea.

Nortzuek eroaten zituzten. Nortzuek ez.

Zeri buruz ari ziren mahai-bueltako andrak

argazkilariak eten zituenean. Eta gizonek,

zertaz egiten zuten berba bazkalosteetan.

Zein hizkuntzatan. Zelako prosodiarekin.

Ze ordutan ailegatu zen abadea. Ze

ordutan alde egin zuen. Nork ateratzen

zuen nor dantzara. Nork ez. Nor ez.

Emakumezkoz janzten ziren denak al ziren

emakumeak. Gizonak al ziren gizonezkoz

janzten ziren guztiak. Zergatik gorde ziren

neskatoak artotzan. Zergatik neskatoak.

Zergatik artotzan.


                          V.

Batu al zituen inork izarak sokatik. Buruko

gaitzik ba al zeukan inork, biriketakorik,

hezurretakorik. Aurkitu al zuen inork

ogerlekorik belar-metaren oinean.


                          VI.

Non dira umeak. Zenbat zigortu dituzte

eskolan, zenbat dabiltza itaurrean, zenbat

txakur-kumeekin olgetan. Zelaian etzan

direnean, nork egin dio atximurka nori.

Nork daki erdaraz. Nork daki igerian. Nork

daki mozolo-ulua imitatzen. Asto gainean

datorren mutikoak nori ostu du zigarroa.

Nori jausi zaio hagin bat esne-zopatara.


                          VII.

Zelan fosilizatzen da mundualdi bat. Noiz

estaltzen du lur-hautsak, noiz betetzen

zaizkio uda-egunak mineralez, noiz egiten

da gelditasuna. Nekazariak noiz konturatu

dira sekula ez diotela laian egiteari utziko,

umeek noiz hartu dute gehiago haziko

ez direlako kontzientzia, andra zaharrak

noiztik ari dira argazkien bestaldean

gaudenok ikusten.


                            - MIREN AMURIZA -