ANZOLA:
ROBERT CAPA EUSKALDUNA

MARTXOAK 27 - MAIATZAK 30


Exposición Museo de Arte e Historia de Durango - JOSÉ MARÍA ANZOLA


Durangoren kontrako bonbardaketa faxistak egin zirenetik 84 urte pasatu ostean, bazen garaia 1937ko martxoaren 31ko eta hurrengo egunetako aireko erasoen argazkiak atera zituen errepublikazaleari aurpegia jartzeko. Orain arte bere argazkiak ikusi ditugunean, elkarteen edo artxiboen izenak agertu izan dira sinatzailetzat.

Gaur, argazkion egilea ezagutaraztera gatoz, Mauro Saravia argazkilariaren eta Iban Gorriti kazetariaren lanari esker. José María Anzola bilbotarrari buruz ari gara, Otxandiano batailoiko gudaria, Malato batailoiko gudarien komandantea, eta inteligentzia amerikarrerako espia Bigarren Mundu Gerran zehar.

Bando errepublikazale euskalduneko argazkilari bakanetako bat izan zen Anzola –Antzola izenez sinatzen zuena-. Argazkilari gehienak etsaiak ziren, eta beren komunikabideetan iruzur egiteko ateratzen zituzten argazkiak.


Erakusketa honek beste ikuspegi bat dakarkigu. Lehen aldiz egongo dira ikusgai Durangon 1937an egin ziren eta egileak berak Caracasen erbesteratuta egon zenean errebelatu zituen argazkiak, Euzko Deian argitaratutakoak. 84 urte geroago, Durangora itzuli dira, zikloa itxiz, eta, nolabait, omenaldia eginez, lehen aldiz, bai José María Anzolari eta bere familiari, lagin hau uztearren eta baita Iñaki Anasagastiri, utzi digun materialengatik.


ANZOLAREN BIOGRAFIA


Iban Gorritik Deian argitaratutako testua
Erakusketa - Durangoko Arte eta Historia Museoa - ANZOLA: ROBERT CAPA EUSKALDUNA - 1937ko bonbardaketan ateratako argazkiak. Andramari Kalea.

Euzko Gudarosteak bere Robert Capa propioa izan zuen, XX. mendeko historia grafikoaren lekuko erabakigarria. Pertsonai klasiko honek eta bere lankide David Seymour Chimek lurralde euskaldunetan fronteko lehen lerroak dokumentatu zituzten bezala, José Mari Anzolak bere Leica kamerarekin atera zituen aire zabaleko mezen, Saseta komandantearen, zibilen barne-migrazioaren eta beste hainbat gertaera esanguratsuen argazkiak. Gaur egun ezezaguna zaigun ondare horren zati handi bat Gudari aldizkarian argitaratu zen, Antzola sinadurapean.

Argazki horien balioa bistakoa da hainbat argazkilarientzat, esaterako Mauro Saravia bilbotarrarentzat, dokumentu-ekarpen honen esangura nabarmentzen baitu. "Denboran zehar sortutako dokumentazio fotografikoa da Antzolak utzi digun ondarea garrantzitsu bihurtzen duena. Robert Capa Euskadira etorri izan ez balitz, Antzolarenak izango ziratekeen fronte euskaldunaren argazkirik erreferentzialenak. Bere argazkiak aztertzen ibili naiz, eta gehienetan, konposizio-arauak betetzen dira, ziur aski garai hartako piktoralismoaren ondorioz”, azpimarratzen du.

Anzolaren semeak eskertzen du konparazioa. "Ez dakit mundu guztiak ezagutzen ote duen Capa, baina eskertzen dut eta ondo iruditzen zait. Aitak ere ez dakit Capa nor zen jakingo zuen, ez baitzuen horri buruz hitz egiten", dio Ikerrek, irribarretsu. Baionan jaio eta Caracasen bere gurasoekin batera bizi ondoren, hirugarren erbestea du, orain, Donostian, “hango egoeragatik”. "Nire aitak Leica markako kamera txiki bat erabiltzen zuen, poltsikokoa. Oraindik ere gordeta daukat bere estutxe txikian. Gerraren ostean, Caracasen eduki zuen", zehazten du.

Anzolaren ondarea Bilboko Sabino Arana Fundazioari ematea erabaki zuen familiak. "Beste argazki batzuen artean, Durangoren eta Gernikaren aurka egindako bonbardaketen argazki argitaratu gabeak daude. Leku horiek nola geratu ziren argazkietan jasotzeko eginkizuna eman zioten aitari”. Halako aginduei esker, gaur egun badakigu nola janzten ziren gudariak, milizianoak, brigadistak, nolakoa zen atzeguardia... Izan ere, bando errepublikazale euskalduneko argazkilari banaketako bat izan zen Anzola. Argazkilari gehienak etsaiak ziren, eta beren komunikabideen bidez iruzur egiteko ateratzen zituzten argazkiak.

"Nire aita autodidakta zen. Bilboko Artekalen, bere jaiolekuan, argazki denda bat zabaltzea izan zen bere ametsa", kontatzen du. Kale hartan jaio zen, izan ere, 1909an, Larrabetzuko Casildaren eta Algortako Inocencioren seme bakarra.

Gaztea zela, mendigoizale hau Euzko Gaztedin ibili zen, eta Aldatz-Gora mendi taldea sortu zuen, beste batzuekin batera. Urte batzuk geroago, gudaria izango zen Otxandiano eta Malato batailoietan, azken horretan komandante maila lortuz. Eta, aurrerago, artean Iparraldean erbesteratuta zegoela, Bigarren Mundu Gerran zehar, Eusko Jaurlaritzak inteligentzia-lanak eskatu zizkion Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzuentzat. Hala, Anzolak argitara eman zuen naziek “Baiona eta Hendaia artean zuten komunikazio-sistema. Ez dakigu Comète Sareko kidea izan zen. Izan ere, ez nire aitak ez bere senide Nik kartelgile ospetsuak ez zuten tutik esaten horren inguruan. Amari esker eduki ahal izan nuen aitak egindakoaren berri", azaltzen du Ikerrek.

Joseba Butrónek azterketa batean berariaz ikertzen du Anzolak gerran zehar izan zuen ibilbidea. Bere borrokak Belaustegi eta Akarregin kokatu zituen, Markinan. Ondoren, Intxortako erresistentzian, Elgetan. Eta, handik Gorbeiara eta Malmasin ingurura.

Hantxe aurkitu zuen bere lehen komandantea: Koldo de Larrañaga. Buruan tiro bat jasota hil zen azken hori, eta Jose Marik jaurtigai baten kolpea hartu zuen bizkarrean, "bizkarrezurretik pare bat zentimetrora orbain handi bat utzi ziona". Halaxe kontatzen zuen Anzolak berak: "Gogoratzen dudan bakarra da leherketa izugarri baten ostean hegan irten nintzela, hesien gainetik. Ondoren, konortea berreskuratu nuen, injekzio bat jartzen ari zitzaizkidanean; Basurtuko Ospitaleko larrialdietako geletako batean nengoen, Bilbon”. Eta hiriburuaren gainean egin zen bonbardaketak iratzarri zuen. "Minaren erdian, sendaketa tenplu zaharreko leihoen dardara entzun nuen", zehaztu zuen. Karrantzara eta Valdecillara eraman zuten. Gero, itsasontzi ingeles batean Frantziara irten zen.

Uztaritzen finkatu zen. Baina Bigarren Mundu Gerrak gero eta gehiago estutzen zuen. José Mari, Ameriketako Estatu Batuentzat lanean ari zen bitartean, María Inés Gainzarainekin ezkondu zen, Bizkaiko Aurrezki Kutxako zuzendariaren alabarekin. Bi seme-alaba izan zituzten, Lapurdin: Iker Mikel, Baionan, eta Miren Zuriñe, Biarritzen.

Eusko Jaurlaritza familia honentzako ostatua bilatzen ari zela Medellinen (Kolonbian), familiak nahiago izan zuen bigarren erbestea Venezuelan egin, familia baitzeukan han. "Nire aitak bi lan zituen aldi berean: batetik, kontablea zen Heinekenen, Caracasen, eta, bestetik, Tea Finger xanpainaren ordezkaria".

Gizon honek badu beste berezitasun bat ere, Gudari aldizkarian sinatzen zuen Antzola izenaren atzean. "NANean gure abizena Anzola da, mende batzuk aurrerago Ansola izan zena. XVI. mendeko gure senide bat Tuiko apezpikua eta Frantziskotarren kardinala izan zen”, kontatzen du Ikerrek. Kroniken arabera, Felipe II.a erregearen aitorlea zen, eta Vatikanora joateko hots egin zioten, Aita Santu bat izendatzeko ekitaldira. "Aitak bere umore berezi harekin esan ohi zigun senide hura Erromarako bidean hil izan ez balitz, Aita Santu euskaldun bat izango genukeela".


Erakusketa - Durangoko Arte eta Historia Museoa - ANZOLA: ROBERT CAPA EUSKALDUNA - 1937ko bonbardaketan ateratako argazkiak. Uribarriko Santa Maria basilikako elizpea.
Erakusketa - Durangoko Arte eta Historia Museoa - ANZOLA: ROBERT CAPA EUSKALDUNA - 1937ko bonbardaketan ateratako argazkiak.

EKINTZAK

Erakusketaz gain, hainbat ekintza ere antolatuko dira

Laguntzailea: