Historia Tailerrak



Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleentzat pentsaturiko tailerrak. Historiaurrea eta Erdi Aroa landuko dira museoari bisita bat egin eta gero. Ikasleen mailara egokitutako eduki eta ekintzak egingo dira. Izena emateko idatzi museo@durango.eus helbidera. Ekintzak dohakoak dira.



HISTORIAURRE TAILERRA

Historiaurre tailerra - Durango Museoa

Historiaurrean erakargarriena labarretako artea izaten da gehienbat. Arte mota hau oso interesgarria eta baliogarria egiten zaigu, zeren eta honi esker garai hartako ohiturak, fauna, eta eguneroko praktikak aztertzeko aukera izan dugu. Faunarekin lotuta, margolan hauei esker erraz ezagutu ahal izan genituen gure inguruan bizi izan ziren animaliak, beraz informazio baliagarria ematen digute eguneroko bizitzaren inguruan. Nahiz eta Durangaldean marrazki gutxi agertu diren, baditugu eredu garbiak gure lurraldean (Askondon edota Bolinkoban, adibidez). Beraz, tailer honetan margo hauek ezagutzea eta zelan lantzen ziren ulertzea izango da helburu nagusia.

Hasteko, azalpen txiki bat egingo dugu Historiaurre eta garaiko artearen inguruan. Horretarako labarretako artearen inguruko argazki eta eredu batzuk ikusiko ditugu ikasleek zer landuko duten ikusteko. Honekin lotuta, argazki bakoitzarekin hauek zelan egiten zituzten azalduko dugu (eskuekin, ikatzarekin, hautsekin,...). Azalpen honen ostean gure tailerrari ekingo diogu.

Gure tailerrean proiektore baten bidez kobazulo bateko marrazki bat jarriko dugu eta ikasleek hau berregin beharko dute banatuko ditugun orrietan. Hau egiteko garai hartako teknika eraili beharko dute, ikatza edo eskuak erabiliz adibidez. Honela labarretako artea ulertu errekreatuko dute, bere garrantzia azpimarratuz.


Tailer honek ordu bete iraungo du, eta LH.1ko ikasleei bideratuta dago.

Helburuak:

  • Historiaurreko artearen garrantzia ulertu

  • Inguruko aztarnategietan aurkitutako marrazkiak baloratu eta gure inguruari buruz gehiago ikasi

  • Labarretako artea gure garaira ekarri, arte hori errekreatu

Teknika ezberdinak landuz, labarretako artearen teknikak ezagutu

Historiari eskainitako espazioa - Durango Museoa


ERDI AROKO TAILERRA

Oso ohikoak dira Erdi Aroko filmak, telesailak, liburuak … baina ba al badakigu zelan bizi ziren garai horretan? Ia Durangaldeko herri guztien sorrera garai honetakoa da (Durango, Elorrio, Otxandio, Iurreta … ), baina ba al dakigu zelan eratzen zen gure herrietako gizartea? Tailer honen bitartez Erdi Aroko eguneroko bizitza aztertuko dugu Yinkana baten bidez. Honela gure herria sortu zen garaiko gizartea ulertzen lagunduko digu, ikuspuntu dinamiko baten bitartez, talde lana oinarri delarik. Lehenik eta behin azalpen txiki bat egingo dugu Erdi Aroko Durango maketaren inguruan. Honetan estamentu gizartea, gremioak eta Erdi Aroko etxeak azalduko ditugu modu argi eta ulergarri baten, beti ere Durangoko maketaren inguruan. Gauzak argi daudenean talde txikiak egin eta gure Yinkanari ekingo diogu.

Historiari eskainitako espazioa - Durango Museoa

Yinkana bost zatitan banatu dugu, eta posta bakoitza Erdi Aroko arlo batekin lotura izango du:

  1. Kutxa Itsua: lau kutxa izango ditugu honetan eta bakoitzean elementu bat sartuko dugu, adibidez, iltze bat, zapata bat, oihal bat … Talde bakoitzak eskua sartu behar du bertan eta zer den asmatu. Pareta baten gremio bakoitzaren izena idatzita egongo da, eta taldekide guztiak ados daudenean, kutxa bakoitzaren zenbakia gremio bati lotu beharko diote, zenbakia gremioaren izenaren azpian jarriz.

  2. Estamentuen hirukia: Hiruki bat izango dugu pareta batean jarrita, eta lurrean hainbat izen, figura eta definizio izango ditugu (belkro bat atzeko partean dutelarik). Taldekideak estamentuen hirukia bete beharko dute, izenak, figurak eta definizioak jarriz.

  3. Erdi Aroko Etxea: fitxa bat banatuko zaie taldekide bakoitzari. Bertan Erdi Aroko etxe bat izango dute eta etxearen zatiak identifikatzen saiatu behar dira. Etxearen azpian hainbat hitz edukiko dituzte, eta hitz bakoitza behar den laukitxoan jarri beharko dute etxearen atal bakoitza identifikatzeko

  4. Zaldunen armarriak: kasu honetan taldekide guztiak nobleak izango dira. Noble familia bakoitzak bere armarria izan behar du, beraz, taldekide bakoitzak bere etxeko armarria sortu beharko du. Armarri baten txantiloi bat banatuko da taldekide bakoitzari haien armarria sortzeko

  5. Asmakizunen jokoa: azkeneko honetan asmakizunetara jolastuko dugu. Horretarako galdera eta asmakizun sorta bat izango dugu. Galdera bat plazaratuko da, taldea batu egingo da eta bozeramaile batek erantzuna eman beharko du.

Erdi Aroko Durangoko eredua - Durango Museoa

Tailer honek ordu beteko iraupena izango du eta LH2ko ikasleentzako dago prestatua.

Helburuak:

  • Erdi Aroko gizartea ulertu, Durangotik hasita

  • Erdi Aroko arlo guztiak jorratu: estamentuak, gremioak, nobleak, etxebizitzak,...

  • Jolasen bidez guztiok ikasi

  • Talde lana bultzatu taldekide guztiak ikasteko