UDA KULTURAZ BLAI

UZTAILA - ABUZTUA


Aurtengo uda ezberdina izango dela dakigun arren, Durangon kulturaren aldeko apustu sendoa egingo du Durangoko Udalak. Izan ere, uztail hasieratik irailaren hasiera arte, ‘Uda Kulturaz Blai’ programazioa aurkeztu berri du herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Guztira, arte eszenikoetako (musika, dantza, antzerkia,...) 38 emanaldi eta kulturarekin lotutako 59 ekimen burutuko dira aurtengo udaldian.

Durangoko Arte eta Historia Museoak hainbat ekintza antolatu ditu, adin guztietako publikoarentzat: bisita gidatuak helduentzat eta tailerrak etxeko txikientzat.


BISITA GIDATUAK: DURANGO, AZTARNATEGI ARKEOLOGIKO BAT


DURANGO, AZTARNATEGI ARKEOLOGIKO BAT

Helduentzako bisita gidatuak 15 pertsonako taldeak gehienez. Derrigorrezkoa izango da bisita osoan zehar maskara erabiltzea.


Hasiera eta amaiera Durangoko Arte eta Historian izango da, baina tartean Durangoko alde zaharretik egingo da bisita.

Durango aztarnategi handi bat bezala kontsideratu dezakegu. 90. hamarkadatik gaur egunera arte, Durangoko alde zaharrean 45 aztarnategi arkeologiko egin dira. Hauei esker, Durangoko historia hobeto ulertu ahal izan dugu.

BISITA GIDATUAK: DURANGO, AZTARNATEGI ARKEOLOGIKO BAT

UZTAILA | Asteartea 7 eta 21 (euskaraz) | Asteartea 14 eta 28 (gaztelaniaz) | 18:00-20:00

ABUZTUA | Asteartea 4 eta 18 (euskaraz) | Asteartea 11 eta 25 (gaztelaniaz) | 12:00-14:00

Izen ematea: 94 603 00 20 edo museoa@durango.eus



SORMEN TAILERRAK UMEENTZAKO

Arte eta Historia Museoak antolatuta

SORMEN TAILERRAK UMEENTZAKO

4-8 URTE

Artea zure oinetara

11:00etatik 12:00etara Ostegunero

Oinekin artelan abstraktu bat egingo dute.

Hirugarren solairuko euskal arte garaikideko aretoan arte figuratiboa eta abstraktua zer diren azalduko zaie. Ohituak gaude arte figuratiboa ikustera baina txikitatik sortzen dugun artea abstraktua da, beraz, umeen sortze prozesua errespetatuz, arte abstraktua egingo dute baina ohiko “lan tresnak” erabili gabe. Oraingoan oinekin pintatu beharko dute. Horretarako Benita Uribarrena parkeko plazatxoan batuko gara eta oinak plastikoarekin tapatuz, koadroaren gainean margotu beharko dute, pintzelen ordez oinak erabilita. Kolore primarioak erabiliko ditugu, eta beraz, nahastearen bitartez, koloreak nola sortzen diren ere ikasiko dute.

6-10 URTE

Balerdiren lorategia

11:00etatik12:00etara Asteazkenero

Balerdiren margo lana interpretatuko dute parkean bertan topatuko dituzten elementu naturalekin.

Rafael Ruiz Balerdi (Donostia 1934 – Altea 1992) euskal arte garaikideko erreferente artistikoa da. Bere ibilbide artistikoan beste korronte batzuk erabili bazituen ere, arte abstraktua da bere ezaugarririk nagusiena. Irudi abstraktuak sortzeko, naturan oinarritzen zen. Hori dela eta, tailer honen bitartez naturaren eta artearen arteko konexioa erakutsi nahi diegu etxeko txikiei. Parkean dauden natura-elementuak batu beharko dituzte eta gero Museoan dugun Balerdiren koadroan oinarrituta, koadro abstraktu bat sortu beharko dute. Pinturaren ordez natura-elementuak erabiliko dituzte koadro abstraktu bat egiteko.


. . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . . .


Ordu beteko tailerrak izango dira.

Gehienez 10eko taldeak izango dira.

Erabilitako materiala ume bakarrarentzako izango da. Ez da materiala konpartituko.

Tailerrak Museoko lorategian izango dira eta eguraldi txarrarekin Museoaren barruan.

Ekintza guztietan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa izango da 94 603 00 20 telefono zenbakira deituta edo museoa@durango.eus helbidera idatzita.