MUSEOA


Museoaren historia

Durangoko Arte eta Historia Museoa Etxezarreta jauregian dago. Eraikin hau Durangoko Udalak erosi zuen 1984an, eta 1986an museoaren ateak ireki ziren Leopoldo Zugazaren zuzendaritzapean.

Hasiera batean, museoak euskal arte garaikidearen bilduma bat zuen (lanak museoko bildumako parte dira, Ezkurdiko Kultura Aretoetan Zugazak antolatutako erakusketei esker erositakoak), herriko historia eta etnografia bilduma, liburutegia eta artxibo historikoa.

1995an liburutegia Garai Jauregira lekualdatu zen eta, horren ordez, aldi baterako erakusketen aretoa jarri zen, eta aurretik Ezkurdiko Kultura Aretoetan egiten ziren erakusketak bertan atontzen hasi ziren.

Eraikinaren segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko 2018an egindako lanen ondoren, museoak bilduma eta banaketa berritu zituen. Hirugarren solairuan, euskal arte garaikidearen bilduma dago, Zumeta, Balerdi, Herrero eta Zubiaurre artisten lanekin, besteak beste. Herriko historiaren aretoa lehen solairuan dago. Bertan, hiribilduaren historia ikus daiteke historiaurretik gaur egunera arte. Beheko solairuan eta bigarren solairuan aldi baterako erakusketa-aretoak daude. Gai artistikoak nahiz historikoak izan daitezke, tokiko izaera alde batera utzi gabe. Azken urteotan Picasso, Chillida, Dalí eta Dürerren erakusketak nabarmendu dira.

Museoak hezkuntzaren eta zabalkundearen aldeko apustua egiten du, eta, horregatik, doako eta publiko guztiarentzako tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta abar eskaintzen ditu urte osoan zehar. Era horretan, kultura herritar guztiei transmititzen zaiela bermatzen da.


Etxezarreta Jauregia

Antzina batean, Urkiolatik behera zetorren galtzada Pinondo-Santa Ana ingurutik sartzen zen hirigunean, eta, Zabala ingurua (gaur egun, San Agustinalde) hiribilduaren barrenean zegoen kokatuta. XVII. mendearen erdialdean San Agustin komentua eraiki zenean, inguru hau indarberritu egin zen. Durangoko alde zaharrak garrantzia galdu izanaren arrazoiak hauek dira: batetik, uriak gero eta protagonismoa gutxiago zeukan merkataritza zein artisautza alorretan eta, bestetik, Urkiolarako bide berriak kalte handiak ekarri zizkion. Etxezarreta Jauregia (1782-1787), San Agustinalden kokatua, XVI. mendean zehar garaturiko zabaluneen arrakastaren testigantza paregabea da.

Jauregi hau Jose Joaquin de Echezarretak egin zuen XVIII. mendearen erdialdean. Aurrealdearen apaindura ugariek rokoko estiloa dakarkigute gogora. Hala ere, gertuago dago jauregi barrokoen itxuratik: oinarri karratua, bolumen kubikoa, aurrealdearen antolaketa simetrikoa eta orekatua, eraikuntza-materialen erabilpen hierarkizatua, jauregiaren aurrealdea gainerako hormei gailentzea, “loggia” hegoaldera zuzenduta egotea, jardina, e.a.

Etxezarreta Jauregia Durango Udalak erosi zuen 1984. urtean, eta orain Durangoko Arte eta Historia Museoaren egoitza da. Jauregia eraberritu eta egitasmoa bideratzeko ardura udaleko arkitekto izan zen Federico Arruti jaunak hartu zuen. Museoa 1984. urtean eratu zen eta 1986ko ekainaren 13an zabaldu zituen ateak.