<<  

Maitane Azurmendi

DURANGALDEKO EMAKUMEEN ERRETRATUAK

MARTXOAK 01 - MAITZAK 05



Erakusketa honetan durangaldeko emakumeen 15 biografia biltzen dira. Durangoko Wikiemakumeok taldeko editoreek egiten duten lanari esker berreskuratu eta ezagutzera eman diren biografiak. Talde honen helburua Wikipedian emakumeen eta gizonen biografien arteko oreka lortzea da, mundu digitalean berdintasun handiagoa lortzeko bide gisa.

Ibilbide horretan, ezinbestekoa da Maitane Azurmendi artistaren lana, emakume horien erretratuak egiten baititu protagonista horiei aurpegia jarriz.

Erakusketa honen bidez, Azurmendiren eta Durangoko Wikiemakumeok taldearen lana ezagutarazi nahi da, denbora luzeegian ahaztuta egon diren emakume asko ezagutzeko aukera ematen baitigute.

Maitane Azurmendi

·  ·  ·  ·  ·

Gurutzi Arregi Azpeitia

(Lemoa, 1936 – Amorebieta, 2020)

Etnografoa izan zen. Etniker eta Labayru erakundeetan lan egin zuen eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoa koordinatu zuen.

2020an Durangoko udalak adopziozko alaba izendatu zuen.

Begoña Ereñaga Onaindia

(Durango, 1927- 2015)

Erraketista profesionala izan zen. Katalunian, Sabadellgo frontoian jokatu zuen zenbait urtez. Umetan, erbestea eta gerraoste gogorra ezagutu zituen.

Gloria Zubia Erdoiza

(Durango, 1906 – Alacant, 1987)

Abertzalea eta euskaltzalea izan zen. EAJko militantea eta hizlaria. Gerra Zibilaren garaian erantzukizun handiak izan zituen. 1937an Lapurdin erbesteratu behar izan zuen, eta handik itzultzean, 1941ean, Iruñera desterratu zuten 5 urterako.

Rosa Mari Artza Azueta

(Iurreta, 1946 - Bilbo, 2001)

Euskaltzalea eta ekintzailea izan zen. Herri Gaztedi mugimenduaren liberatua. 1970ean Euskaltzaindian hasi zen idazkari lanetan eta 1977tik aurrera erakundearen liburuen banaketa eta salmentaren ardura bere gain izan zuen.

Martina Ibaibarriaga Elorriaga

(Berriz, 1788 - Oña, Burgos, 1849)

Militarra izan zen. 1808ko abuztuaren 16an frantziar armada Bizkaiko hiriburuan sartu eta aita eta neba hil zizkioten. Mendekua zin egin eta, nebaren jantziak jarrita, izena eman zuen napoleondar tropen aurka borrokatzeko. Teniente Koroneltsa gradura iritsi zen.

Miren Maortua Garitazelaia

(Zaldibar, 1916 – 1971)

Euskal idazlea eta irakaslea izan zen. Gerra Zibilaren osteko diktadura sasoian, Etxe-eskola sortu zuen euskaraz irakasteko. Zaldibarko udalak herriko kale bati Miren Maortua izena jarri zion.

Elvira Iñurrieta Azkarraga

(Bartzelona, 1895 - Elorrio, 1980)

Emagina izan zen. Elorrion 2400 ume baino gehiagori lagundu zien jaiotzen. 

Elorrioko kale batek Elbira Iñurrieta izena du. Elorrion emakume-izena duen lehenengo kalea.

Pilar Zubiaurre Agirrezabal "Landabarrenako Damia"

(Garai, 1884 - Mexiko Hiria, 1970)

Idazlea, feminista eta piano jotzailea izan zen, Mexikoko erbestean hila.  Madrilgo Lyceum Club Femenino elkarteko partaidea izan zen.  Federico García Lorcak "Poema del cante jondo" liburuan poema bat eskaini zion.

Victoria Mallabiabarrena Sarasketa  “Gallegosie”

(Mallabia, 1867 - 1960)

Soprano lirikoa, Madril eta Kubako eszenatokietan abestu zuen. Gaztea zela, Berrizko Mesedeetako moja-komentuan erlijiorako bidea hartu zuen, baina lotura hori bere gustukoa izan ez eta, hogeitabi urterekin, Madril aldera abiatzeko ausardia izan zuen.

Luz Zalduegi Gabilondo

(Mallabia, 1914 - Madril, 2003)

Albaitaria izan zen. Albaitaritza ikasketak amaitu zituen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen. Estatu mailako hirugarrena. Maila goreneko kargu eta izendapen esanguratsu ugari izan zituen bizitzan zehar.

Rosario Zubizarreta Txurruka

(Ermua, 1918 – Segovia, 2002)

Erraketista profesionala izan zen, Ermua I goitizenarekin jokatu zuen Salamanca eta Madrilgo frontoietan. Jokatzen ari zela belaunean eraso egin, meniskoa apurtu eta erraketari agur esan behar izan zion.

Errose Bustintza Ozerin

(Mañaria, 1899 - 1953)

Euskal idazlea, kazetaria eta etnografoa izan zen. Eusko abertzale sutsua, Emakume Abertzale Batzako kidea eta euskaltzalea, umore fin eta sarkor baten jabea.

Luzia Urigoitia Ajuria "Lutxi"

(Otxandio, 1959 - Pasaia, 1987)

ETAkidea izan zen, Guardia Zibilak hila. Idazkaritzako ikasketak egin zituen. 1980ko hamarkadaren hasieran zenbait alditan joan zen Nikaraguara, brigadistatzat, hango iraultzarekiko konpromisoa hartuta. 1985ean, Iparraldera ihes egin zuen.

Oihana Azkorbebeitia Urizar

(Abadiño, 1981)

Mendi lasterkaria da eta Euskal Selekzioko kidea 2006tik. Albaitaria da ogibidez. "Mendiaren altzoan" liburuaren egilea. Anboto astekariko zutabegilea.

Rosa Elizburu Oianguren

(Arrasate, 1958)

Irakasle ohia, zuzendari eta pedagogia arduraduna ere izandakoa. Atxondoko emakumezko lehen alkatea. Gaur egun Kolonbiako Nasa indigena komunitatearekin dihardu lanean.

__________________________