Itsaso eta portuetako delinkuentzia historian zehar; horixe izango da Durangoko Krimenaren Historia Zentroko Nazioarteko XX. Mahai-inguruan landuko dugun gaia. Gizakiak itsasoan murgildu zirenetik, itsasoko segurtasuna mehatxatuta egon da, besteak beste piraten ekintzen ondorioz. Indarkeria horren lekuko izan ziren, era berezian, salgaiak garraiatzen zituzten ontziak. Izan ere, batetik, interes partikularrak zeuden ontzietako etekinak hartu eta horien kontura aberasteko eta, bestetik, interes politikoak, elkarren aurka zeuden gobernuek batak bestearen ekonomia kaltetzeko. Ekonomia piratikoan espezializatutako gizarteak ere egon izan dira, esaterako eskandinaviarra. Bertako biztanleak bikingo bihurtzen ziren kostalde europar atlantiko eta mediterraneoan zehar lapurretak eta harrapaketak egiteko. Beste kasu batzuetan, kostaldeko komunitate txikiak ziren itsaso nahasiko gauetan ontziak harkaitzetara eroaten zituztenak, itsasargi faltsuen bidez, itsasontziak bertan hondoratu eta horietan garraiatutako salgaiak hartzeko. Jarduera horien eta beste batzuen oihartzunak gaurdaino iritsi zaizkigu eta neurri handi batean errealitateetan oinarritzen dira. Gainera, lagungarri izan dira artean eta literaturan islatuta ageri zaigun iruditeria eraikitzeko.
Ibilbide batzuek gatazka handiak sortu dituzte, besteak beste Amerikako ibilbideak, XVI. eta XVIII. mendeetan, urrez eta zilarrez betetako itsasontziak erasotzean. Francis Drake, Henry Morgan edo Barbanegra bezalako piratak protagonista dituen garai eta ibilbide hura inspirazio-iturri izango zen, gerora, Robert Louis Stevenson bezalako egileentzat La isla del tesoro (1883) lan ospetsua idazteko eta Piratas del Caribe izenburuko frankizia zinematografiko txalotuaren sortzaileentzat. Argelen oinarritutako pirateria berbereak ere buru-hauste handiak eragin zizkien Mediterraneoko potentziei, Miguel de Cervantes izanik beren gatibu ospetsuenetakoa. Munduaren beste aldean, Txinako itsaslapurrek berebiziko sona izan zuten. Bertan, emakumezko protagonista bat ere izan zen: Ching Shinh (1775-1844). Emakume horrengan inspiratu zen José Luis Borges “La viuda Ching” izenburuko ipuin pirata idazteko, Historia Universal de la infamia (1935) izeneko liburuan.
Hala ere, pirateria ez da garraiatutako salgaietara mugatu; aitzitik, pertsonak ere izan ditu xede, hainbat izan baitira bahitutakoak, erreskate bat lortzeko edo xede politiko bat erdiesteko asmoz. Horren adibide, 1985ean Palestinaren Liberaziorako Erakundeko kideek Achille Lauro itsasontzi italiarra hartu eta bere tripulazio eta bidaiariak bahitu zituzten. Egungo lekukotzek ere kostaldeetako arriskuen gaineko memoria elikatzen dute, Madagaskar edo Etiopia Adarreko kostaldeak horren lekuko.
Baina itsasoko delinkuentzia eta segurtasunik eza ez dira itsaslapurren mundura mugatzen, askoz gehiago baitira justiziaren aurka egindako egintzak, besteak beste arma eta drogen trafikoa, pertsonen salerosketa, kontrabandoa edo legez kanpoko arrantza. Horiek guztiak portuetako kokalekuetatik bideratzen dira neurri handi batean. Historian zehar, debekatutako era guztietako “salgaiak” ezkutuan garraiatzen zituzten ontzien edo muga-zergak ordaintzeko betebeharra izan arren iruzur egin nahi zuten barkuen lekuko izan dira portuak.
Portu handietan, ur gaineko biztanle ugari batzen zen, kasu askotan legez kanpoko jarduerak egiteko. Hori dela eta, giroa ez zen segurua izaten. Garraiolari, zamaketari, marinel, arrantzale eta bestelakoen kontzentrazio handiak ere, legezko jardueretan aritu arren, gatazka ugari sortzen zituen; zalaparta hutsetatik hasi eta lapurreta eta erailketetaraino. Jendetza horren ondorioz, tabernak, burdelak, mesoiak... egoten ziren portu inguruan, zeintzuetan sarri egoten baitziren alkoholaren edo jokoaren ziozko liskarrak. Horrez gain, sistemaren ertzetan bizirauteko ahalegina egiten zutenak ere hurreratzen ziren portuetara, esate baterako aldiritako prostitutak, era guztietako bazterreko jendea, edo itsasontzietan onartzen ez zituzten elbarri eta zaharrak.
Eszenatoki horiek ziren, beraz, gizarteratzeko moduak garatzeko eta askotariko delitu-jarduerak antolatzeko ekosistemak. Hala, iruditeria historikoak elikatu izan dituzte, baina oso benetakoa den erroa izanik, Historiako gizarte desberdinetatik hasi eta gaur egun arte. Portuko biztanleek segurtasunik gabeko eta delinkuentziazko egoerak pairatzen zituzten eta, ondorioz, agintariek kontrol-mekanismoak ezarri behar izaten zituzten: polizia-kontrolak, aduanak... Kontrol hori pertsonekiko ez ezik, portu-azpiegiturarekiko ere egin behar zen.
Kaietatik kanpoko legez kanpoko ekintzak jazartzeko, armadak eta nazioarteko zuzenbideko arauak ezarri ziren (azken horiek estatuen eta auzitegien arteko harreman juridikoak arautzeko). Nazioek itsas armadak eratzen zituzten itsasoko delinkuentziari aurre egiteko, batez ere pirateriari. Horretarako, itsasontziak eraikitzeko eta ondoren horietan ontziratzeko eskatzen zieten kostaldeko biztanleei. Itsasoak patruilatzen zituzten, merkataritzako ontziak babesten zituzten, eta piraten ekintzei erantzuten zieten.
Zuzenbideko arauetan, aipatzekoak dira Mendebaldeko Europako lehen itsas legetzat jotzen direnak: Olerongo arauak. XIX. mendea itsas zuzenbide tradizionalaren eta nazioarteko itsas legeak bateratzen hasteko unearen arteko trantsizio-garaia da. Garai hartan, garrantzitsua izan zen Nazioen Legea Erreformatu eta Kodetzeko Elkartea eratu izana, Bruselan, 1873an. Hori baino lehenago, Parisko 1856ko Adierazpenaren bidez, kortsarioen jarduera abolitu zen. Espainiaren kasuan, adibidez, pirateriaren delitua 1888ko Gerrako Itsas Armadako Zigor Kodean sartu zen.
Azkenik, auzitegiak ezarri ziren, besteak beste Itsasoko Kontsulatuak, Erdi Aroko jatorria zeukaten merkataritza eta justiziako erakundeak. Kontsulak, hain zuzen, errege-jurisdikzio eskuordetua zuten epaileak ziren. Itsasoko merkatarien eta jendearen artean sortzen ziren gatazkak ebazteko, portua defendatzeko eta piraten ohiko ibilbideak ziurtatzeko eskumena zuten, beste hainbat egitekoren artean. Espainian, esaterako, Itsasoko Kontsulatuak sortu ziren Bartzelonan, Tortosan, Valentzian, Sevillan, Burgosen, Bilbon... Horietako batzuek indarrean jarraitzen dute, adibidez Bartzelonakoa, hiriko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren menpekoa bera. Eszenatoki eta agente horiak izan dira protagonista nagusiak iraganeko gizarteek ezagutu zituzten portuetan eta gaur egun oraindik ere gure itsas ibilbideak lotzen dituzten horietan. Hala, aukera eta erronkak eskaini izan dituzte bai lotura eta garapen soziala lortzeko, bai delituak eta kriminalitate-forma zehatzak eratzeko.
Ane ABANZABALEGI andrea (Durangoko Arte eta Historia Museoko eta Astarloa Kulturgintzako presidentea)
Iñaki BAZÁN jauna (Durangoko Krimenaren Historiaren Zentroko zuzendaria)
Jesús Á. SOLÓRZANO jauna (Kantabriako Unibertsitatea)
Emilia MATAIX FERRÁNDIZ andrea (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Hayet BELHMAIED andrea (Kartagoko Unibertsitatea)
Miriam PARRA VILLAESCUSA andrea eta Juan Leonardo SOLER MILLA jauna (Alikanteko Unibertsitatea)
Michel BOCHACA jauna eta Pierre PRÉTOU jauna (Arroxelako Unibertsitatea)
*
Goizeko saioen buru Janire CASTRILLO CASADO andrea (Euskal Herriko Unibertsitatea) izango da.
· · · · · ·
Victòria A. BURGUERA PUIGSERVER andrea (Universität Ruprecht Karls Heidelberg, Alemania)
Paula MARTÍNEZ PRADA andrea (Alikanteko Unibertsitatea)
Pablo GARCÍA FUENTE jauna (Kantabriako Unibertsitatea)
Cristian Manuel RIVERO ZERPA jauna (Kantabriako Unibertsitatea)
José María MARTÍN HUMANES jauna (Sevillako Unibertsitatea)
Luis PAREJO FERNÁNDEZ jauna (Kordobako Unibertsitatea)
*
Arratsaldeko saioen buru Tomás A. MANTECÓN MOVELLÁN jauna (Kantabriako Unibertsitatea) izango da.
Olivier CAPOROSSI jauna (Paueko Unibertsitatea)
Eloy GONZÁLEZ TRUEBA jauna (Kantabriako Unibertsitatea)
Aarón SUÁREZ PÉREZ jauna (Atlantikoko Ikasketa eta Zabalkunde Zentroa, Kanariak)
Ignacio MENDIOLA jauna (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Margarita SERNA VALLEJO andrea (Kantabriako Unibertsitatea)
*
Goizeko saioen buru Pedro OLIVER OLMO jauna (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea) izango da.
Iñaki Bazán jauna (Euskal Herriko Unibertsitea)
Janire Castrillo andrea (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Tomás A. Mantecón jauna (Kantabriako Unibertsitatea)
Pedro Oliver Olmo jauna (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea)
Garazi Arrizabalaga andrea (Durangoko Arte eta Historia Museoa)
Hitzaldietara entzule gisa joan nahi duten pertsona guztiek, graduko edo graduondoko ikasleek edo gaian interesa dutenek, erretiratuek eta abarrek, sarrera libre eta doakoa izango dute. Bertaratze-ziurtagiria nahi dutenek museo@durango.eus helbidean izena eman beharko dute eta solasaldiko saio guztietara joan.
Solasaldiaren saioak aurrez aurrekoak izango dira (maskara erabiltzea gomendatzen da), eta streaming bidez ere emango dira solasaldiaren egoitzara fisikoki hurbiltzeko arazoak dituzten pertsonentzat. Egoera horretan daudenek esteka eskatu beharko dute helbide elektroniko honetan: museo@durango.eus
* Durangoko Krimenaren Historia Zentroa krimenaren historia on-line eran ikertzeko, dokumentatzeko eta hedatzeko Zentroa da, eta nazioarteko komunitate zientifiko osoari dago zabalduta.
Krimenaren Historia Zentroa lantresna eskura erraza da kriminalitatea, desbideraketa, sistema penala, aginte publikoaren moduak, delituaren tipologia, delinkuenteak, biktimak, e.a. aztertu nahi dituen ikerlariarentzat, eta guztia klabe historiko batean. Kontuan izango da bereziki erdi aroko kronologia (V-XV mendeak) eta, subsidiarioki, kronologia modernoa (XVI-XIX mendeak).
* * Kongresu hau BARMER Itsasontzitik azokara. Jarduera ekonomikoa, gizarte-harremanak eta gatazka armatuak Behe Erdi Aroko Europa Atlantikoko hiri eta portuetan (PID2020- 118105GBI00) ikerketa-proiektuaren jardueren parte da.
* * * Goiburuaren irudia:
Bilboko Arenalaren bista (1820-1823)
Luis Paret (Madrid, 1746-1799)
Bilboko Arte Ederren Museoa