<<       >>  

Jose Manuel Rozas (1944 -1983)

BERPIZKUNDEA

2023ko MARTXOAK 23 - MAIATZAK 21

Jose Manuel Rozas artistaren heriotzaren 40. urteurrena den honetan, artista handi eta ezezagun honi omenaldi eginez, bere lanen bilduma txiki bat jaso dugu.

Lehenengo urteak Bilbo, Madril eta Irun artean.

Jose Manuel Rozas Rodríguez (1944-1983) familia xume batean jaio zen, Bilbon, 1944ko azaroaren 9an. Hiru ahizparen neba txikia izan zen diktadurak jazarritako familia batean. Jazarpen horren ondorioz, hain zuzen ere, familiari etxea eta lursailak kendu zizkioten. Bizitza berregitera behartuta, Rozasek Bilbon eta Madrilen pasa zituen bere lehen urteak, familiak aurrera ateratzeko saiakera egiten zuen bitartean.

Ezer gutxi dakigu bere haurtzaroari buruz, nahiz eta garai horretan piztu zen Rozasen pinturarekiko interesa. Badakigu, hala ere, bere familiarekin batera bizitako etengabeko gorabeheretan eta etxe aldaketetan hasi zela Rozasen ibilbide piktorikoa. Hala, 1950 inguruan, "Madrilgo Pinturako Haurren Lehiaketan" parte hartu zuen eta, bertan, epaimahaiaren sarietako bat jaso zuen, Paisaia lanarekin (1950 inguruan). Genero hori bat dator hiriburuan laurogeigarren hamarkadaren amaieran nagusitzen zen espiritu artistikoarekin (artistak genero hori lantzen jarraituko zuen bere bizitza osoan zehar). Sariak, sinbolikoa izan arren, motibazioa eragin zion artista gazteari eta, beraz, hurrengo urteetan, modu autodidaktan, prestakuntza lantzen jarraitu zuen. Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Rozas gaztearen irudimena eta talentu goiztiarra deigarria iruditu zitzaizkion fededun talde bati. Hala, artista gaztea Irungo Seminarioan sartzea komeni zela iradoki zuten. 1958an sartu zen Rozas Irungo Salestarren zentroan, eta bertan pasa zituen hurrengo sei urteak, bere borondatearen aurka. Zentro hartan oinarrizko prestakuntza jaso zuen, batxilergora arte. Bertan garatu zuen, era berean, bere gaitasun sortzailea lehen aldiz. Bere interesek eta gaitasunek laster piztu zuten zentroko arduradunen arreta. Artista gazteak zuen ahalmen artistikoa ikusita, zentrorako lehen enkarguak agindu zizkioten.

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Irungo La Salle ikastetxeko ikasleak, Jose Manuel Rozas laukian. 1956  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Irungo La Salle ikastetxeko ikasleak, Jose Manuel Rozas laukian. 1956

Hartara, zentro salestarrean egon zen urte luzeetan, artista honek hainbat enkargu bete zituen, Euskal Herriko ordena horretako egoitza desberdinetarako polikromiak, elementu liturgikoen diseinuak eta taillak, besteak beste. Horien artean nabarmentzekoa da orduan Irungo seminarioko kapera zeneko aldarean dagoen gurutziltzatua (gaur egun, La Salle-eneako parrokia bihurtua). Beraz, Rozasen gaztetako ekoizpena bere seminarista bizitzarekin oso lotuta dagoela ikus dezakezu, zentroan egindako egonaldiak aukera interesgarria eman baitzion bere pinturak eta eskulturak praktikatzeko eta lantzeko.

Lehen erakusketak

Batxilergoa amaitutakoan, jakinminak bide berriak hartzera eraman zuen Rozas. 1966an, seminarista bidea uztea erabaki ostean, ezkerraldera lekualdatu zen. Bertan, lokal bat erosi zuen, hurrengo urteetan estudio moduan erabiliko zuena. Lehen aldiz, Jose Manuel Rozas lan artistikoan murgildu zen betebetean, hirugarrenen interes edo borondateak jarraitu gabe. Lehen urteetan zehar, Martín Ballesteros (1944) artistarekin batera aritu zen. Haren bitartez ezagutu zuen MariJose Abasolo Dueñas, harrezkero eta bere heriotzara arte bere kide, modelo eta konplize nekaezina izango zena. Abasolo Dueñasek efektu katalizatzailea izan zuen Rozasen lanean, bere lan artistikoaren garapena goitik behera markatu baitzuen.

1967 eta 1972 artean, Jose Manuel Rozas garapen artistiko eta pertsonal betean murgildu zen. Bere aurrerapenaren eta garapenaren lekuko dira garai hartan Bilboko Artisautza Areto Espainiarrean egin zituen hiru erakusketak (1967, 1971 eta 1972).

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Afari sakratua (1967)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Afari sakratua (1967)

Seminarioko egonaldiak arrastoa utzi zuen bere lanean, Afari sakratua (1967) bezalako adibideetan ikus daitekeen bezala. Hala ere, aurrerantzean espiritualtasun erlijiosoa ez zen bere lanetako gai nagusi izango, aurreko etapan bezala. Lan batzuetan oinordetza espiritualak presente jarraitu zuen arren, hurrengo urteetan isiltzen joan zen, harik eta desagertu zen arte. Hortaz, bestelako obrak egin zituen, besteak beste Galeria garaikidea (1970), artistaren talentu eta ironia guztia islatzen duena, garai hartako euskal gizartearen inguruko hausnarketa sakonagoak iradokitzeko.

1967ko martxoan, "Jose Manuel Rozasen olio hiperbolikoa" ospatu zen, bakarka egindako lehen erakusketa, Artisautza Areto Espainiarrean. Areto horretan 28 lan aurkeztu zituen, bere gaztaroko ekoizpenaren adierazgarri. Katalogoko lehen lana Afari sakratua (1967) izan zen, aurretik aipatu dugun bilakaeraren lekuko. Gaiari eta tratamenduari erreparatuta, Irunen pasa zituen urteen zioz Rozasen buruan oraindik ere eragin erlijiosoak eusten ziola ikus daiteke. Formatu etzanean irudikatutako eszenak mahai baten muturretako batean kokatzen du ikuslea. Mahai horretan hamaika apostolu daude jesarrita, zur eta lur begiratzen izenburuari zentzua ematen dion irudia nola aldentzen den, bizkarrez, traizioa iragarri ondoren, konposizioaren erdia okupatuz. Siena eta grisetan oinarritutako kolore errepertorio zorrotzak, mahaikideen gorputz sendoei bolumen handia ematen dietenak eta paisaia metafisiko batek zedarritzen dituenak, kontrastea egiten du Sarkoma soziala (1971) obrarekin; izan ere, lan horrekin, 1971n, berriro ere parte hartu zuen areto berean, bigarren erakusketa batean, gaia eta konposizioa erabat aldatuz.

1971n, beste erakusketa bat egin zuen Artisautza Areto Espainiarrean, honako izenburu iradokitzaile honekin: "Posible al da obra surrealista konprometitua?" Sarkoma soziala (1971) erakutsi zuen bertan, kontatu ditugun aldaketen lekuko. Obra hori hirurogeita hamarreko bere lana izango den horren adibide goiztiar bat da. Pertsona txiki-txikiak sartzen ditu, kasu honetan eremu hotz eta mortu bat inbaditzen, bi kolosoren arrastoak ikus daitezkeelarik. Paisaia izugarria da, mihisearen mugak ere gainditzen baititu. Hartara, are gehiago txikitzen dira biluzik agertzen diren pertsonaiak, makila baten laguntza hutsarekin bidea zabaltzeko ahaleginetan ari direnak eremu hotz horretan, kolosoetara iritsi arte, Eskalada (1974) lanean bezala kolosoen arrastoak koroatzeko asmoz.

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Eskalada (1974)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Eskalada (1974)

Eskalada, Sarkoma soziala edo Korapiloa (1972) dira, besteak beste, erakusketaren izenburuan aipatzen den dimentsio sozialaren lekuko. Lan horietan eta garaiko beste batzuetan, esaterako Biluziaren azterketa III eta IV (1927koa eta 1973koa, hurrenez hurren) edo Bizilekua (1974) lanetan, irudi txiki-txikiak dira protagonistak, intsektuak bailiran mihisetan zehar banatuta, bertan xehe irudikatuta dauden eguneroko objektuekin elkarrekintzan.

Pertsonaia anonimoen irudikapen antropomorfikoak dira, gehienak biluzik, ikusleari aurpegia ezkutatuz. Irudi horien bidez, egileak "subjektu zehatzik gabeko errealitate" bat sortzen du. Kasu gehienetan ahalegin handiak gauzatzen agertzen dira pertsonaiak, buru-belarri lanean, ikusleari begiratu ere egin gabe.

Mihiseetan ez ezik era guztietako obretan erabili zuenez ideia hori, zalantzan jartzen da irudi horien zentzua. Egileak beretzat gorde zuen sekretu bat da, eta ez da guztiz argitu, neurri batean Rozas zentzu bikoitzekin, definizio zabalekin eta irakurketa askotarikoekin gozatzen zuen artista bat izan zelako. Bere erakusketetan ohikoak izan ziren jendeari egindako gonbidapenak, modu aktiboan bisualki eta fisikoki zeharkatzeko bere lanak, enigmen eta esanahien bila. Lan horiek ikustean, ezin dugu ahaztu egilea interpretazio askearen defendatzaile leiala izan zela. Horregatik, bere lanetan hainbat eta hainbat baliabide erabili zituen ikuslerik zorrotzena ere harritzeko.

Aipatu ditugun kasu zehatzak aztertuta eta bere lanentzat defendatzen zuen dimentsio sozialari jarraikiz, baliabide horiek beharbada uneko (eta egungo) gizartearen printzipio, sinesmen, uste eta beharren irudikapen antropomorfikoak zirela uler daiteke, hau da, ikusleari hausnartzeko gonbidapena egiten diotenak, bere errealitate mentalaren gaineko alegiazko mundu baten bidez.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan, bere lanetan bizi ziren izaki txikiek osatzen zuten mundu fantastikoak hedatzen jarraitu zuen, miniaturazko unibertso fantastiko oso bat eratu arte. Horretarako, Rozasek papera ere erabili zuen euskarri gisa, erosoagoa, arinagoa eta ekonomikoa baitzen mihisea edo eskultura baino. Bizilekua (1977), Konposizioa (1977) eta Ernaldi unibertsala (1981) bezalako lanetan, egileak bere asmamena eta irudimena erabat zabaltzea lortu zuen kolore pastelak eta tintak erabiliz alegiazko komunitateak irudikatzeko. Hala, gizakiek, beren lanak egiten ari ez direnean, bizitzeko eta erlazionatzeko baliatzen dituzten komunitateak irudikatu zituen. Lan hauek lagungarriak dira erakusketako lan guztiei koherentzia emateko, eta, halaber, miniaturizatutako irudikapen hauei zenbait giza berezitasun ematen dizkiete. Laurogeiko hamarkadan, Bizileku soziala II (1982) edo Zubia (1982) bezalako mihiseen bidez, izaki horiei beren zentzu soziala kendu zien. Kontrara, gai bihurtu zituen, beren horretan, hirurogeita hamarreko hamarkadan zehar egiten zuen bezala, bere paper gaineko lanen bidez.

Esan bezala, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, bere lanak garatzen jarraitu zuen, gaztaroko oroitzapenak atzean utzi eta garai berri batean sartzeko. Lan berrietan, Afari sakratua lanean ez bezala, paisaia protagonismoa galtzen hasi zen, pertsonaien tamaina txikitu egin zen eta konposizioetan zehar kolore berri eta biziak agertu ziren, urteen poderioz areagotu egingo zirenak. Urdinak, moreak eta arrosak nagusitu ziren une horretatik aurrera bere konposizioetan. Orokorrean, kolore horiek bere aurreko lanetan erabilitakoez ezberdinak dira, lehen horietan giro mistiko erlijiosoa ageri baitzen, argi-ilun sakonekin. Bere konposizioak sinplifikatu egin ziren, hogeiko hamarkadako estilorik surrealistenean bezala, atzealde ia monokromatikoekin. Horien gainean, objektu xume eta xaloak agertzen ziren, zorroztasun handiz irudikatuak.

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Zubia (1982)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Zubia (1982)
Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Bizileku soziala II (1982)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Bizileku soziala II (1982)
Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Jatorrizko kopia bat (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Jatorrizko kopia bat (1981)
Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Ernaldi unibertsala (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Ernaldi unibertsala (1981)
Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Ernaldi zinematikoa (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Ernaldi zinematikoa (1981)

Garai horretako lanik enigmatikoenetako bat beharbada Galeria garaikidea (1970) da. Bertan, Rozasek konposizio deigarri bat irudikatu zuen, arteko erakusketa areto edo galeria baten barrualde angeluzuzena azalduz, beirate handi baten bidez argiztatuta. Egileak proportzio handiko eta forma sintetikoko burdinazko eskultura abangoardista handi eta konplexuak jarri zituen bertan, pertsonaia batekin protagonismoa partekatuz: Aitonarekin, Rozasen amaren aitarekin. Aurretik ere gizon honen hainbat erretratu egin zituen, besteak beste Aitona (1966) edo Monumentua (1976) lanetan.

Pertsonaia sinpatiko hori Sarkoma sozial laneko konposizioaren ezkerreko beheko angeluan ere agertu zen, besteak beste. Ondorengo lanetan ere azalduko zen eta, haren bidez, Rozasek hainbat eztabaida sartu zituen. Galeria garaikidea lanaren kasuan, esate baterako, modernitate artistikoaren nozioa jarri zuen zalantzan, Euskal Herrian, 70eko hamarkadaren hasieran. Hartara, tokiko kultura tradizionalaren eta nazioarteko modernitatea ordezkatzen zuten moden arteko hibridazioak garai hartako gizarteko hainbat sektoretan sortzen zuen nahasdura agerian jarri zuen obren bolumen dekonposatuaren bidez, euskal landa munduaren adierazgarritzat zuen pertsonaia baliatuta.

Sukarrieta

1975ean, MariJose Abasolo Dueñasekin ezkondu ondoren, sormenerako aproposago zen beste giro batera lekualdatzea erabaki zuten. Lehen erakusketetan egindako salmenten arrakastari esker, Santurtzitik Sukarrietara joan ziren. Garai hartan, bere lagun Dicastillok zihoen bezala, Sukarrieta oraindik deskribatzeke zegoen paraje naturala zen: "Oraindik ez zegoen burgesia nahikorik Gernikako itsasadarra bigarren etxebizitzekin betetzeko; horregatik, paisaian pinu muinoak, lezkadiak, aintzirak eta iratze ezpondak nagusitzen ziren. Bertan bizitzea ama lurraren barruan bizitzea zen."

Urdaibai ingurua, oraindik masifikatzeke zegoena, leku idiliko eta baketsua izan zen artistarentzat. Izan ere, Bilbotik nahiko hurbil zegoen, hiriko aisialditik eta bizitza kulturaletik kanpo ez geratzeko, baina, ere berean, inguruko lasaitasunak bere lanetan inolako interferentziarik gabe murgiltzeko aukera ematen zion.

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Monumentua (1976)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Monumentua (1976)
Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Itxaronaldia II (1976)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Itxaronaldia II (1976)

Eskulturak

Sukarrietan, Rozasek bere estudio berria jarri zuen, familiaren egoitza berriaren beheko solairuan. Estudio berria egokiagoa zen tamaina handiko lanetarako, eta, beraz, eskultura berreskuratu zuen, bere nerabezaroan salestarrentzat garatutako teknika. Berez, Santurtzin hasi zen eskultura berreskuratzen, Azken erasoa (1974) lana –gutxienez– kostaldeko hiribilduan egin baitzuen, bi boxeolariren figurak irudikatuz, besarkada baten bidez elkar hartuta. Hala ere, Sukarrietan egin zituen bere eskultura lanik enigmatikoenak.

1974 eta 1980 artean, formatu ertain eta txikiko lanak egin zituen, horietako batzuk seriean, batez ere Oregoiko pinua erabiliz. Hala, bere lanek urre kolore eta Iroko bereizgarria hartu zuten, egilearen esanetan "Guineako egur noblearen" kolorea baliatuz. Lan horietan bere irudimenezko mundu osoa zabaldu zuen. Garai hartako kritikaren esanetan, bertan islatu zituen bere: "obsesio oinarrizkoak eta bidezkoak; sexua eta askatasuna, hainbat gairen inguruan, hala nola erlijioa edo gizartea, jarrera kritiko eta korrosiboz eta tristura mingotsez jantzia."

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Pedagogia baterako alegoria (1983)  |  Aldarerik gabeko katedral baterako alegoria (1983)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Pedagogia baterako alegoria (1983)  |  Aldarerik gabeko katedral baterako alegoria (1983)

Oro har, lan horietan egileak maisutasun teknikoa erakutsi zuen. Ondoren, jendeak ikusteko moduan jarri zituen, 1974tik aurrera, bere mihiseekin batera, beste erakusketa batzuen artean Donostian (1974 eta 1983), Bilbon (1979) eta Bartzelonan, Iruñean, Gernikan eta Gasteizen (1982). Rozasen eskulturaren atalean, 1982 inguruan egindako lanak nabarmentzen dira. Garai hartan eskulturan bete-betean murgildu zen eta, besteak beste, honako lanak egin zituen: Izenburudun alegoria (1982-1983), Pedagogia baterako alegoria (1983) eta Aldarerik gabeko katedral baterako alegoria (1983). Sortzailearen borondatearen aurka, lan horiek bere eskultura ibilbidearen amaiera izan ziren, gaztaroan Irungo Salestarren egoitzan hasi eta azken hamarkadan bultzada handia jaso zuen bidean.

Aldarerik gabeko katedral baterako alegoria (1983) eta Pedagogia baterako alegoria (1983) Rozasek hirurogeita hamarreko hamarkadan partikularrentzat egin zituen ebanisteria lanen eskutik doaz. Tartean, nabarmentzekoak dira 1974an "Donostiako Atrakzio eta Turismo Zentroan" egindako erakusketan aurkeztutako ezkutu eta ikur heraldikoak. Lanotan, tratamendu tekniko ia hiperrealista erabiltzen da. Eskultura, berez, etxe baten barruan egiteko pentsatuta dago eta, ondorioz, altzariaren antzeko tratamendua dauka.


Hala ere, garaiko obrarik enigmatikoena Izenburudun alegoria (1982-1983) izan zen, albo batean 1982ko data duena eta Iruñeko Aurrezki Kutxako erakusketan egon zena, seguruenik 1983an amaituko zen arren. Lan honek sinbolismo handia du eta, izenburuak dioen bezala, ikusleak egin behar duen ibilbide bisual baten inguruan egituratuta dago. Hala, ikusleak lana osatzen duten xehetasun eta pertsonaia nagusiak berrikusi behar ditu, benetako izenburu ezkutua argitzeko, Izenburudun alegoria enuntziatuak aurreratzen digun bezala.

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Geoda II (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Geoda II (1981)
Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Jarraitzailea (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Jarraitzailea (1981)


Eskultura honen egitura nagusia koltxoi baten irudikapen hiperrealistak osatzen du. Koltxoi hori gerrikoekin biribilkatuta dago eta, haren gainean, 10 haur daude, haurrentzako jostailu gisa irudikatuak. Urtebete lehenago ekoiztutako Jarraitzailea obran agertzen diren figuren antzekoak dira. Lehenik eta behin, distantzia teknikotik haratago, Rozasen irudimenezko mundua bere eskulturen eta pinturen arteko trukez beteta dagoela gogorarazten digu; izan ere, haren protagonistak Ihesbidea (1981) obran ere agertzen dira, zeina, aldi berean, formatu txikiagoko Ihesbide nazionala obran oinarritzen baita.

Azken horrekin konposizio antzekotasun handiak ditu, protagonistak, hirurogeita hamarreko hamarkadako bere obran ohikoa zen bezala, izaki ñimiñoak izanik. Horrenbestez, hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago ekoitzitako obra horiek beharbada Rozasen ekoizpenaren barruan une artistiko berri baten lehen agerpenak izan zirela esan dezakegu, bere izaki ñimiño bereizgarriak ordezkatzen hasi baitzen, haurtzaroan inspiratutako pertsonaia handiagoen irudikapen bitxiekin. Tituludun alegoria lanaren kasuan, goialdeko pertsonaia bakoitza boterearen estamentuetako bat bezala irudikatuta ageri da. Hala, guztien konbinazioa garai hartan gizartea menperatzen zuen botere faktikoaren irudikapena da.

Erdiko zatian botere faktiko horren parte izan nahi dutenen asmo pertsonalak agertzen dira. Eta obraren behealdean artista dago, denek zapalduta.

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Kariatidea (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Kariatidea (1981)
Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Aurkezpena II (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Aurkezpena II (1981)
Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Berpiztea (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Berpiztea (1981)

Zori jokoak

Rozasek Tituludun alegoria bezalako obrak sortzeko baliatu zuen tratamendu hiperrealista hirurogeita hamarreko hamarkadako bere mihise batzuetan ere aurkitu dezakegu. Plano piktorikoan, 1974 inguruan, Rozasen lanetan irudikatutako objektuen artean ia-ia argazki tratamenduarekin egindako batzuk daude, hirurogeita hamarreko hamarkadan artista gisa bereizgarri izan zen teknika piktoriko, garbi eta aratzaren lekuko. Besteak beste, egunkari zatiak, tinbre fiskalak, kinielak, legezko billeteak eta familia argazkiak erabili zituen.

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Konkistatzailea (1974)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Konkistatzailea (1974)

Tradizionalki Rozasen lana hogeiko hamarkadan mendebaldeko arteari aurre egiten zion mugimendu surrealistaren barruan kokatu izan den arren, baieztapen hori mugatzailea da. Egile bilbotarraren mihiseetan zein eskulturetan, hirurogeita hamarreko hamarkadan oso bogan zeuden beste joera batzuen adibideak ere aurki ditzakegu, hala nola hiperrealismoarena, korronte horrek "Kasseleko Documenta V" (1972) ondoren nazioartean ospe handiko unea bizi izan baitzuen.

Horren erakusgarri dira, batetik, artistak berak bere mihisetan egindako sinadura eta, bestetik, urteen poderioz izan zuen bilakaera. 1972. urte inguruan, bere mihise batzuetan, bere ohiko sinadura aldatu zuen: "Rozas", pintzelak mihisearen gainazalean uzten zuen marra grafikoez osatua. Haren ordez, bere aurpegia xehetasunez irudikatu zuen, bere izenaren gainean, tinbre fiskal batean edo frankeozko zigilu batean markatuta. Hala, bere obrek objektu grabatuaren kutsu administratiboa hartu zuten. Egile honen mihiseetan eta eskulturetan azaltzen zen elementu nahasgarri bat gehiago da, baina, azken batean, hurrengo urteetan areagotzen joango zen obsesio baten adierazgarri.

Konkistatzailea (1974), Eskalada (1974) edo Bizileku soziala (1974) lanak, adibidez, deskribatutako gertakariaren adibide goiztiarrak dira. Lan horietan, Rozasek legezko billeteen irudikapen zehatzak egin zituen. Konkistatzailea (1974) lanean, esate baterako, dirua protagonistari ur gainean mantentzeko aukera ematen dion salbamendua balitz bezala irudikatu zen. Obran, autoreak pertsonaia bat irudikatzen du, ikusleari bizkarra emanda, ozeano bat zeharkatzen saiatzen dena, bere gorputza harriz eta makilez beteriko itsaso batean murgildurik dagoen bitartean, egin behar duen bidearen zailtasunari erreferentzia eginez. Pertsonaiak ur gainean mantentzea lortzen du, legezko diruarekin egindako paperezko ontzi baten flotagarritasunari eta sendotasunari esker, ontzian babes hartzen saiatzen den bitartean. Eskalada lanean, pertsonaia ñimiñoak borrokan agertzen dira, koloso batetik igoz, sari goxo bat lortzeko. Sari hori, beste behin ere, bere garaian eskultura klasiko bat izan zitekeenaren irudikapena koroatzen duen billete bat bezala agertzen da. Azkenik, Bizileku soziala (1974) lanean, Rozasek kartoizko kutxa batean bizi diren pertsonaiak irudikatzen ditu, bertara billete astun bat eraman nahian.

Billete eta tinbre fiskalez gain, zori jokoak elementu garrantzitsuak izan ziren bere zenbait lanetan, hala nola Ihesbide nazionala (1976), Ihesbidea (1981) edo Fede kontuak (1981) lanetan. Lan horien izenburuek ez dute zalantzarik uzten; Rozasek aurretik deskribatutako logikari jarraitzen diote, unean uneko gizartearen sinesmenak eta beharrak problematizatuz. Ihesbide nazionala eta Ihesbidea lanetan, zori joko ezagunaren txartel baten irudikapenak hartzen du protagonismoa, "kiniela" gisa ezagutzen denak. Hala, kono forma hartuta, bere barnean izaki ñimiño batzuk hartzen ditu. Kiniela horiek politikoak dira, eta ez kirolarlokoak. Rozasek halabeharraren eta itxaropenaren arteko harreman sinkretikoa azpimarratzen du kiniela horiekin, eta alderdi politikoak eta bestelako gai zailak jorratzen ditu, hots, aldaketa eta berrikuntzako une historiko batean bizitza politiko, sozial eta kulturalaren bilakaera markatzen zutenak; horien artean, elizaren eta estatuaren arteko harremana, dibortzioa edo homosexualitatea nabarmentzen dira.

Dimentsio familiarra

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Azken ahalegina-Aurrera (1977)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Azken ahalegina-Aurrera (1977)

Bere estudio berria Sukarrietan instalatzeak Jose Manuel Rozasen obra artistikoari berrikuntza garrantzitsuak ekarri bazizkion ere, aldaketak maila pertsonalean ere gertatu ziren; besteak beste, aitatasunean. 1975ean, alaba bat izan zuen Abasolo Dueñasekin. Alaba hura, hurrengo urteetan, familia kutsu ia pribatua duten obra ugariren protagonista izango zen. Horietako batzuk, esanguratsuenak tartean, erakusketa honen harira bildu dira. 1977tik 1981era bitartean egindako mihiseak dira eta, elkarrekin jartzean, izaera ia autobiografikoa hartzen dute. Hala, egileak bere aitatasunaren testigantza plastiko interesgarria eskaintzen digu.

Horren adibide da, esaterako, Azken ahalegina (1977-78), garai hartan Aurrera izenburuarekin ere aurkeztua. Formatu handiko mihise bat da, non protagonista arantzen eta pertsonaia ñimiñoen artean bidea irekitzen ari den, baldarki, bere helburua lortzeko. Beste behin ere, ahaleginaren kontzeptua berezko ideia moduan agertzen da Rozasen obran, izaki bat bere bizitzako lehen urteetan irudikatzeko orduan ere ez baita desagertzen.

Bilduma honen bitartez, protagonistak urteen poderioz izan duen bilakaera ikus daiteke, Amatasuna bezalako obretatik hasita (1977an egindako izen bereko eskulturaren irudikapena mihisera eramanez), Konposizioa [IV] edo Ahalegina III (1978 eta 1979) bezalako lanetatik pasatuta (lehen haurtzaroko lanak), obra konplexu eta zirraragarriagoetara iritsi arte, hala nola Alegoria urdinez (1981) artelanera. Azken finean, erretratu intimoak dira, horietako batzuk oso familiarrak. Horietan, Rozasek bere irudimenezko asmamen pertsonalena islatu zuen, Abaraska (1979) bezalako konposizio bitxi eta magnetikoak eraikiz. Lan horretan, Abasolo Dueñas eta bere alabaren erretratu samurra egin zuen, izaki txikiz betetako partitura musikal baten esparruan.

Arte Independiente Taldea

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · 5. proiektua (1981)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
5. proiektua (1981)

1982 eta 1983 urte inguruan, Jose Manuel Rozasek, Alejandro Quincoces, Julio Ortún, Richard, Justo San Felices, Roberto Zabalbidea eta Iñaki Zarate artista bizkaitarrekin batera, "Arte Independiente Taldea" sortu zuen (jatorrizko izena, "Equipo Arte Independiente"). Talde artistiko bat, diktadura garaian bertako eta estatuko artean nagusi izan zen espiritu kolektibistaren oinordekoa, laurogeiko hamarkadaren hasieran artistek jasaten zuten aukera faltari eta prekarietateari aurre egiteko sortua.

Jose Manuel Rozas hil aurreko hilabeteetan Bilbo eta Sukarrietaren artean sortutako proiektua izan zen, "kezkak batzeko, bilaketak egiteko, geure burua irudikatzeko eta oso erraza den zerbaiten inguruan nukleo komun bat sortzeko, artea joera guztiekin harmonian sentitu eta egiteko". Ez zen ikuspegi formaletik mugatutako talde bat; haren barruan hainbat forma eta teknika bateratu ziren eta irekita zegoen "adierazteko zerbait duen orok parte har zezan, baldin eta bere hizkera teknikoa zuzena bada."

Erakusketa · Jose Manuel Rozas · Berpizkundea  · Alegoria gaurko profeta batentzat (1982)  · Durangoko Arte eta Historia Museoa
Alegoria gaurko profeta batentzat (1982)

Taldearen lehen erakusketa Bilboko Deustu auzoko Euskadiko Kutxaren lokaletan egin zen. Taldeak Rozasi omenaldia egin zion unea ere izan zen. "Arte Independiente Taldea" izeneko esperientzia hori, izan ere, Rozasek bere heriotza goiztiarraren ondorioz amaitu ezin izan zuen proiektuetako bat izan zen, beste askoren artean.