Nerea Gastón

LATSARRIAK: EMAKUMEEN AHOTSA

2022ko URRIAK 7 - 30

Latsarri publikoak antzinako adierazpen kultural eta historiko garrantzitsuenetako bat dira, eta, aldi berean, emakumeen bilgune eta soziabilitate gune nagusiak, nahiz eta izatez, lanerako espazioa izan. Denboraren poderioz, XX. mendeko aurrerapen handien ondorioz, funtzionaltasuna galtzen dutenean, ahanztura kolektiboaren lehen biktima bihurtzen dira. Era berean, lehen mailako ondare-elementuak bilakatzen dira, uraren kulturari lotutako tradizioarekin eta historiarekin lotzen direlako; beraz, kontserbatu, babestu eta baloratu egin behar dira.

Durangoko Arte eta Historia Museoa - Erakusketa - Nerea Gastón - Latsarriak, emakumeen ahotsa
Durangoko Arte eta Historia Museoa - Erakusketa - Nerea Gastón - Latsarriak, emakumeen ahotsa

Durangon, goiz-goizetik jakin da latsarri publiko ugari zeudela hiri- eta landa-inguruneko hainbat tokitan. Gaur egun gutxi batzuk baino ez dira zutik jarraitzen dutenak; izan ere, zoritxarrez, gehienak ez dira kontserbatu, eta dokumentu historikoei, planoei, argazkiei eta ahozko testigantzei esker baino ez dago horien berri.

XX. mendeko 40., 50. eta 60. hamarkadetako argazkiz osatutako erakusketa honen bidez, joan den mendeko Durangoko paisaia urbanistikoaren zati handi bat osatu zuten espazio horiek balioan jarri eta berreskuratu nahi dira, ahanzturan eror ez daitezen.

Era berean, argazkiekin batera agertzen diren testigantzekin latsarrietako protagonista nagusiak izan zirenak, emakumeak, ezagutu eta goraipatu nahi dira.

Testigantzak:

  • Silveria Parra

  • Ana María de la Fuente

  • Remedios Bolaños

  • Elena Izaga

  • Begoña Gómez

  • Feli Ereñaga

  • Josefa Iglesias

  • Gumersinda Martín

Silveria Parra Malagón (5/09/1936)

Lariz Dorrearen ondoko latsarrietan garbitzen nuen. Goizean jaisten nintzen garbitzera, umeak eskolan zeuden bitartean. Denbora luzez egoten nintzen: bi ordu edo hiru ordu inguru. Garai hartan oihalezko pixoihalak eta nire senarraren laneko buzoa ere garbitzen nituen. Gogoan dut harraska zegoen ibaiaren ondoan zelai berde bat zegoela eta han eguzkitan zabaltzen nituela xaboiz igurtziriko pixoihalak eta buzoa orbanak desagertu zitezen. Bien bitartean, bestelako arropak ere garbitzen nituen. Zelaian hedatutako pixoihalak eta buzoa lehortu ostean, berriro garbitzen nituen orban guztiak desagertu arte. Garbitokira zumezko otzara bat eramaten nuen garbitu behar nituen arropekin. Arropak harri gainean jarri eta garbitzen hasten nintzen.

Durangon ez nuen lixiba erabiltzen, Jabón Chimbo-rekin garbitzen nuen. Andaluzian, aldiz, suzko errautsa erabiltzen nuen arropak zuritzeko. Sua piztu eta egurra sartzen nuen bertan. Egurra erretakoan errautsak geratzen ziren. Gero, ur ontzi bat hartu, errautsak ontzira sartu, ondo mugitu eta, errauts-hondarrak ontzi-barrenean geratzen zirenean, ur hori erabiltzen nuen arropak garbitzeko: arropa zuria baino zuriago geratzen zitzaidan.


Ana María de la Fuente Federico (24/02/1942)

Tabira kaletik gertu dagoen presa beti deitu izan da Presa Barria. Garai hartan, Baqué-ren fabrika bat zegoen Pinondon, eta Mañaria ibaitik zetorren ur-kanal bat eraiki behar izan zuten fabrikakoek ura behar zutelako. Eta gertaera hori baliatu zuten Tabira kaleko latsarriak eraikitzeko.

Gogoan dut ama, amona eta auzokide guztiak Tabira kaleko harraskan garbitzen zutela. Hiru harraska zeuden garbitzeko. Astean behin edo bitan joaten ziren, garai hartan ez zelako orain bezala garbitzen. Egun baten senarren laneko buzoak garbitzen zituzten, eta beste baten arropa zuriak. Sasoi hartan inguruko jende guztia hona jaisten zen garbitzera. Etxean garbitzeko aukera zutenak ibaira edo latsarrira joaten ziren arropak argitzera. Normalean arratsaldeetan jaisten ziren. Goizean etxean garbitzen zuten, ondoren, arropa guztia zinkezko barriketan sartu eta harraskara jaisten ziren arropak argitzera.

Emakumeak ez ziren etxetik irteten, mezetara eta mandatuak egitera bakarrik irteten ziren. Emakumeen solasaldiak latsarriaren bueltan izaten ziren. Oso polita zen, emakumeak latsarrietan elkartzen zirelako eta huntaz eta hartaz hitz egiteko aprobetxatzen zutelako.


Remedios Bolaños Zorrilla (15-01-1935)

Nik San Faustoko latsarrian garbitzen nuen, Munitxa baserriaren parean zegoen garbitokian alegia. Gogoan dut latsarria oso handia zela. Erdian harraska handi bat zeukan, eta bertatik ura erortzen zen lau putzu handitara. Eta putzu bakoitzean emakume bat izaten zen arropak garbitzen. Garbitzeko erabiltzen zen gainerako ura, hau da, ur zikina, beste putzu txiki batera joaten zen. Ni landetan jaio eta hazitakoa naiz, eta landetan garbitu izan dut beti, baina belauniko. Hala ere, garbitoki hau oso ondo zegoen, altu samar zegoelako eta horrek garbiketa-lana errazten zuelako. Gainera, latsarriaren inguruan zuhaitz handi batzuk zeuden, eta gu itzalpean egoten ginen eguzkitik babestuta. Beste herrialdeetatik etorritako guztiak bertan elkartzen ginen, hori besterik ez genuelako, lana baino ez. Lanez gainezka genbiltzanean hitz egiteko astirik ere ez genuen izaten; hala ere, tarteren bat atera eta moldatzen ginen hitzen bat edo beste egiteko albokoarekin. Gehienetan gure seme-alabei buruz hitz egiten genuen.

Garai hartan ez genuen arropa askorik izaten. Izarak garbitzen genituenean denbora gehiago egoten ginen latsarrian, gainerakoetan gutxiago. Nire alabek, esaterako, soineko bakarra zuten. Batzuetan arratsaldeetan garbitzen genuen eta baita gauez ere, latsarrian argia zegoelako eta edozein unetan joaterik genuelako.

Pasadizo bat: latsarrian lau harlauza zeuden, bi errepidera begira eta beste biak errepidera bizkarra emanda. Errepidera bizkarra emanda garbitzen zuten emakumeei, aurrerantz makurtzen zirenean, izterrak ikusten zitzaizkien zertxobait. Eta honek bizikleta-talka bait baino gehiago eragin zuen errepidetik bizikletaz pasatzen ziren gizonezkoen artean harrasketako emakumeei begira egoteagatik. Itzelezko barreak egiten genuen holakoetan!

Dena delako tokiren baten jendea erreparatzen bagenuen denak batera hitz egiten, eztabaidatzen edo barre egiten, hauxe esaten genuen beti: Ene bada! garbitokian daudela ematen du!

San Faustoko garbitoki hau elkargune ere bazen guretzat. Erabiltzeari utzi zitzaionean ere jarraitu egin genuen bertan elkartzen.


Elena Izaga Herrero (11/03/1940)

Umea nintzela hil zen ama, zazpi urte nituela. Aita alargun geratu zen, hiru seme-alabekin. Ni erdikoa nintzen. Aitak goiz eta arratsaldez lan egiten zuenez, ahizpa eta bion artean saiatzen ginen gauzak konpontzen. Eibarren bizi zen izeba batek ere laguntzen zigun etxeko zereginetan. Nik Lariz Dorrearen ondoko latsarrian garbitzen nuen: laupabost harri zeuden bertan. Gogoan dut arropa xaboi Chimbo-z bustitzen jartzen genuela zinkezko balde batean. Egun batez edukitzen genuen arropa balde barruan zikinkeria bigundu zedin. Hurrengo egunean, baldea hartu eta latsarrira joaten nintzen arropa argitzera. Aitak esaten zigun lehen orduan joan gintezela arropa garbitzera, eta garbitokiko lehen harrian jartzeko ur garbia aprobetxatzeko. Izan ere, azkeneko lekuetan jarriz gero, ondoko garbitzaileek utzitako zikinkeriak gure arropak zikin zitzakeen.

Gogoan dut, baita ere, ardi-artilez beteriko koltxoiak garbitzen genituela. Holako lanak hiru urtean behin egiten genituen. Koltxoiak desegin egiten genituen erabat: artile guztia askatu, koltxoiaren fundak garbitu eta, azkenik, makila batekin astintzen genuen artilea solteago jartzeko.

Erretentxuko latsarria ere oso handia eta ospetsua zen. Ura errepide azpitik igarotzen zen, eta latsarriak estalita zeuden, tunel moduko batean. Oso ondo zegoen, euria egiten bazuen ez zinelako bustitzen. Baina ezinezkoa zen hara joatea, Barrenkale eta Kalebarriko etxekoandre guztiak bertara joaten zirelako. Ni Larizko latsarrira joaten nintzen, jende gutxiago zebilelako bertan.


Begoña Gómez Pereira (4/4/1941)

Ama Madalenako latsarrira joaten zen arropa garbitzera. Nik ez nuen garbitzen, txikia nintzelako. Seme-alabok latsarrian egoten ginen amarekin, gure aitak negozio bat zuelako garbitokiaren ondoan eta, horrexegatik, egun osoa ematen genuen han olgetan. Gogoan dut zelakoa zen latsarria: oso handia. Aurrealdean iturri bat zeukan, eta mailatxo bat ere bai, bertara igo eta ura edateko. Iturriko ura harrizko kanal luze batetik igarotzen zen sei harlauzaz osaturiko harraskara iristeko. Eta hantxe ibiltzen ginen emakumeok arropak garbitzen. Beste bi harraska handi ere bazeuden, bata, animaliek ura edan zezaten: baserrietatik zetozen esne-saltzaileen astoak eta inguruko jabeen behiak garbitoki ondoan zeuden uztaietan lotzen zituzten abereok. Beste harraska, hutsik zegoen, eta neskato-mutikook gure jolastoki bihurtu genuen. Garbitokia zelai baten zegoenez, alanbreak zituen bertan arropak eskegitzeko. Belarrik ez zegoen tokietan eta zorua lisoago zegoenetan, izarak erditik tolestuta jartzen ziren. Belarra zegoen tokietan arropa txikiak eskegitzen ziren.

Gogoan dut emakumek huntaz eta hartaz hitz egiten zutela, eta txutxu-mutxuak ere ugariak ziren euren solasaldietan. Guri, umeoi, garrasi egiten ziguten arropa pilatzen zuten lekura hurbiltzen baginen. “Entre naviós en el mar” edo “Calabá” jolasetan ari ginenean ere garrasi egiten ziguten, izara artean ezkutatzen ginelako harrapatuak ez izateko.

14-15 urte nituela suntsitu zuten latsarria, 50. hamarkadaren amaieran, Mikeldirako errepidea handitzen eta etxeak eraikitzen hasi zirelako. Pena handia hartu nuen, oso leku polita zelako.


Feli Ereñaga Urien (30/06/1945)

Amak San Rokeko latsarrian garbitzen zuen. Bertan hiru pertsona baino ezin zitezkeen ibili garbiketa-lanetan, hiru harlauza baino ez zituelako. Latsarria gure aitonak egin zuen: Roque Ereñaga Mendiolagaraik. Hargina zen aitona eta garbitokia auzoko jendearentzat egin zuen. Harraska urez betetzen zen egunero, eta garbiketa amaitutakoan, gauez, tapoia kentzen zitzaion ura hustutzeko eta ur garbiaz betetzeko hurrengo goizerako.

San Rokeko harraskako argazki ospetsuan hiru emakume eta haur bat agertzen dira. Emakumeetako bat nire ama da: Nieves Urien Cortazar, ondokoa nire neba da, eta argazkian ama haurdun dago, nire ahizpa izango zena sabelean zuela. Beste emakumeetako bat Feli Uribe da, Bustintza baserrikoa, gaur egun eraitsita dagoena. Hirugarrena Nikasia Ereñaga da, gure aitaren lehengusina. Gogoan daukat amak nire neba eramaten zuela harraskara gertutik zaintzeko, eta emakumeak arropa garbitzen aritzen ziren bitartean umeak eskuak sartzen zituela uretan lasai asko.

Ezin hobeto oroitzen dut San Rokeko harraska. Oso ondo pasatzen genuen harraska barruan emakumeak arropak garbitzen zituzten bitartean. Andreek hiru bat ordu ematen zituzten garbiketa-lanetan, nasai asko eman ere. Beti berberak elkartzen ziren arropak garbitzeko, kontuak kontatzeko eta edozertaz hitz egiteko. Garai hartan elkarrekin egoteko beste aukerarik ez zuten. Gure ama oso pozik joaten zen harraskara. Pena handia hartu nuen iturria, harraskarik gabe, Tabirara eraman zutenean eta guri iturri “ziztrin” bat jarri zigutenean, gaur egun dagoen iturria, hain zuzen ere. San Rokeko behinolako iturria hasiera baten egon zen lekuan egon beharko zukeen, San Roken alegia.


Josefa Iglesias Canete (1/08/1939)

Salamancako herrixka baten bizi nintzenean, ni arduratzen nintzen ibaira joateaz familia osoaren arropa garbitzera, 7 neba-arrebetatik zaharrena nintzelako. Garbiketa-lanetan hasi nintzenean, 10 urte besterik ez nuen. Arropa asko geneukan garbitzeko eta, horrexegatik, gogoan dut egun osoa ematen nuela garbitu eta garbitu. Lan gogorra zen, baina gaztea nintzen eta ez nuen erreparorik jartzen. Gustura joaten nintzen astelehenetan errekara arropak garbitzera. Niretzako erromeriara joatea bezala zen. Ni baino neska nagusiagoekin joaten nintzen: lagundu egiten zidaten eta oso ondo pasatzen nuen eurekin solasean. Garbiketarekin amaitutakoan, inguruan geneuzkan geure ortuetatik pasatzen ginen. Letxugak hartu eta elkarrekin izaten ginen entsaladak prestatzen.

Durangora etorri nintzenean 16 urte nituen. Hasiera batean oporretan etorri nintzen izeba-osaben etxera, baina azkenean hemen geratu nintzen, Durangon. Munitxa tabernan lan egin nuen. Tabernaz gain, denda ere bazuen, eta ezkontzak ospatzeko jangela ere bai. Zikintzen zen guztia garbigailu automatikoan garbitzen genuen, eta gero San Faustoko harraskara jaisten ginen arropak argitzera. Gauez joaten ginen, egunez jende asko egoten zelako bertan arropak garbitzen eta guztientzako lekurik ez zegoelako. Gaueko 12:00ak edo 1:00ak arte izaten ginen bertan. Gaua zenez, tabernako nagusiak laguntzen zigun harraskaraino, eta gurekin geratzen zen gu zaintzeko. Gogoan dut saldarrak ateratzen zitzaizkidala eskuetan arropa argitu eta eskegi ostean. Mingarria zen oso, batez ere, hotza eta euria egiten zuenean, eskuak ez zirelako behar den moduan lehortzen.


Gumersinda Martín Herrero (14/05/1947)

7 edo 8 urte besterik ez nuela herriko latsarrira joaten ginen garbitzera. Batzuetan, amari laguntzen genion arropak eramaten eta bueltan ekartzen. Askotan, bertan geratzen ginen jolasean. Harraska etxetik kilometro eta erdira zegoen. Barrika bete arropa eramaten genuen sorbaldan edo buru gainean. Garraio-modu ezberdinak baliatzen genituen arropak harraskara eramateko. Arropak hobeto igurzteko eta garbitzeko, zurezko taula bat erabiltzen genuen. Eguraldi ona egiten zuenean, bertan lehortzen genuen arropa, inguruko elorrietan eskegita. Eguraldi txarra egiten zuenean, etxera arropa bustita eramatea beste aukerarik ez genuen, eta bustita zegoenean garraiatu beharreko pisua ere handiagoa zen. Gure harraskan 4 edo 5 emakume elkartzen ginen, txiki samarra zelako. Emakume asko izaten zirenean arropak garbitzen ura zikindu egiten zen eta garbiketa ez zen horren distiragarria geratzen.

Palentziatik atera nintzenean 11 urte nituen. Balmasedako baserri batera etorri ginen. Bertan gizon bat bizi zen harraska handi bat zuena: aska handi bat abereentzako ura biltzeko eta aska txikiago bat arropak garbitzeko. Harraska hori amak eta nik baino ez genuen erabiltzen, gizonak utzi egiten zigulako garbiketak egiteko. Ez zen harraska publikoa.

Arropa-garbiketa lan nekeza zen, baina bere alde ona ere bazuen: solasaldiak egiten genituen beste emakume batzuekin. Atsedenaldi moduan hartzen genuen, nahiz eta obligazioa ere bazen.

Garai hartan xaboia erostea gutxi batzuen esku baino ez zegoen; horrexegatik, guk geuk egin behar izaten genuen xaboia.

Xaboia egiteko era:

Osagaiak: Kilo bat sosa kaustikoa, 5 litro olio -ekilore-olioak ez du balio-, edo txintxorta-koipea edo landare-koipea; gantza ere erabili daiteke. 5 litro ur.

Lehenik soda kaustikoa bota behar da, gero ura, baino poliki-poliki zipriztinak atera ez daitezen. Sosa kaustikoa urtu ostean, olioa bota behar da, eta buelta asko eman behar zaizkio gatzatu arte. Behin baino gehiagotan gatzatzen da. Ondoren, esne-kaxetara isurtzen da, eta bertan gogortu eta forma hartzen du. Prozesu luzea da, ateratzen den xaboia ezin daitekeelako erabili 3-4 hilabete igaro arte. Koipea iragazi egin behar da, zikinkeriarik gera ez dadin.

Durangoko Arte eta Historia Museoa - Erakusketa - Nerea Gastón - Latsarriak, emakumeen ahotsa

ESKER ONAK:

Gerediaga Elkartea | Durangoko Udal Artxiboa | Durangoko Udala | Txelu Angoitia | Ignacio Ansorena | Karrika Antzerki Taldea | Izar Gaztea | Asociación Con Ciencia y Arte | Rótulos DenaRot | 123 Creactiva