<<       >>  

PICASSOtik BARCELÓra

Lan grafiko eta anizkoitz garaikidea

2022ko APIRILAK 28 - UZTAILAK 3

Erakusketa 23 artistaren 35 lanez osatuta dago; bertan, jardun artistikoen sorta baten bilakaera erakusten da, eta jardun horiek amankomunean dute bitarteko mekanikoen bidez erreproduzitu daitezkeela. Horrez gain, artistaren eta teknologiaren arteko harremanari buruzko gogoeta bat jasotzen du.

Gaikako blokeetan bereizi da erakusketako ibilbidea, ongi uler dadin. Diskurtsoak, lehenik, Espainiako arte garaikidearen jatorria aurkezten du, Pablo Picasso, Salvador Dalí eta Joan Miró artisten lanekin; jarraian, abstrakzioaren hizkuntza garatu zuten artisten lan sorta bat ageri da (Antoni Tápies, Rafael Canogar, Antonio Saura edo Eduardo Chillida); eskultura garaikidea, Miguel Berrocal, Eduardo Arroyo edo Pablo Serranoren askotariko lanekin; pop art-a eta serigrafia, Andy Warhol eta Equipo Realidaden lanekin besteak beste; eta, amaitzeko, 1980ko eta 1990eko Espainiako artearen ikuskera poetiko bat, Jaume Plensa, Luis Gordillo, José María Sicilia eta Miquel Barcelóren lanekin.

Erakusketa - Picassotik Barcelóra - Durangoko Arte eta Historia Museoa 2022

ESPAINIAKO ARTE GARAIKIDEAREN SORRERA. MODERNOTASUNAREN BEGIRADA GURUTZATUAK: PICASSO, MIRÓ ETA DALÍ.

Espainian, XX. mendearen hasiera oso emankorra izan zen artista handien agerpenari zegokionez.

Obra grafikoaren sorta honetan proposatzen dugun Espainiako abangoardiaren irakurketa kronologikoki antolatuta dago, hiru artista hauen ibilbideak nabarmenduta: Picasso, Miró eta Dalí, abangoardiako zenbait adierazpenetako partaide diren aldetik. Picasso XX. mendeko lehen hamarkadan agertu zen arte-eszenan, Miró 1910eko hamarkadan, eta Dalí 1920ko hamarkadaren hasieran. Hirurak trebeak izan ziren hizkuntza berriak eta haien elkarguneak eta eragin gurutzatuak, maiz ikusezinak edo oharkabeak, bilatzen. Artista horiek hizkuntza plastikoak berritzeko nahia agertu zuten, eta haien paradigma Europako joeretan aurkituko dute artistek. Garai hartan zeuden joerak erreferente hartuta (kubismoa, futurismoa, fauvismoa eta surrealismoa), XX. mendeko abangoardiako artearen nazioarteko dimentsioan parte hartu zuten. Picassok lehen litografia 1919an egin zuen, Parisko Rosenberg galerian aurkeztu zuen erakusketarako gonbidapen modura; ordutik eta 1930era arte, teknika litografikoa erabili zuen zenbait liburu, katalogo eta gonbidapen ilustratzeko, baina 1945era arte ez zuen egiazko interesik agertu estanpazio-sistema horrekiko. Harri gaineko estanpak egiten hasi zen 1945eko azarotik aurrera Fernand Mourloten lantegian, Parisen, eta produkzioaren aldi guztietan esku hartu zuen han, harriaren gaineko marrazkitik lehen tiraden kontroleraino.

Mourloten lantegia, 1852an irekia, ere aukeratu zuten, estanpatzeko, garai hartako beste artista handi batzuek, hala nola Matissek, Mirók, Chagallek, Braquek, Legerrek, Magrittek, bai eta Dalík berak ere. Hizkuntza plastikoaren aldaketek ez zuten erabateko eraginik izan ordura arte erabilitako artisautzako erreprodukzio-tekniken berrikuntzan: grabatua eta litografia. Alabaina, etorkizuneko urteetan teknologia egokitzeko oinarria ezarri zuten.

BIGARREN ABANGOARDIEN ESPAINIAKO ARTE GRAFIKOA. ERREALISMOAREN ETA ABSTRAKZIOAREN ARTEAN.

II. Mundu Gerraren ondoren bigarren abangoardiak sortu ziren, kontsumo-gizartea eta kapitalismoa garatzen hasi ziren, bildumazaletasuna izugarri zabaldu zen eta artea espekulazio-iturri bihurtu zen.

Etengabe berritu nahia da sortu ziren mugimendu guztien ezaugarria. Esperientzia erabat berria da artisten helburua, berritasuna bilatzea, material berrietara jota horretarako (industrialak edo hondakinak).

Espainian, 1940ko hamarkadaren amaieran, Estatuak ofizialdutako arte akademizistaren aurkako lehen taldeak sortu ziren. Existentzia laburra izan arren, Bartzelonako Dau al Set taldearen tankerako ekimenak Espainiako gerraostearen ondorengo barneko arte-abangoardiaren lehen erreferenteetakotzat hartzen dira (1948an sortu zuten Joan Brossa poetak, Arnau Puig filosofoak, eta Joan Ponç eta Antoni Tàpies pintoreek, besteak beste). Estrategia sendoak erabiliz, erakusketa ibiltarien, argitalpenen eta kultura-trukeen bitartez, gizarteari, galeristei, bildumazaleei eta editoreei estetika surrealista eta, oro har, arte abstraktuarekiko zaletasuna kutsatu zieten.

Horrekin batera, 1960ko hamarkadaren erdialdera arte, talde artistiko ugari sortu ziren garai hartan, eta mugimendu horiek, aldi berean, oso bestelakoak ziren bi mugimendu hauetan banatu ziren: abstraktua eta errealista. Oso ikuskera, estetika eta ideologia ezberdinak, baina garai frankistan herrialdeak zituen informaziorik ezaren eta isolamenduaren aurka borroka egiteko helburu berean elkartzen zirenak.

Antoni Tàpies izan zen garai hartako artista adierazgarri bat. Dau el Set mugimenduan egon ondoren, filosofia existentzialistak eta gatazka belikoak gizakiaren ikuskera ezkorrean utzitako aztarnak eraginda, Tàpies, informalismoaren barruan «pintura materikoa» izenekoaren barruan kokatu zen. Bere lanek ezaugarri zituzten mistifikazio teknikoa eta material heterogeneoak erabiltzea, hondakinak eta birziklatutakoak sarritan, artearen ohiko materialekin nahasita, arte-adierazpenerako hizkuntza berri bat etengabe bilatu nahian beti, bere obra grafikoan ere oso agerikoa dena.

ESKULTURA GARAIKIDEA ETA OBRA ANIZKOITZ SERIALIZATUA

Eskultura garaikidea XX. mendean zehar eboluzio handien izandako arte-adierazpenetako bat da.

Eboluzio-prozesu horrek Duchampen ready-madea eta dadaismoaren zein surrealismoaren objektu aurkitua izan zituen aurrekari, eskulturaren ohiko kontzeptua iraultzen eta neurri batean likidatzen joan zirenak.

Arte garaikidean pieza bakarraz hitz egiten dugunean, eredu bereko 2 eta 8 ale bitarteko seriea duten proiektuak dira; guztiak berdinak eta zenbakituak. Anizkoitzaren kasuan, artelana askoren eskura jartzeko nahiak bultzatuta, Miguel Berrocal eskultoreak eskultura egiteko eta eratzeko modu berriak erabili zituen. Bere María de la O artelanarekin eskultura anizkoitzaren sorreraren data historikoa ezarri da; 1964ko Veneziako Biurtekoan aurkeztu zuen eta, bi urte geroago, eskulturaren saria irabazi zuen Parisko Biurtekoan. Artelan horrek, 200 aleko seriean eginda, erabateko arrakasta komertziala erdietsi zuen, eta Berrocali nazioarteko aitormena ekarri zion anizkoitzaren sortzaile gisa.

Joseph Beuysen iritziz, anizkoitza haren pentsamenduaren bide ideala izan zen, jende askorengana iristeko parada ematen zion komunikazio eta zabalpenerako bitarteko bat.

Kontuan izan behar da obra serializatuak garrantzi berezia hartu zuela 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sortu ziren arte-joeretan. Garai hartan, obra desmaterializatzeko prozesuek eta egiletza auzitan jartzeak artearen aura ezabatu nahi zuten. Publikoarentzat eskuragarriagoa izan zedin nahi zuten, bai eta publikoak parte hartzea ere.

Garai hartan, artistek errotikako aldaketak izaten ari zen munduaren arazo sozialei erantzun nahi zieten, eta merkatuaren apeten mende zegoen artelan bakar eta errepikaezinaren arauak leherraraztea eskatzen zuen horrek.

Ikuspegi horretatik, uler daiteke nola Beuysek erabakitasunez esku hartu zuen obra anizkoitz eta serializatuan; ez da bitxia ezen, 1965etik 1986ra bitartean, ezaugarri horietako 600 artelan egitea: argazkiak, inpresioak, objektuak, eskulturak, bideoak, filmak, bai eta soinu-grabazioak ere. Laburbilduz, teknika guztiak erabili zituen, tradizionalenetatik berritzaileenetaraino, bere ideiak zabaltzeko.

POP ARTEA ETA SERIGRAFIA

1950eko hamarkadaren amaieran espresionismo abstraktua pinturaren joera nagusia izan zen, harik eta pop artea sortu zen arte. Hala artista gazteak nola publikoa oro har espresionismo abstraktuaz nekatzen hasi ziren, eta zintzotasun emozionalik eza ezaugarri zuen garai batera iritsi izana egotzi zioten.

Pop artea aldi berean agertu zen, urte haietan, Ingalaterran eta Ameriketako Estatu Batuetan; artistaren eta artelanaren arteko lotura emozionala kendu nahi zuen, eta interpretazio berehalakoagoa eta ez horren intelektuala zituzten lanak sortu zituen.

Pop artearen artistek askotariko lan-teknikak garatu zituzten, eta serigrafia da garrantzitsuenetako bat: inprimatzeko prozedura hori, gehienbat, arte-erreprodukzioak edo publizitate-iragarkiak egiteko erabili zituzten.

Andy Warhol aitzindaria izan zen neurri handiko argazkiak garatzeko prozesuan, eta bere lanetan ezaugarri espresionistak pixkanaka ezabatu ziren, harik eta haren lana masa-kulturatik zetozen herri-elementuen errepikapen serializatura mugatu zen arte, bereziki serigrafiaren bitartez.

Obra gehienak serigrafia erabiliz egin zituen, eta serigrafiako originalak adierazpide berri bihurtu zituen.

Artistak gizarte garaikideko mitoak sistematikoki erreproduzitu zituen, eta horren erakusgarri dira Marilyn Monroe, Elvis Presley, Elizabeth Taylor eta Mao Zedong garaiko pertsonaiei, besteak beste, eskainitako serieak, bai eta Campbell zopa-laten tratamendu ospetsua ere; horiek guztiak 1960ko hamarkada emankorrean egin zituen.

Espainian, pop artea, berezitasun modura, ez zen mugimendu bateratu bat izan, eta zerikusi handia du informalismoaren krisitik sortu zen figurazio berriarekin.

Mugimendu horren artista nagusiak Eduardo Arroyo eta Equipo Crónicako kideak izan ziren; talde hori hiru pintore valentziarrek –Manolo Valdés, Rafael Solbes eta Juan Antonio Toledo– sortu zuten, 1964an, Tomás Llorens historialariaren proposamenetan oinarrituta. Artista horien guztien lanetan diktadura eta gizarte frankisten aurkako kritika dago.

ESPAINIAKO ARTEAREN IKUSKERA POETIKOA 1980KO ETA 1990EKO HAMARKADETAN

Postmodernitatea XX. mendeko azken hamarkadetako gizartearen berezko ikuskera kultural bat da, eta honako ezaugarri hauekin lotzen da: indibidualtasunaren gurtza, guztion ongizatearekiko jakin-minik eza, desilusioa eta apatia, gizartearen porrota onartuta.

Aurreko belaunaldietan ez bezala (utopietan eta gizarte-garapenean sinesten zuten), pentsalari postmodernoen ustez gizabanakoak baino ez du aurrera egiteko aukera, eta sentipen hori arte-sorkarietan ere islatzen da.

Espainiako postmodernitateak diktadura frankistatik monarkia parlamentariorako trantsizio baketsua proposatzen zuen eredu gisa. Madrilgo mugidak, mugimendu lauso baina oihartzun mediatiko handikoak, estetizismo fribolo, lotsagabe eta probokatzailea inposatu zuen, ikuspegi artistikotik Madrilgo hiria eta New York berdindu nahi zituena. Baina ikuspegi plastiko eta artistiko hutsetik, frankismoaren ondorengo garaiaren ezaugarria izan zen aurreko abangoardiak ikuspegi indibidualistago batekin berreskuratzea. Heterogeneotasun estilistiko sakona sortu zen, gaur egun ere oraindik badagoena.

Atal honetan 1990eko hamarkadan azaldu ziren artisten belaunaldi bat 1980ko hamarkadako aurrekari batzuekin bildu ditugu (Jaume Plensa, Miquel Barceló eta José María Sicilia). Artista horiek oso ezberdinak badira ere, guztiek artearen ideia poetikoa dute, arte primitiboaz geroztik dagoen zentzu tragiko horrekin.

Sortzaile horien diziplina anitzeko izaera horrek berrikuntzarako tarte bat ere badakar berarekin; hala bada, grabatuaren ohiko prozedurez zein teknika esperimental berriez baliatzen dira obra harrigarriak, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituztenak, sortzeko.