Honako hau da Durangoko Krimenaren Historia Zentroko XXIII. Mahai-ingururako aukeratutako gaia: Adingabeak eta kriminalitatea historian zehar: biktimak eta delitugileak.
Historian zehar, haur eta nerabeen biktimizazioa, hau da, adingabeen kalte fisiko, psikologiko, emozional edo esplotazio egoerak etengabekoa izan dira. Hala ere, errealitate horien kontzeptualizazioak eta erantzun sozialak bilakaera esanguratsua izan dute. “Haurtzaroa” babesa eta eskubide espezifikoak dituen bizitzako fase bereizi bezala ulertuta, nahiko kontzeptu garaikidea da. Lehen, haurrak “mini-heldu” edo familiaren propietatetzat hartzen ziren, eta horrek haien zaurgarritasuna areagotzen zuen.
Infantizidio eta abandonuak, muturreko biktimizazio formak diren heinean, iraganeko errealitate demografiko eta sozioekonomiko gogorrak agerian uzten dituzte. Arrazoien artean, pobrezia, ilegitimitatea edo hautespen eugenesiko inplizitua aipa daitezke.
Haurren esklabotza ohikoa zen gizarte esklabistetan. Horrelakoetan, adingabeak jabetza moduan eta eskulan merketzat hartzen ziren eta mota guztietako lanak egitera behartzen zituzten; bai meatzeetako lan gogorrenak, bai etxeko lanak. Era guztietako indarkeriak eta esplotazioak jasaten zituzten, ez baitzuten oinarrizko eskubiderik, Erromatar Inperioaren edo XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko Atlantikoko esklabo-merkataritzan ikus daitekeen bezala.
Beste biktimizazio eremu bat haurren lan-esplotazioa izan zen, XVIII-XIX. mendeetako industria-iraultzarekin maila gorenera iritsi zena. Une horretatik aurrera, adingabeen etxeko lanak fabriketako soldatapeko lan deshumanizatzaile bihurtu ziren (factory children). Gaur egun ere arazo larria izaten jarraitzen du Hego Globalean.
Bestalde, haurren sexu-abusuak eta -esplotazioa etengabekoak izan dira historian zehar, eta gaur egun ere zenbait lekutan ikus daiteke. Pederastiak ez du beti konnotazio negatiboa izan, antzinako Grezian bezala, bertan zenbait testuingurutan sozialki onartutako praktika baitzen. Haurren prostituzioa errealitate bat izan zen hiri handietan, pobreziaren eraginez, XIX. mendeko Londresen Charles Dickens edo Henry Mayhew bezalako egileek salatu zuten bezala.
Gerretan ere adingabeak dira biktimak. Alde batetik, biztanle babesgabeak dira, izan ere, senideak galtzen dituzte, lesioak eta sexu-indarkeriak jasaten dituzte, edota erbesteratu behar izaten dira, Espainiako 36ko gerra zibileko haur errepublikarren kasuan bezala. Eta, bestetik, haur soldadu bihurtu izan dituzte historian zehar: Antzinaroan, Erdi Aroan eta Aro Modernoan haurrek gerretan parte hartzen zuten mezulari, ezkutari, danbolin-jotzaile… gisa; otomandarrek harrapatutako haur kristauak txikitatik elite unitateak (janizariak) osatzeko entrenatzen zituzten; “haur kamikazeak” Japonian II. Mundu Gerran; eta gaur egun bahitu eta soldadu izatera behartzen dituzte Kongo, Hego Sudan, Somalia, Nigeria edo Afganistango gatazketan.
Haur jaioberrien lapurreta diktaduretan sarritan ikusi den fenomenoa da, hala nola XX. mendean Argentina, Txile edo Espainian. Helburua zen disidentzia erreprimitzea eta etorkizuneko belaunaldien nortasuna ezabatzea, erregimenari aurre egiten zioten gurasoen ideologiarekin hazi ez zitezen. Ez zen praktika isolatu bat, estatuak berak instituzionalizatutako gizateriaren aurkako krimenak ziren, medikuen, epaileen eta elizaren laguntzarekin. Haur horiei jaiotza-agiriak faltsutzen zitzaizkien, eta adopziozko familiako berezko kide gisa inskribatzen ziren. Familia hauek, sarritan, erregimenari lotuak edo honen aldekoak ziren.
XX. mendeko hirurogeiko hamarkadaren hasieran Hery Kempek “tratu txarrak jasan dituen haurraren sindromea” kontzeptua sortu zuen arte, indarkeria fisikoa eta psikologikoa ez zen gizarte-arazoa edo delitua. Ordura arte diziplina zorrotza sozialki onartua zegoen eta, are gehiago, metodo pedagogiko gisa erabiltzen zen, bai etxean aitaren partetik, bai eskola edo laneko irakasleengandik ere. Erdi Aroan eta Aro Modernoan, seme-alaben hezkuntzari buruzko tratatu ugari idatzi ziren. Bertan, gurasoek izan beharreko diziplina zuzentzailea azpimarratzen zen, unean uneko arau moral eta sozialekin bat zetozen herritarrak sortzeko.
Adingabeak biktima izateaz gain, delitugileak ere izan daitezke. Gazteen delinkuentzia asko aldatu da historian zehar eta, beraz, gizarteak adingabe arau-hausleen kasuak nola heldu dituen ere bai. Ez da beti bereizketa argirik egon heldu baten eta adingabe baten erantzukizun penalaren artean edo haren egozezintasunaren artean. Kontzeptu horren bilakaerak aldaketa sakonak islatzen ditu haurtzaroa, heldutasuna, norberaren erantzukizuna eta justizia-sistemaren helburuak ulertzeko moduan. Zuzenbide erromatarrean, germanikoan edo feudalean adingabeak, helduak bezala, beren ekintzen erantzuletzat hartzen ziren (“mini-helduak”), baina gradua zenbait aldagairen arabera zehaztu zitekeen, hala nola adina edo intentzionalitatea. Ilustrazioarekin eta lehen mugimendu filantropikoekin ideia hau zabaldu zen: adingabe delitugileak ez ziren heldu kriminal gisa tratatu behar, zuzendu eta hezi beharreko gizabanako gisa baizik. Industria-iraultzaren ondorioz, gazteen hiri-delinkuentzia kontrolik gabe hazi zen, eta jabetzaren aurkako delituak nabarmen ugaritu ziren. Delitu-dinamika honetan, pikaroak, eskaleak, abandonatutako umezurtzak etab. aipa daitezke. Horrelakoak bikain erretratatu dira Tormesko Itsumutila, Rinconete eta Cortadillo, Guzmán de Alfarache, Oliver Twist edo Artful Dodger pertsonaietan. Estatu liberalarekin ikuspegi errehabilitatzailea zuen justizia sortu zen. Eta XX. mendean, gerraostean eta ongizatearen gizartean, mendebaldeko herrialdeetako gazteen delinkuentzia sarritan azpikulturekin edo gazte-bandekin lotuta egon ohi da.
Azkenik, adingabe biktima eta delitugileentzako laguntza, gizarte-kontrol eta zuzenketa mekanismoak aztertu behar dira. Mekanismo horiek zigor-mekanismoekin batera sortu ziren, eta diziplina, barnetegi edo zentroetan sartzea eta berreziketa zituzten oinarri. Erdi Aroan eta Aro Modernoan, lehen babes- eta erruki-etxeak sortu ziren, hasiera batean karitatezko helburuekin, umezurtzei eta abandonatutako haurrei laguntza ematen baitzieten, baina, gero, gizarte-kontrolerako tresna bihurtu ziren, diziplina zorrotzaren eta behartutako lan gogorraren bidez “onbideratu” beharreko haur alfer, arlote pobre edota bide okerretik joandakoentzat. Hona hemen adibide batzuk: Florentziako Errugabeen Ospitalea, 1419an sortua eta Brunelleschi arkitektoak diseinatua; Londreseko Bridewell Houses edo zuzenketa-etxeak, 1553tik aurrera; Madrilgo Real Casa de la Inclusa, 1572an sortua; Madrilgo Babes-etxe Nagusia, XVIII. mendekoa; Londresko Foundling Ospitalea, XIX. mendean haurrak gizarteratu ahal izateko hezi eta lanbide bat irakasten ziena; XIX. mendean sortutako adingabeen zentroak, helduen espetxeetatik bereiziak, baina diziplina-araubide zorrotzak eta oinarri erlijioso sendoa zutenak; Zizurkilgo Fraisoro Haur Abandonatuentzako Etxea, 1903an Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatua, garai hartako haurren abandonu handiari erantzuteko.
Paule SANCHEZ ARIETA-ARAUNABEÑA andrea (Durangoko Arte eta Historia Museoko eta Astarloa Kulturgintzako presidentea)
Iñaki BAZÁN jauna (Durangoko Krimenaren Historiaren Zentroko zuzendaria)
Enrique ÁLVAREZ CORA jauna (Murtziako Unibertsitatea)
María José PÉREZ ÁLVAREZ andrea (Leongo Unibertsitatea)
Cynthia RODRÍGUEZ BLANCO andrea (EUM Fray Luis de León eta Valladolideko Unibertsitatea)
Onintze DOMÍNGUEZ RODRÍGUEZ andrea (UNED)
Tamara GONZÁLEZ LÓPEZ andrea (Coruñako Unibertsitatea)
*
Goizeko saioen buru JANIRE CASTRILLO andrea (Euskal Herriko Unibertsitatea)
· · · · · ·
Diego TORRICO DÍAZ-MECO jauna (Euskal Herriko Unibertsitaeko historia doktorea)
José TÉBAR GÓMEZ jauna (Valentziako Unibertsitatea)
Francisco José ALFARO PÉREZ jauna , Juan María GONZÁLEZ DE LA ROSA jauna (Zaragozako Unibertsitatea)
Juan María GONZÁLEZ DE LA ROSA jauna (UNED)
Nuria LON ROCA andrea (Zaragozako Unibertsitatea)
Amaia NAUSIA PIMOULIER andrea (Nafarroako Unibertsitatea Publikoa)
Mikel LARRINAGA ORTIZ jauna (Euskal Herriko Unibertsitatea)
*
Arratsaldeko saioen buru Tomás A. MANTECÓN jauna (Kantabriako Unibertsitatea) izango da.
José Antolín NIETO SÁNCHEZ jauna (Madrilgo Unibertsitate Autonoma)
Francisco Javier DÍEZ MORRÁS jauna (Burgoseko Unibertsitatea)
M. Cristina FERRER GONZÁLEZ andrea (Ikertzaile independientea)
Gloria ROMÁN RUIZ Andrea (Almeriako Unibertsitatea)
Tamara LÓPEZ FERNÁNDEZ andrea, Ana CABANA IGLESIA andrea (Santiago de Compostelako Unibertsitatea)
Marina SEGOVIA VARA andrea (Bigarren hezkuntzako irakaslea)
Sergio CÁMARA ARROYO jauna (UNED)
Iñaki Bazán jauna (Durangoko Krimenaren Historiaren Zentroko zuzendaria)
*
Goizeko saioen buru Pedro OLIVER OLMO jauna (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea) izango da.
Durangoko Arte eta Historia Museoa (Etxezarreta Jauregia)
Iñaki Bazán jauna (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Janire Castrillo andrea (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Tomás A. Mantecón jauna (Kantabriako Unibertsitatea)
Pedro Oliver Olmo jauna (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea)
Garazi Arrizabalaga andrea (Durangoko Arte eta Historia Museoa)
Durangoko Krimenaren Historia Zentroko Nazioarteko Mahai-inguruetako komunikazio onenaren sariaren hirugarren edizioa 35 urtetik beherako komunikatzaileei emango zaie.
Hitzaldietara entzule gisa joan nahi duten pertsona guztiek, graduko edo graduondoko ikasleek edo gaian interesa dutenek, erretiratuek eta abarrek, sarrera libre eta doakoa izango dute. Bertaratze-ziurtagiria nahi dutenek museo@durango.eus helbidean izena eman beharko dute eta solasaldiko saio guztietara joan.
Solasaldiaren saioak aurrez aurrekoak izango dira, eta streaming bidez ere emango dira solasaldiaren egoitzara fisikoki hurbiltzeko arazoak dituzten pertsonentzat. Egoera horretan daudenek esteka eskatu beharko dute helbide elektroniko honetan: museo@durango.eus
* Durangoko Krimenaren Historia Zentroa krimenaren historia on-line eran ikertzeko, dokumentatzeko eta hedatzeko Zentroa da, eta nazioarteko komunitate zientifiko osoari dago zabalduta.
Krimenaren Historia Zentroa lantresna eskura erraza da kriminalitatea, desbideraketa, sistema penala, aginte publikoaren moduak, delituaren tipologia, delinkuenteak, biktimak, e.a. aztertu nahi dituen ikerlariarentzat, eta guztia klabe historiko batean. Kontuan izango da bereziki erdi aroko kronologia (V-XV mendeak) eta, subsidiarioki, kronologia modernoa (XVI-XIX mendeak).
* * Kongresu hau BARMER Itsasontzitik azokara. Jarduera ekonomikoa, gizarte-harremanak eta gatazka armatuak Behe Erdi Aroko Europa Atlantikoko hiri eta portuetan (PID2020- 118105GBI00) ikerketa-proiektuaren jardueren parte da.
* * * Izen burua:
Bartolomé Esteban Murillo. El joven mendigo (1645-1650). © Musée du Louvre, Dist. GrandPalaisRmn / Angèle Dequier.