2021eko IRAILAK 03 - URRIAK 03
EHUko Pintura Masterreko ikasleak diren Marcos Rico eta Edurne Naberanek.
Zer nahi duzu nitaz? Igel urdin bat besterik ez naiz izena duen erakusketa honetan artisten azken lanak izango dituzue ikusgai, 2020-2021 ikasturteko Master amaierako lana, alegia.
· · · · · ·
MARCOS RICO
<3
Begiak ireki ditut. Jantzi eta badoa. Bihotza taupadaka. Hutsa. Zerbezak daude. Burua jiratzen dut eta nire pinturak ikusten ditut horman zintzilik. Mutil bat zegoen, niri begira, gustatzen zitzaidan. Batera bukatu dugu? Bai, joan berri da. Paper bat utzi du irribarre eta zenbaki batekin. Leihotik sartzen diren eguzki izpiek nire pinturak argitzen dituzte, urdina berde bilakatzen da eta gorria laranja. Sortzen diren itzalek beraien tolesdura areagotzen dute, deseroso daude. Deseroso geunden sofan.
Jaiki egiten naiz. Etzan. Euli bat ikusi dut nire aurretik pasatzen, pintzel bat dela imajinatu dut, alde batetik bestera, zentzurik gabe. Pentsatu gabe. Begia eskua, eskua begia, eskua begia baino azkarrago. Gris aktiboa edo gris pasiboa? Biluztu nahi dudan gorputz baten azala. Hutsaren sentsazioa datorkit berriro, desioa pizten dit horrek. Jantzi eta badoa.
Jaiki egiten naiz. 19:00ak dira. Dena nahasi dut, alde batetik bestera. Kaosa eta katastrofea. Badator eta badoa. Ordenatzen lagundu dit. Batzuetan zerbait zehatza bilatzen dut, besteetan ordea guztiz kontrakoa. Muxu bat. Metalezko xafla bat estanpatu dut pintura gainean. Damutu naiz. Zati bat kendu dut. Aurrera eta atzerantz. Prozesuko zalantza eta elkarrizketak dira gure harremanaren oinarri. Pausu bakoitza zerbait berria da orain, gertatzen zaion horren ondorioz. Jada ez zait horrela joatea gustatzen. Idatziko diot?
Jantzi eta badoa. Sofara bueltatu naiz. Mundua egoera bezala ulertzen dut. Ez dut pankarta ez banderarik behar. Nire protesta isila da. Nire egite, desio eta arazoa.
Maite nau
edo
ez
nau maite
?
EDURNE NABERAN
SEME
Seme deitu genion elkarrekin pintatu genuen lehen oihalari. “Hijo”, hobeto esanda, biok ulertzeko. Ausart sentitu nintzen hasieran, oraindik oihal huts bat besterik ez zenean. Sarri gertatzen zait hori, hastea baita gutxien kostatzen zaidana. Kolore jakin bateko olio tubo berri bat erostea ere aitzakia izan daiteke kolore horrekin hasteko, edo inguruan ikusten dudan forma bat errepikatzea, edo olio barra fin batekin zerbait trazatzea, edo besterik gabe, biharko siku egongo den pintura soberakina aprobetxatzea.
Gero datoz gerokoak, komeriak. Kaosa eta katastrofea.
Nire pintura eraldatzeko eta antolatzeko beharra sentitzen dut etengabe, horregatik, estaltzen pasatzen dut prozesuko denboraren zati handi bat. Hau estaltzen dut, gero bestea. Une horietan nire buruak buelta gutxiago eman beharko dituela uste du. Eskua askeago doa, saltoka dabilen igel bat bezala. Baina betiko moduan hor ere milaka erabaki daude hartzeko.
Noraino, nola, zer, zerekin...
Materia askorekin, pintzel sintetikoz, zati zikina garbiago uzteraino...
Baina ez garbiegi.
Begia eta eskuaren arteko harremanari begiratzen diot sarri. Zeinek gidatzen du zein. “Hijo” pintatzean konturatu nintzen, nire eskua lanean zebilen bitartean zure begia aktibatzen zela, eta gero alderantziz, lau pausu atzera eman eta nire begiak zure eskua jarraitzen zuela, bidean gertatzen zen ezer ez galtzeko, detailerik txikiena ere harrapatzeko.
Batzuetan bion eskuak martxan zebiltzan momentu berdinean. Ze zaila bien ibilbideak jarraitzea, bi eskuak kontrolatzea. Ez dakit esaten zeini begiratzen nion gehiago. Nik zuretzat egiten nituen trazuei edo zuk niretzat egindakoei.
“Espera, esto llévalo hasta aquí, y juntalo con eso” esaten genion elkarri.
-Begira, honek igel bat dirudi –esan zenidan orban gris bat seinalatuz.
-Ze igel polita, berezia. Baina zerbait falta zaio, kolorea agian, ez dakit –erantzun nizun.
Eta bi aldiz pentsatu gabe, tonu ilunagoko itzal gris bat sartu zenion hanka artean. Eta nik urdinez estali nuen berehala.
Hau estaltzen dut, gero bestea.
. . . . . . . . . . . .
Antolatzaileak: Durangoko Arte eta Historia Museoa | Durangoko Udala | Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHU