2020ko IRAILAK 4 - AZAROAK 1
EmPoderArte emakume artisten nazioarteko elkarteak emakumeen problematikarekin eta horrek gizartean dituen inplikazioekin lotutako gaiei buruz hausnartzen du bere erakusketetan. Gure helburu nagusiak emakume artistak ezagutaraztea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bilatzea eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzea dira. XV. mendetik XVIII. mendera Europan 250.000 emakume hil zituzten krudelkeriaz, sorginkeria leporatuta. Bada, erakusketa honetan, hilketa horiek izan ditugu hizpide. Uste dugu gaur egun oraindik ere ez direla behar bezala salatu hilketok.
Erakusketa honetan, ez duzue ikusiko emakumerik erratz gainean igota; bai, ordea, adineko emakume nekazarien tratu txarren salaketa. Ez duzue ikusiko, halaber, emakume satanikorik umeak bizirik kozinatzen; bai, ordea, Espainian urtero gertatzen diren 50etik gora hilketa matxistengatik amorratuta dauden emakumeak. Ez dago akelarre satanikorik; bai, ordea, Eliza katolikoak sorginkeria leporatu zieten milaka emakumeren torturan, sexu-sadismoan eta hilketa krudeletan izandako parte-hartzeari –batzuetan, zuzeneko inplikazioari– buruzko erreferentziak.
Ohiko irudikapenak –atso zahar zarpailak, sudur handikoak eta garatxoz josiak, edabe nazkagarriak prestatzen– jazarpena pairatu zuten emakume horien irudi gutxiesgarriak dira, eta, gainera, haien aurkako sarraskien benetako arrazoia minimizatzen eta fribolizatzen dute: lurrak eta etxeak kentzen zizkieten, haien ezagutza-nitxoekin eta bizirauteko moduekin –emaginak eta sendalariak ziren– gelditu nahi baitzuten edo, besterik gabe, elite boteredunaren beharrei erantzuten ez zietelako hiltzen zituzten; izan ere, metodo antikontzeptiboei edo abortuei buruz aholkuak ematen zituztenez eta, ondorioz, emakumeei beren gorputzen kontrola izaten laguntzen zietenez, arriskuan jartzen zituzten kapitalismo patriarkalaren interesak.
Testua: Pepa Santamaría
KOMISARIOTZA
Cristina Gutiérrez Meurs
Euskal Herriko Unibertsitatean eta Londresko Kensington & Chelsea Collegen hezitako idazle eta artista plastikoa da, non HNC in Fine Art & Printmaking saria lortu zuen. 2005ean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Arte Plastikoen beka eskuratu zuen. Haurtxoen lapurretaren biktima espainiar batekin izandako topaketa batek bere lehen eleberria idaztera eraman du: Lo que no me quisiste contar. Emakumearen aurkako indarkerian zentratutako istorioa argitaratu du berriki: Eva no fué la primera.
Estefanía Ocampos
Arte Sortzaile eta Ikerketako Masterra da, Arte Ederretan lizentziaduna eta diseinatzaile grafikoa. Marrazketa irakasle eta muralista gisa egiten du lan. 2004. urteaz geroztik pintura, eskultura, performanzea eta esku-hartze espezifikoak izan dira bere adierazpide. Arte plastiko guztietan aritzen da. Ez du mugarik aurkitzen bere obretarako tamaina bat edo teknika zehatz bat jartzeko orduan. Argi dauka kontzeptua, emakumea da, beraz berdin maneiatzen ditu orratza zein mazoa: “Hemen nago, zauriak josteko eta harresiak eraisteko prest”.
Sara Beiztegi
Diziplina anitzeko artista da. Emakumearen eskubideak bere banakako erakusketa askoren leitmotiv -a da, hala nola Sin Norte ni Diosas Berdintasun Ministeritzan 2009an, Emociones eta 841 Carlos III Unibertsitatean, Madrileko Casa Encendida 2009 eta 2013n, Obstinado Rojo 2016an eta beste batzuk. Sari ezberdinak lortu ditu eta nazioarteko arte tailerretara joan da. Gaur egun, hainbat proiektutan lan egiten du eta horietan, egungo iruditeria femeninoari buruzko hausnarketa proposatzen du.
ARTISTAK
Amalfy Fuenmayor
Ana María Vacas
Asunción Bau
Caroline Krabbe
Cristina Gutiérrez Meurs
Dara Bonino y Sara Beiztegi
Ela Rabasco
Elisabet Roldán Rojo
Erica Landfors
Estefanía Ocampos
Esther Galarza
Eva Riol
Gabriela Estrada de Isolbi
Helena Revuelta
Karolina Kinnander Ciempiés
Leire Kareaga
Luz Velasco
María García del Salto
María Jesús Aragoneses
Marián M. Cañizares
Marivi Ibarrola
Marta Girón
Marta Lage de la Rosa
Miren Atxaga
Monika Rühle
Montse Rodríguez Herrero
Nuria Vicente
Patricia Fridman
Paz Barreiro
Pepa Santamaría
Prado Toro
Rosa Gallego del Peso
Rosa Virgili Abelló
Sandra Parra Cárdenas
Silvia Martínez Cano
Susana García Ungo
Susana Ribuffo
Viriviana Duncan
ARTISTA GONBIDATUAK
Andrea Abalia
Goiuri Aldekoa-Otalora
Martina Dasnoy
Txaro Arrazola
Naiz irratian Garazi Arrizabalagari, museoko zendariari, Sorginak! erakusketaren harira egindako elkarrizketa.
Amalfy Fuenmayor
Piombinoko Sorgina, 2019Egurrezko kutxa, garezurra eta hainbat elementu, 20x17x17 zm.Arkeologo talde batek aurkitutako emakume baten hezurdura aztertzean, ohartu ziren masailezurrean 7 iltze zituela sartuta. Emakumearen gorpuak ez zuen hil-oihalik ez urnarik. Iltze gehiago aurkitu ziren inguruan, seguruenik arropan sartu zizkiotelako. Aztarna hauek 1200. urte ingurukoak dira. L’Aquilako Unibertsitateko Alfonso Forgione irakasleak hipotesi bat bota zuen: exorzismo-erritu bat izan zitekeen. Lan hau “Piombinoko sorginari” egindako omenaldi bat da. Natura maitatzeagatik eta libre izateagatik erail zuten seguruenik. Sorgin esaten zieten emakume hauei... eta berdin egiten dute oraindik ere.
Ana María Vacas
Su purifikatzailean erreko zara, 2019Akrilikoa ispilu gainean, 30x30 zm.Erdi Aroan sarritan erabiltzen zen sua zigor gisa, gaitz guztiak garbitzeko elementutzat baitzeukaten. Heretikoak, bekatariak, disidenteak eta gutxiengo gogaikarrietako kideak akabatu zituzten sutan erreta. Pentsamendu magikoa, aurreiritziak eta deabrutzearen inguruko sinesteak guztiz zabaldurik zeuden garai hartan, eta sorginkeria-kondena ezarri zieten pertsona ugariri, bereziki emakume igarle, sendalari eta emaginei, inguruan gertatutako hondamendi eta gaitz guztien pagaburu gisa. Obra honetan, ikusleak bere burua sutan islatua ikusiko du, erretzen ari den sorgin bat balitz bezala.
Andrea Abalia
Magma Mater # 12. Alor moralaz eta animalia-senaz, 2016Argazkia 88‘5x135 zm.Alor moralaz eta animalia-senaz obra 2017an Lagomar museoan erakutsi zen Magma Mater seriearen parte da. Irudi barroko eta denboragabeak, guztiz anbiguoak, Lanzaroteko naturan murgildutako irudimenezko unibertso bat osatzen. Horietan, artistak memoria kolektiboak jasotako emakumezko hainbat arketipo interpretatzen ditu, eta bereziki nabarmentzekoa da sorgina eta amalurrarekin (Magna Mater) duen harreman iluna. Aurpegirik edo bisaia argirik gabeak, pertsonaiek beren izaera basatiari dagozkion erritu bitxiak gauzatzen dituzte maiz, naturaz gaindikoaren susmoa eta kontakizunaren suspentsea elikatzen dute, eta tradizioz emakumeei esleitu zaizkien baldintzatzaile sozialak zalantzan jartzen.
Asunción Bau
Erre zenituztenen alabak gara, 2019Akrilikoa mihise gainean 100x81 zm.Mamu bat balitz bezala altxatzen da emakumea, besoak goratuta, hondo ia uniforme batetik. Iltzeak, hariak, azazkalak, emakumeen eta bertuteen izenak dituzten txartelak. Emakumeak, emakume bezala, XXI. mende honetan lortu omen duen garaipenaren metafora bat. Mende luzez pairatu dituen zapalkuntza, menderatze eta azpiratzearen zingira likatsutik irteten ari da. Haren atzean, aztarnak, iltze zorrotzak, bizitzari atxikitzeko baliatu dituen azazkalak, lagun dituen bertuteak. “Adi egon: eskubideak irabazi baino errazago galtzen dira eta” (Simone de Beauvoir).
Caroline Krabbe
Azken sorgina, 2019Errotuladorea eta papera, 27 zm-ko diametroaAnne Palles izan zen Danimarkan sorginkeria egotzita legez exekutatu zuten azken sorgina, 1693an. Hainbat akusazio egin zizkioten: agente judizial bat sorgintzea, nekazari batzuen uztak madarikatzea eta hondatzea eta emakume bat hil zen istripua eragitea, guztia ere magiaren bitartez. Gaur egun, sorgin-ehizak ohikoak dira Afrikako zati handi batean, Indian eta Papua Ginea Berrian. XXI. mende honetan, sorginkeriaren kontrako legeak daude zenbait herrialdetan. Edonola ere, Saudi Arabian baino ez dute jarduera hori heriotzarekin zigortzen.
Cristina Gutierrez Meurs
Ignífuga, 2019Modelatzeko orea, kotoia, guata eta egurra. Dimentsio aldakorrakIgnífuga atzo bizirik atera zen, gaur bezala, eta, egungo garaiak ikusirik, baita bihar ere. Jakintsua izan nahi zuen eta mila urteko sagar bati kosk egin zion. Madarikazioak jaso zituen horregatik, eta erbestera bidali zuten. Geroago, ezerren jabe, berarena ezik, haren atzetik ibili ziren otzandu ezin zutelako. Horrenbeste emakume sutan erraustu zituzten urte lazgarri haien lekuko izanda, haren ikonoak garrasi isila baina iragarlea botatzen du: bizirik nago, hau da nire garaipena.
Dara Bonino - Sara Beiztegi
Bat gehiago ere ez!, 2019Fotomuntaketa, 100x67 zm.Odola, odola, odola... sorginen odola, bai eta historiaren joanean sineskerien eta patriarkatuaren indarkeriaren eraginez eraildako emakume guztiena ere. Itzuli dira, eta egiaren berri emango digute, esango digute zer gezur beltz asmatu zituzten eta zer azpijoko baliatu zituzten emakumeak beren botere eta duintasun-espazioez gabetzeko, eta nola erabili zituzten “kanoi-bazkatzat” gainerako herritarrak beldurtu eta oinperatzeko, aldi berean sorkuntzaren eta bizitzaren iturri handienaz jabetzen zirelarik: emakumearen gorputzaz, alegia.
Ela Rabasco
Farmazialaria, 2014Argazki digitala mihisean inprimatua, 40x60 zm.Emakumeen jakituria osasunaren zerbitzura. Sorginek sendabelarrak ezagutzen zituzten, gorputza nolakoa zen bazekiten, ezagutza medikoak zituzten. Eskuz prestatzen zituzten sendagaiak. Gaur eta atzo. Lehen sorgin esaten zitzaien, egun farmazialariak dira.
Elisabet Roldán Rojo
Mulier, 2019Brodatua telazko zapi gainean, 157x198 zm.Mulier obra “esplizitu” bat da, gizonentzako telazko zapiekin egindakoa. Helburua ikusleak bere ondorioak libreki ateratzea da, horiek “bideratu gabe”. Obran, kontuan izan beharreko elementu oso garrantzitsu batzuk daude. Oinarria gurutziltzatutako emakume bat da, baina hori identifikatzeko behar-beharrezko diren datuak baino ez dira erabili, hala nola “Mulier” (emakumea) dioen kartela. Beste elementu garrantzitsu bat obraren bazter batean ageri den suaren zantzuak dira, hori zen-eta sorginak erailtzeko ohiko metodoa. Lotura azkarraren bila. Emakumeei emakume izate hutsagatik gertatzen zitzaien eta, tamalez, oraindik gertatzen zaien horren laburpen egokia.
Erica Landfors
De natura, 2019Aparra, alanbrea, artilea eta pita, nylonezko mediak Diametroa: 55 cm. Sakonera: 7 zm.Materialei dagokienez asmo esperimentala duen obra honetan berriz ere ekarri nahi dugu gogora emakume jakintsuen (sorginak), naturaren eta giza gorputzaren arteko lotura. Sorgin esaten zieten emakumeek oso ondo ezagutzen zituzten sendabelarrak eta horien gaitasunak. Bazekiten zer landarek eragin zitzaketen abortuak eta nola, bai eta zeintzuk hartu behar ziren errazago haurduntzeko. Lotura hori galdu egin zen gizarte kapitalista iritsi eta sorgin-ehiza hasi zenean.
Estefanía Ocampos
Hausturak, 2019Teknika mistoa: collage digitala, akrilikoa eta tinta egur gainean. Poliptikoa, 160x82 zm.Zatikatze batzuen bitartez adierazitako gorputzaren irudikapen batzuk. Gorputz zatitu hauek desitxuraketa fisiko, psikologiko eta sinbolikoa irudikatzen dute, oraindik ere “gorputz soziala” delakoaren defentsan indarkeria fisikoa justifikatzen duen gizarte batean. Barnean bizitza eta kanpoan orbainak daramatzan gorputz bat. Emakume estigmatizatu eta zatikatua. Obrak emakume baten gorputza irudikatzen du, hainbat emakumeren gorputzen zatiak erabilita. Barnekoaren eta kanpokoaren arteko bitasuna lantzen du, emakumea zutik eta konponduta irudikatzen du, haren barren zatituarekin kontrajarrita.
Esther Galarza
Boteretik bazterkeriara, 2018Eskultura multzoa, 1.260º-ko gres-orea eta esmalteak. 60x30 zm. bakoitza.Emakume talde bat; haien buru-oihalen bidez Eibarko gremioen garaian zuten estatus soziala adierazten da. Aurreko mendeetan eta 1738ra arte, alargun batzuek hildako senarren tokia hartu zuten Errege Armategian armagin maisuen kategoriarekin, harik eta gizonezko armagin maisuek praktika hori debekatzeko eskatu zuten arte. Ordutik aurrera, semeek baino ezingo zituzten postu horiek hartu, beharrezko zituzten ikasketak amaitu eta gero. Boteretik bazterkeriara obrarekin Eibarko Portalea kultura-etxeko “Eibarko emakumeen aztarnak” erakusketarekin elkarrizketan jardun nahi izan dut.
Eva Riol
Metaketa, 2019Paper gaineko marrazkien bidez egindako bideoaSei emakumeren aurpegiak, ezkutatutako nortasun bat. Arima eta egiaren distira isilduak, ernatu eta ezarritako ordena gainditzen dutenak: pasibotasuna, obedientzia, kastitatea, austeritatea, ama-sena. Emakume ikusezinak, balio oroz gabetuak, planorik ezkutuenean existitzen direnak.
Gabriela Estrada Deisolbi
Sorginen aurpegia, 2019Olio-pintura oihal gainean, 50x40 zm.Sorginen aurpegia lanean, kolore eta tonu desberdinetako olio-pinturazko pintzelkada multzo batek aurpegia jartzen dio Elizaren agintari gorenetako bati. Sorgin-ehiza xaxatu eta kultura patriarkala sustatu zuen botere kanonikoaren kritika bat, gaur egun ere izutu eta itotzen gaituen begirada misogino baten adierazle.
Goiuri Aldekoa-Otalora
Atzokokaka (Moxal), 2019Musika bideklipa 4´50Ilunetik argiaren bilaketarako bidaia? Emakumeak bidearen bila? Alemaniar espresionismoa? Errealitate magikoa? Mundu paganoa ezerezean galtzen? Sorginak indarrez gatoz? Sorgina, sortu hitzetik dator? Sortzaileak gara? Feministak harrapalan gatoz? Anaïs Nin-ek esan zuen “Ez ditugu ikusten gauzak diren bezala, garen bezala ikusten ditugu”. Eta hau da interesatzen zaidana nire lana erakusten dudanean. Interpretazioa zabala eta aukera ezberdinen iradokitzailea izan dadila. Hoiek entzun eta nire obraren errealitatea eraikitzen dut, lan honekin hori egin dut.
Helena Revuelta
Malleus Maleficarum - cum privilegio vitiosi, 2019Mistoa: Eskuz koloreztatutako pintura digitala taula gainean muntatutako paperean, 50x37‘5 zm.Obra honetan Inozentzio VIII.a aita santua ageri da, “Malleus Maleficarum” liburuaren azalean. Aita santuak baginako udare bat du eskuan: tortura-tresna hori ahoan, baginan edo uzkian sartzen zitzaion biktimari eta, behin barruan, ireki egiten zuten, eta urradura latzak eragin. Alegoria ironiko honen bidez, “MM” idazteko ankerkeria ikaragarri eta misoginoa islatu nahi izan dut. Erretratua egiteko aita santuaren koadro zahar bat erabili dut inspirazio-iturri gisa, eta “MM” liburuaren egile Heinrich Kramer inkisidorearen bizioa eta ankerkeria zitala erakutsi nahi izan ditut. “MM” sorgin-ehizetarako erreferentziako eskuliburua izan zen XV. mendean. Inozentzio VIII.a aita santuak aintzatespen ofiziala eman zion “MM” liburuari “Summis Desiderantes Affectibus” buldarekin, eta horrela abiarazi zen idatzi haren arrakastarako bidea.
Karolina Kinnander Ciempiés
Emakume buruaskia, 2019Mistoa mihise gainean: infografia, pintura, collagea, 150x100 zm.Gaur egungo “feminazi” terminoa aztertuta (“feminista erradikalak” izendatzeko erabiltzen da, “ahalik eta abortu gehien eragiteko” helburua dutenak; wikipedia) eta «sorgin» hitzaren mespretxuzko erabilerarekin alderatuta, komunean dutena adierazi nahi izan dut, emakume buruaski eta libreari beldurra, alegia. Nire birramonaren amona ageri da “sorgin” rolean, eta neska bat, Rose, “feminaziarena” egiten. Konposizioan uztartu ditut irudi hieratiko eta denboran finkatu bat, apur bat pixelatua, eta beste irudi bat, egungoa, mugimenduarekin, sigi-sagaka...
Leire Kareaga
Etorri zen istorioa arduratu zen gainerakoaz, 2019Akrilikoa mihise gainean, 130x93 zm.Silvia Federiciren “Caliban eta sorgina” liburuak Piero de la Francescak “Kristoren zigorraldia” 1444 eta 1469 artean margotu zueneko Europara narama, edo Jan van Eyckek Giovanni Arnolfini merkatari aberatsa eta haren emazte Giovanna Cenami erretratatu zituenekora. Alegia batean bezala, nire protagonistak, animaliak, lehen aipatutako artelanen moduan kokatu ditut. Konposizio bakar batean egin dut hori, biak bateratuta. Dürer-en “Nekazarien zutabea” pinturaren goiko aldean, akerra nekazarien ikurra da. Oinarrian, ahuntz heretikoa eta haren erru bakarra, ordena ezarriarentzat deserosoa izatea. Gainerako pertsonaiek ez dute azalpenik behar.
Luz Velasco
Sorgin-esentzia, 2019Instalazio mistoa, 60x60x60 zm.Sorgin-esentziak irudi garaikide bat dakarkigu, estereotipoetatik urrun. Aurpegi definiturik gabeko bi buru, emakumeen eta kulturen unibertsaltasuna irudikatzen duen “askotariko adats” ugarirekin. Artxibo bat? Katalogo bat? Gure eguneroko bizitzan geratzen diren emakume guztien DNAren bilduma bat? Sorginak emakume izateagatik, ahaldunduta egoteagatik, sinesteagatik, borroka egiteagatik, jakintsuak izateagatik, seigarren zentzumen bat izateagatik, maitatzeagatik, ez isiltzeagatik, negar egiteagatik, amore ez emateagatik... sorginak! Espainiako Errege Akademiaren arabera, deabruarekiko hitzarmen baten ondorioz-edo, indar ezkutuen jabe den pertsona bat da sorgina, baina, benetan uste duzue deabruarekin egingo lukeela hitzarmena? Hona iritsita, EMAKUMEZKO DEABRU bat beharko luke hitzarmenak egiteko.
María García del Salto
Sua gugan, 2019Akuarela paper gainean, 31x41 zm.Sua izan dadila gure memoria, suak manten gaitzala adi. Ez dezagun inoiz guardia jaitsi...
María Jesús Aragoneses
Barruan daramazun sorgina, 2019Teknika mistoak paper gainean, 200x80 zm.Panel hauetan, emakume sorginen paradigma jaso dut, egungo emakumearen ikuspegitik. Horrela, azaldu nahi izan dut sorginak benetako arrisku bat zirela patriarkatuarentzat haren kontrola mehatxatzen zutelako, eta horregatik sarraskitu zituztela. Sistemaren zirrikituen bidez baliatzen zituzten sorginek beren boterea, egungo emakumeek bezalaxe. Baliteke artelan honi panel gehiago gehitzea hesiak apurtu ahala. Beraz, amaitu gabeko pieza bat da, emakumeek eta horien rolek gizartean duten bilakaera bezalaxe. Panelen atzeko aldea Remedios Varoren obretako emakumeei eginiko omenaldia da, lotura estua baitute egungo sorginekin.
Marián M. Cañizares
Rosata Novella (The Trotula. A medieval compendium of women’s medicine), 2019Tinta eta koloretako lapitzak paper gainean, 65x50 zm.Haurdun geratzeko: arrosa, iltzea, akara, alpinia, intxaur muskatua, zedoaria, storaxa, kanela, berroa, azukrea, erregaliza, basapioa. Trotula Salernokoak XII. mendean haurduntza lortzeko sortu zuen medikuntzako prozesuaren zati bat. Haren testu medikoak eta haren izatea bera sorgin-ehizaren misoginiak irentsi zituen. Horrela, XX. mende hasierara arte Trotulori egozten zitzaizkion idatziak, hots, izena maskulinizatu egin zioten. Sorginaren figuran, Mendebaldeko misoginia hilgarria gorpuzten da. Bertan, gizonak zoramen basati batean erortzen dira, emakumeak, haien ugalketa-gaitasunak, ezagutza medikoak eta bizitzak kontrolatzeko. Trotulak lorearekin lotzen ditu hilekoa, bizitza, sorkuntza, emakumeak, gizonek jabetu, menderatu eta suntsitu nahi duten natura.
Marivi Ibarrola
Hegaldi handia, jauzia egunsentian Usurbilen (Gipuzkoa), 1982Argazkia, 35 mm-ko negatibo batetik, digitalizatua eta glicée inprimaketan positibatua, 73x63 zm.Benetakoa eta kementsua da, sorgin guztiak omentzen ditu, subjektu eta adjektibo gisa. Buruargiak eta libreak, antolatu egin dira asperduraren eta erabileraren eta abusuaren menderakuntzaren aurrean. Irudietan zahar eta zarpail ageri dira, hortzik gabe eta hegan egiteko erratzekin... Belarren ezaugarriak ezagutzen zituzten, eta gorputz-arimak sendatzeko jakintza ere. Baina emakumeei ez zieten utzi libre izaten, ohearen hankara kateatu nahi izan zituzten. Sorgin-ehizan, milaka emakumeri beren seme-alabak, etxeak, lurrak eta jabetzak kendu zizkieten. Eta haien sekretu eta ekimenak sutan galdu ziren.
Marta Girón
Otsoekin korrika egiten duten emakumeak, 2015Teknika mistoa argazki-paperaren gainean, 30x40 zm.Clarissa Pinkolaren Otsoekin korrika egiten duten emakumeak liburuan inspiratuta, Otsoekin dantzan obra emakumea bere alderdi basatiarekin, lurrarekin, sustraiekin eta bere izate propioarekin lotzen duten erraiei buruzkoa da.
Marta Lage de la Rosa
In Memoriam Mulieris, 2019Bioetanol perfumatuzko suontzia eta hondar-zurrustaz grabatutako kristala, 21x36x19 zm.Betiereko sua suontzian, sorginkeria egotzita bidegabeki erail zituzten emakume guztien omenez. Itzaltzen ez diren sugarren bidez omentzen dira gerretan hildakoak, eta presente egoten dira leku espiritual edo erlijiosoetan ere, jainkotasunaren ikur gisa. Heraklito filosofo grekoak uste zuen suak suntsitzeko balio bazuen ere, berritzeko ere balio zuela. Sugarrak zentzumenei dei egiten die eta, behatzen dugunean, beti da desberdina. Sugar hau izan dadila leialtasun sinbolikoaren argia. Suak piztuta jarrai dezala, betiereko ohorea emakumeen memoriari!
Martina Dasnoy
Sorginak–Sorginen istorioakDiptikoa: Pintura eta idazketa egur eta luma-kartoiaren gainean, 2 estela, 129x40 zm. bakoitza.XVI. mendean sorginen figura agertu zen Euskal Herrian. Ondasunak eta duintasuna kendu nahi zizkieten agintarien botereari aurre egiten zioten emakumeei jazartzen zitzaizkien, sorginkeria egotzita. Sorginak obran hainbat pasarte bildu dira, eta horietan emakume sorginduak akelarreetan eta sabbatean parte hartzen ageri dira: exortzizatu eta zigortu beharreko emakumeak, gaizkiaren eramaile baitziren, botere zibil eta erlijiosoaren arabera. Zorionez, kulturizazioak eta apaizen eta tokiko agintarien boterearen gainbeherak sorgin-ehiza desagerrarazi zuten, eta iraganeko amesgaizto bat izatera pasatu zen.
Miren Atxaga
Suaren elikagai jakintsua, 20191: Aingeru loreak2: Soka3: SuaArgazkia. Triptikoa, 30x30 zm. bakoitza.Triptiko honek itzulerarik gabeko bidaia bat irudikatzen du. Pertsona askok pairatu zuten, tamalez, patu hori, gehienak emakumeak, herri-jakintzaren ezagutzaileak eta elizaren eta garai hartako botereengandik libre bizi ziren pertsonak ziren heinean. Gainera, leku batzuetan beste faktore batzuek ere izan zuten eragina: gerrak eta konkista berriak (Nafarroako Erresuman, adibidez), herritarrak zigortzeko borondatea, herritarrek eta agintariek hizkuntza desberdinak erabiltzea eta heresiatzat hartutako tokiko ohiturak.
Monika Rühle
Zenbat sorgin gara?, 2019Instalazioa, egurrezko enborrak eta HD bideoa, 1’35’’ La Casa Colorada Producciones.Zenbat sorgin gara? bideoaren bidez garai guztietako emakumeak ikusarazi nahi dira, emakume libre eta jakintsuak, jakin-minez beteak, pentsalariak, konprometituak, sortzaileak, aktiboak, izaera handikoak eta adierazteko beharra zutenak, botere maskulino eta matxistaren sistemari men egiten ez diotenak. Gizonen ahotsak entzuten dira, «sorgina» hitzaren sinonimo eta deskribapen ugari esanaz, irain modura.
Montse Rodriguez Herrero
Vitruvioren emakumea, 2019Remay papera, 180x100x100 zm.Alkimia, jakinduria, edabeak, ezagutza botanikoak, medikuntza... mitoa, kondaira edo errealitatea. «Sorginak» aipatzean, misterio kutsuko aura batean murgiltzen gara, eta erantzunik gabeko galdera ugari etorriko zaizkigu burura. Zergatik jasan behar izan zuten jazarpena eta horrenbeste irain? Gehiegi zekiten, akaso? Dokumentatua dago boterearen zenbait estamenturi interesatzen ez zitzaizkien ezagutza batzuk zituztela. Obra honen bidez, giza gorputzari, medikuntzari eta botanikari buruz zuten jakinduriari omenaldia egin nahi diet.
Nuria Vicente
Hegoak, 2017Kolografia kotoi gainean, 38x14 zm. bakoitza.Obra honetan emakumeen historiaren zati garrantzitsu bat islatzen da, sorgin-ehiza? Jazarpena, bortxaketak, edertasunaren inposizioa eta sufrimendu handia... Mendeen joanean emakume argi eta indartsuek pairatu duten benetako terrorearen adierazpena, gaur egun ere arrastoak utzi dituena.
Patricia Fridman
Emakume zuhaitzaTxinako tinta paper gainean, 68x50 zm.Gure maitasunari eta patuari buruzko zer karta aterako du sorginak?
Paz Barreiro
Zu ere sorgin izan zaitezke, 2019Teknika mistoa: askotariko materialak, 9x21x13 zm.Kondaira zaharrek diotenez, katu beltzak kutxetan gordeta izaten zituzten eta egun berriarekin sorgin bilakatzen ziren... Bizitza guztia kutxan zigortuta, bi munduren artean, benetakoa eta irudimenezkoa, ondo gordeta. Ispilu bat, bertan geure burua ikusteko eta mundu horretan sartzeko kanpoan gauden bitartean, Cornellen eterniday-a bezala. Kutxa bat, hala nola kaiola bat, leiho bat, kutxatzar bat, jostailu bat, beira-arasa bat... eta ez ahaztu lehen kutxa Pandorarena izan zela.
Pepa Santamaría
Sentitzen duzuna ez da beldurra (diptikoa), 2019Argazkia, 70x50 zm. bakoitzaSorgin deiturikoen jazarpenaren, torturen eta hilketen atzean ez dugu beldurra bilatu behar, baizik eta emakume babesgabeak demoniatu eta jendaurrean eskarmentatzeko sistema instituzionalizatu bat, gero beren jabetzez gabetzeko. Era berean, boterean zeuden erakundeen asmoen kontra erabil zitezkeen ezagutzak zituzten emakumeak ere zigortzen zituzten, edota deserosoak zitzaizkienak, ez zutelako obeditzen edo independenteak edo argiak zirelako.
Prado Toro
Elementuen botera: Sua, Ura, Lurra, Airea, 2019Instalazioa: hainbat material. Neurri aldakorrakInstalazioa osatzen duten lau obra hauen asmoa da estereotipoak gainditzea eta historia ikertzea, jakiteko zeintzuk izan ziren sorginkeria egotzita emakumeen aurkako sarraski hori egiteko arrazoiak. “Sorgin” deituak emakume independenteak ziren, generoari ezarritako mugak gainditzen zituztenak, nekazari abilak, hainbat ofiziotako ofizialeak, idazle burutsuak, emaginak eta sendalariak... Haien ezagutza edo jakinduria “naturaz gaindikotzat” zuten alor askotan, hala nola “zientzia” deituan, eta deserosoa zen batik bat medikuntza eta elizarentzat, erakunde patriarkal eta maskulinoak baitziren. Hori dela eta, emakumeak urkatu zituzten, olio irakinetan ito, bularrak erauzi zizkieten, bizirik erre zituzten...
Rosa Gallego del Peso
Sorgina, jakintsua, medikuntza, belarrak eta basoa, entitate banaezinakArgazkia, glicée inprimaketa, 100x130 zm."Sorgina” hitzak emakumeekiko “mespretxua” adierazten du. Emakumeen edozein ekimeni ezezkoa ematea generoari kontra egiteko modu bat da. Hortik sortzen dira gure kulturan gertakari horiek eragiten duten umiliazioa. Emakumeek ezarritako patroiak hautsi eta arauak betetzen ez dituztenean, “mehatxu” edo sorgin bilakatzen dira patriarkatuarentzat eta, batzuetan, heriotza ere eragiten du horrek. Lehen emakumeak erbesteratu edo sutan erretzen zituzten, gaur egun hilketa masiboak gertatzen dira. Gizartea ez da gauza izan kulturan aurrera egin, eta horrelakorik gehiago ez gertatzeko.
Rosa Virgili Abelló
Ez ditzatela lore gehiago erre hirak, harrokeriak eta inbidiak, 2019Tintaz moldatutako argazkiak, 24x30 zm. bakoitzaBekatu kapitalen deskribapena katolizismoaren berrikuntza bat da, Biblian ez baitira aipatzen edo zerrendatzen. Bekatu bakoitza deabru bati dagokio. San Tomas Akinokoak zerrendatu zituen zazpiak, gaur egun ezagutzen ditugun moduan. Obra hauetan, “Jainkoaren gizonak” orban marroi handi gisa irudikatzen ditu, hiraz, harrokeriaz eta inbidiaz beteak. Beren helburu bakarra emakumeei jazartzea da, libre izate hutsagatik. Loreek emakume libre eta ederrak irudikatzen dituzte. Kolore marroi garratz batek estaltzen eta lehortzen ditu, baina ezin du eragotzi haien aurak hegaka irtetea eta berriz ere libre izatea.
Sandra Parra Cárdenas
Incantationum Feminei Corporis, 2019Muntaketa: fotomuntaketa, marrazki digitala, testu-kaligramak, eskultura.Poliptikoa, 199‘5x70 zm.Sorgin-ehizetan emakumeen torturak doktrinamendu soziopolitiko mota bat izan ziren, haien estatusari zilegitasuna kendu, demonizatu eta degradatzeko. Izaera sexualeko estrategia zen eta da, menderakuntza sinboliko gisa, haien botere/potentzia politikoa suntsitzeko. Erradikalismoa eta emakumearen bidez irudikatutako gorputz sozialaren aurkako errepresioa handitzean, haien gorputz indibidualaren gaineko indarkeria areagotzen da. Incantationum Feminei Corporis obra emakume baten gorputzaren zazpi irudik osatzen dute, eta tortura fisikoa eta hitzezkoa irudikatzen dute. Hitzaren eta pieza sinbolikoen bidez, historia lehengoratu eta etorkizuna aldatu nahi duten sorginkeriak sortzen dira.
Silvia Martínez Cano
Boterearen sustraiak: bizitza, emozioa eta pentsamendua, 2016Argazki-collagea aluminio gainean. Triptikoa, 40x40 zm. bakoitzaSorginak ordena patriarkalaren aurreko pagaburua irudikatzen dute, modernitatea sortu, eta egitura androzentriko berri baten inguruan egituratzen hasi zenean. Jakinaren gainean edo oharkabean ordena horren aurka egiten duten emakumeak kontrolatzeko hiru elementu daude: Bizitzaren kontrola (umetokia), noiz eta nola erditu kontrolatzen dutelako (1. irudia); emozioen kontrola (bihotza), emozionalki adingabe bihurtzen gaituztelako (erreskatatu beharreko printzesak) (2. irudia); eta pentsamenduaren kontrola (burmuina), otzan izateko hezten gaituztelako, balio ez dugula eta gizonak baino gutxiago garela onar dezagun (3. irudia). Patroi horietatik kanpoko guztiak sorginak dira, bazter utz daitezkeen gorputzak, beste emakume batzuek autonomiaren muga ez zeharkatzeko gaztigu.
Susana García Ungo
Emakume garaiezinak, 2019Oihal errea, 110x180 zm.Lehen irakurraldian piezak sorginaren kontzeptu patriarkala birdefinitzeko proposamena egingo digu. Erretako zatia denez piezari eta mezuari forma ematen diona, beste irakurketa bat ere posible da: ezinezkoa da sorgin-ehizan hainbeste emakume erretzeko arrazoiak desagerraraztea. Haien botereak, jakinduriak eta askatasun-grinak aurrera egiten jarraituko dute belaunaldiz belaunaldi.
Susana Ribuffo
Zauria, 2019Argazkia, 15x10 cm. Markoarekin: 40x30 zm.Sorgin maiteak: Bizirik erre zintuzteten, urkatu eta torturatu zintuzteten, tu egin zizueten, kolpatu, erail zintuzteten, deabrukumeak, jazarriak, kondenatuak, egurtuak... lehen eta orain: musu ematen dizuet!
Txaro Arrazola
Weeble-Wobble, 2018Bideo-performancea, 4’18’’Bideo honen izenburua Weeble wobble da piezaren lehen zirriborroak Vermonten (AEB) egin zirelako, 2017ko udaberrian. Tente-potenteak oreka ezegonkorreko jostailutxoak dira, inguruan dutenaren mende daudenak. Metafora hori erabilita, amatasunaren gaiari heldu nahi diot, beste esanahi bat emanez. Horretarako, natura aitzakiatzat hartuta emakumea bestetasun-egoera batera mugatzen duen menderakuntza sinbolikoa desaktibatzeko ikuspegia erabiliko dut.
Viriviana Duncan
Sorgin-eskua, 2019Buztin erregogorra, 1200 graduan errea eta oxidoekin tratatua, 20x16x26 zm.Hatzak barnerantz biratuak dituen esku bat, ikertzen, zaintzen, elkarri laguntzen eta gizartearen ondasunak babesten dituzten emakume batzuen adierazgarri. Jatorritik metatutako jakinduriaren eskua da, horregatik haien kontra aritu dira eta aritzen dira erakunde erlijioso eta politikoak, horregatik iraindu, erbesteratu eta salatu dituzte, sutan erretzeraino. Elkartutako esku horiek gaur egun mundua mugitu eta aldatzeko indarra dute! Oinarri eta kolore beltzak sorgin deitutako emakumeek inguruan izan duten giro tragiko eta dramatikoa irudikatzen du. Zalantzarik gabe, gizonaren nagusitasunarentzako arrisku bat ziren emakume horiek.