Cristina Gutiérrez Meurs
EGITEKE DUGUNA
OTSAILAK 10 - MARTXOAK 19
Cristina Gutiérrez Meurs
Bilbon bizi den artista, idazle eta aktibista.
Turismoko gradua (Turismoko Eskola Ofiziala, Madril, 1991), HNC in Fine Arts (Kensington & Chelsea College, London, 2000) eta Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra (Euskal Herriko Unibertsitatea, 2021). EmPoderArte Elkarteko kidea.
Espainiar estatuan haurtxo baten lapurreta jasan zuen biktima bat ezagutzean, bere lehen eleberria idatzi zuen: Lo que no me quisiste contar. Ondoren, 2018an, Eva no fue la primera lana argitaratu zuen, emakumeen kontrako indarkerian oinarritutako istorio bat.
Nire amaren ama. Nire ama. Nire aitaren arreba. Nire ahizpa. Nire lagunak. Nire kideak. Beraiek. Ni beraien artean. Gu. Planetaren erdia. Gure gorputza. Berpizkundea belaunaldiz belaunaldi hedatzen da. Irakasten digutenetik ikasten dugu, kontatzen digutenetik. Historia, edo gure historia. Gaitzespenetik ikasten dugu, maitasunetik, berotasunetik, apatiatik. Minetik ikasten dugu, frustraziotik, desabantailatik, entzun ez ditugun txaloetatik. Hutsunetik. Gainerakoengandik ikasten dugu, faltan dugun horretatik, nahiko genukeen horretatik. Etorkizuna aurreikustetik. Gure ametsen atzetik joatetik. Bidaietatik eta galdutako trenetatik. Galeratik eta aurkikuntzatik. Esaten ez ditugun hitzetatik, entzuten ez ditugunetatik. Ahanzturatik. Albistetik. Isilak edo isilaraziak. Ez egoten ikasten dugu, izaten, izateko ahalegina egiten. Olatuak zenbatzen edo lau hormaren artean. Bizitza zirkulu batean. Belarria laztantzen digutenetik ikasten dugu, panpina oparitzen digutenetik, lokatzak zikindu egiten duela eta hankak itxi behar ditugula esaten digutenetik. Ontzia eta gorbata. Zaintzen gaituztenengandik ikasten dugu, maite gaituztenengandik, baztertzen, mimatzen, errespetatzen, oldartzen eta barkatzen gaituztenengandik, bekatuari entzungor egin edo kondenatzen gaituztenengandik. Argitik ikasten dugu, grisetik eta itzaletik, harriduratik edo lotsatik. Zalantzetatik ikasten dugu, beldurretatik, begiradetatik, dardoetatik, arakatuak eta zeharkatuak sentitzetik. Ukituak sentitzetik. Hazi egiten gara ikastean, bakarrik eta taldean, ikusitakoa galbahetik pasatuz, espektatibak betez, huts eginez, hondarrak zapalduz eta kristalak saihestuz antzematen ditugunean. Higaduratik ikasten dugu, hondamenditik, errua itotzetik, mihise zuritik, dei okerretik, behar genukeena ez hautatzetik, aldatzen ez den inertziatik, egin ez izanaren, esan ez izanaren eta ezin izanaren damutik. Zorretatik ikasten dugu. Beti. Kosta ahala kosta.
Espainiar estatuan, gure oraintsuko historiako pasarterik ilunenetakoa osatzen dute «haurtxoen lapurretek». Frankismoak Estatuaren auzi bihurtu zuen amatasuna. Kartzela frankistetan preso zeuden emakumeak beren seme-alabengatik bereizi ziren, arraza garbitzeko neurri gisa, Antonio Vallejo Nágera psikiatrak defendatutakoari jarraikiz. Neurri hori gutxienez sei hamarkadatan zehar hedatu zen, demokrazia sartu ostera arte. Emakume ugariri eragin zien, ezin jakin zenbati. Horietako asko gure artean daude, ikusten ez ditugun arren. Edo ikusi nahi ez ditugun arren. Genero-krimenaren eta estatu-krimenaren biktima dira, baina, beste ezeren gainetik, amore ematen ez duten borrokalari handiak dira.
2018an, lapurtutako haurtxoen estatu-legearen proposamenaren ibilbidea hasi zen eta, bi urte geroago, zuzenketen izapideari eman zitzaion hasiera. Harrezkero, legea bitxiki blokeatuta dago Justizia Batzordean.
– Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak?
– Ixo...
1963ra arte, Espainiar estatuko Zigor Kodeak senarrari eskubidea ematen dio emazte adulteroa hiltzeko. Zazpi urte geroago, indarrik gabe uzten da aitak seme-alabak adopzioan emateko aukera, amaren baimenik ez badu. Iragana da, baina ez dago hain urrun. Korronte demokratiko berriek emakumeen kontrako diskriminazio mota oro desagerrarazia beharko lukete.
KAR KAR!
2017ko irailaren 27an, Behe Ganberak Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Ituna onartzen du: bost urte gaitz hau ezabatuko duten 214 neurri abiarazteko eta urtean 200 milioi hori lortzeko.
Gure indarkeria matxistaz mintzo dira zifrak:
2003tik, 1.200 emakume baino gehiago erail dituzte beren bikotekideek edo bikotekide ohiek.
Azken hamarkadan, 360 ume baino gehiagok galdu dute beren ama feminizidio hauen ondorioz. Era berean, 50 adingabe baino gehiago erail ditu indarkeria bikarioak.
Urtero, batez beste 150.000 salaketa aurkezten dira; salatuak behar luketenak baino % 30 gutxiago.
Datu ofizialak dira; errealitateak aise gainditzen du fikzioa. Denbora eta itxaronaldia. Noizko Estatu Itun bat aktibo eta eguneratuta?