UZTAILAK 18 - IRAILAK 29
Paisaiak ibilbide luzea egin du genero piktoriko moduan. Hasiera umila izan zuen arren, gaur egun mundu osoan aitortu eta estimatzen den artea da. Hasiera batean genero hau betidanik egon izan dela iruditu lezake, baina errealitatea bestelakoa da. Paisaia ez zen genero independentea izan ez Antzinaroan, ez Erdi Aroan. Agertzen zen arren, apaingarri edo fondo moduan baino ez zen erabiltzen. Errenazimenduan hasi ziren espazioa eta natura indarra hartzen, humanismoaren eta perspektibaren berdeskubrimenduaren eskutik. Hala, Leonardo da Vinci eta Albrecht Dürer bezalako artistak natura ikertu eta zehaztasun eta errealismo handiagoz islatzen hasi ziren. Herbehereetan, natura protagonismoa hartzen hasi zen Joachim Patinir gisako artisten lanetan (azken hori paisaien lehen margolaritzat jotzen da, generoaren zentzu modernoan).
Testuinguru horretan, garai barrokoan (XVII. eta XVIII. mendeak), paisaia genero autonomo moduan finkatzen hasi zen. Holandan, Jacob van Ruisdael eta Jan van Goyen bezalako artistak izan ziren paisaien pinturan aitzindari, Holandako landa eremuaren eszena errealistak tarteko.
Une hartatik aurrera, paisaia genero piktoriko bihurtu zen eta aldi historiko bakoitzean modu desberdinean tratatu zen, garaian garaiko estilo eta edertasun estandarren arabera.
Beraz, paisaiak bilakaera handia izan duela esan genezake, fondoko apaingarri izatetik genero autonomoa osatzera iritsi baita, gizakiak naturarekin izan duen harreman aldakorraren lekuko.
Erakusketa honetan, genero piktoriko hori omendu nahi izan dugu, museoko bildumako obrak soilik baliatuta. Artelan gehienak museoko biltegietan gordeta egon dira eta, erakusketa honen bidez, argitara ekarri nahi izan ditugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu ikusi ohi ez dena ikusgarri egitea, ezkutuan dagoena bistara ekartzea.
Halaber, aukera ematen digu museoak aurten egingo dituen azken bi erosketak ezagutarazteko. Durangoko bi paisaia dira: bat Ángel Larroquerena (Artekale) eta bestea Alfonso W. Sena Manterolarena (Andra Mari).
Erakusketa hainbat gaitan banatu da paisaiaren generoaren barruan: paisaia historikoa, paisaia naturala, paisaia intimoa, paisaia irreala eta Durangoko paisaia.
Aukeraketa honetan, gainera, Maeztu, Haes, Regoyos, Ricardo Baroja, Barrueta, Nagel, Olabe, Bonifacio eta beste hainbat artista handiren lanez gozatzeko aukera izango dugu.
Aitzakia ezin hobea, beraz, museoko bildumak harribitxi handiak dituela erakusteko.