Harriak. Ura. Burdina. Sua. Egurra. Airea. Naturaren elementu hauek dira Mikel Lertxundiren erakusketa honen osagaiak. Formatik haratago eramaten gaituztenak.
Ohikoa izaten da, Euskal Herriko plaza, lorategi eta abarretan Lertxundiren eskultura batekin topo egitea. Izan ere kale eskultura ugari ditu gure herrialdian eta atzerrian. Tamaina handikoak izaten dira, baina Arte eta Historia Museora ekarri dituen obrak begirada gizatiar batera eramaten gaitu, tamainaz txikiagoak diren obrak eta intimoagoak bezala izendatu ahal ditugunak. Eskulturetatik aparte, oleoak, ur-kolorea eta ikatza, tinta, argazkiak eta pintura akrilikoak aurkituko ditugu. Naturatik datozen harriak, zura eta burdinarekin nahastuta, Lertxundiren izaera galdu gabe, alegia.
Naturaren koloreak eta formak nahastu egiten dira. Bildutako obrak horrelakoak dira: organikoak, biziak, fisiologikoak, errepikakorrak baina desberdinak, sinuosoak eta zurrunak. Hau da; natura, formatik haratago.
Garazi Arrizabalaga Cabrerizo
Durangoko Arte eta Historia Museoko koordinatzailea
Ez daki zein aurkitu zuen lehenago, Artea ala Natura; are gehiago, ez daki berak aukeratu zituen haiek ala haiek aukeratu zuten bera.
Umetan naturak eskainitakoarekin (egurrak, harriak, buztina, ...) jolasten zuen, bere jostailuak egiten zituen eta margolari izatearekin egiten zuen amets.
11 urterekin «baina nola bizi margotzetik?» galdetzen zion bere buruari. Geroago, Ceuta urruneko basamortuan soldaduzka egiten ari zela artista izango zela erabaki zuen, baita ogitartekoak janez bizi behar bazuen ere. Geroztik ez du ezerk desbideratu helburu horretatik.
1980an Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Arte Plastikoetako Sorkuntza eta Ikerketa beka lortu zuen, bere ibilbidearen hasieran bultzada handia izan zena. Bekak Parisera bidaiatzeko aukera eman zion eta Frantzian eta munduan egiten eta erakusten zen artea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen han.
Arte ibilbidean hasi eta urte gutxira bere bide pertsonala ireki zuen harria, egurra eta burdinaren elkarketa oinarri duena. 80ko hamarkada geroztik ura, airea eta sua elementuak ere batzen dizkie bere sormen lerroetako batean.
Bost hamarkadako artista ibilbidean nazioarteko arte azoka prestigiotsuetan erakutsi ditu bere lanak, adibidez, ARCOn (Madril), FIAn (Caracas), ART MIAMIn (Miami), NICAFen (Tokio) eta KIAFen (Seul). Eta estatuko eta atzerriko hainbat galeria eta areto garrantzitsutan egin ditu bakarkako zein taldeko erakusketak, besteak beste, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Zarautzen, Baionan, Madrilen, Zaragozan, Valentzian, Valladoliden, Logroñon, Frantzian, Alemanian, Holandan eta Estatu Batuetan.
Artea kalera atera eta jendeari gerturatzeko asmoz erakusketa handiak eta entzutetsuak egin ditu neurri handiko eskulturekin: Ziortzako monastegian 2006an, Arenatzarte parkean, Güeñesen, 2009an eta Bilboko kale eta plazatan 2019an. Horrez gain, eskultura publiko ugari ere baditu estatuko eta atzerriko hainbat parke eta espazio zabaletan kokatuta: Lea Artibaiko herri gehienetan, eta Berrizen, Elorrion, Bilbon, Zarautzen, Kantabrian, Biarritzen, Getxon, Larrabetzun, Ingalaterran, Italian, Estatu Batuetan, ... Durangon ere bai, Zuhartzola parkean eta Kurutziagako lorategian.
Zenbait arte-interbentzio ere egin ditu naturan bertan: Markinako Txepetxabixe harrobian, «Aisureta» Lea ibilbidean, Aulestin eta Urdaibaiko Paresi auzoan.
Diziplinarteko proiektuak ere burutu ditu: ESMUDAN eskultura, musika eta dantza batuta Arenatzarten (2010). TOPARRI II eskultura biolina eta dantza Bilbao Art District-en (2016).
Bere obra eta pentsamendua ezagutzera ematen duten bi liburu mardul argitaratu ditu: «Lertxundi euskaradun arte unibertsala» 1988an, Argitalpen onenaren Euskadi Saria irabazi zuena eta «Lertxundi espazioa lurra denbora» 2019an.
Mikel Lertxundi
Inguratzen gaituen guztia forma eta kolorea da. Pare bat lerro zuzen eta kurbo batez laburbildu daiteke guztia. Hain sinple eta hain eder. Hain gutxi behar da asko agertzeko eta iradokitzeko. Hara hor naturaren handitasuna eta artearen grazia.
Hiru zirkunferentzia zentrukideren bidez deskribatuko nuke nik mundua: erdian, margo ilunenarekin, burdinazkoa, metal mota guztien ordezkari; haren gainean argiagoa, harrizkoa, ozeanoak hartzen dituena eta azkenik, landaretzak osatzen duena, hau da, zurak edo egurrak.
Espazioaren indar batzailea eta espazio-elementuen interakzioa inspirazio iturri eta ikerketa gai izan da niretzat urte luzeetan. Harriaren eta uraren elkarretaratzeak, burdina eta suaren fusioak, eta egurraren eta airearen sinkroniak konnotazio plastiko aberatsak eta sakonak iradokitzeaz gain bizitzaren erroetara lagundu naute. Hara hona gogoeta batzuk.
Espazioa-gizakia-denbora
Hemen gaude, beraz bagara. Espazio bat eman zaigu aterpe eta denbora bat bidea ibiltzeko. Espazioan elementu bakoitzak –gu geu barne– bere eskenatokia (espazioa), bizialdia (denbora) eta funtzioa (papera) ditugu bizitzeko.
Materialak-elementuak
Natura den eskenatokira begiratu dut. Harriak, egurrak eta burdinak, hitz batean lurrak, urari, aireari eta suari jartzen dien eskenatokira. Lurraren azalera zabala inguratzen du aireak. Lurraren barnean eta azalean hartzen dute tokia urak eta suak. Hain dira ahaltsuak, mundua egin eta desegin dezakete. Hain dira funtsezkoak, materialekin interakzioan Lurraren eta lurtarron bizitza sostengatzen dute. Gure eguneroko bizitzan daude, ikusiegiak ikusezin. Gure sentipen eta bizipenei estuki lotuak beti. Horiek berpiztu nahi ditut nire lanekin. Zentzumenak erne jarrarazi, emozioak sorraraziz.
Harria-ura-denbora
Denbora eta ura tarteko harria lur bilakatu daiteke edota lurra harri. Hori izango du urak bizileku. Urak bere indarraren eta egonaldien markak utzi ohi ditu harkaitzean, batzuetan umil eta zerbitzari eta besteetan oldarkor. Uneren batean dena lehortu eta lurruntzen den arte, denbora bera ere.
Harria-gizakia
Oinarri sendo bat behar den guztietan han dago harria. Gizakiak harria izan du lehen lanabes eta babes, bere harriari tiraka egiten du bidea, azken harriaren azpian lurrarekin bat egin arte.
Airea-egurra
Biziaren usaina eta itxaropenaren kolorea dario basoari. Zuhaitzen babesa, enborren heldulekua, egurraren beroa, argi-ilunen kontrastea, lurraren taupada, hostoen ikara... dena da biziaren irudi. Mugimendu leun eta isilean ematen den bizia, arnasa egurrak aireari eta hark egurrari.
Airea-egurra-gizakia-natura
Airea dugu arnasbide eta egurra babes gozo naturaren magalean.
Lurra-sua-burdina
Lurra den esferaren muinean bizi da burdina, su berotan urtua. Noizbait esnatzen da okaka indartsu. Mendiko harkaitzetan gotortuta bizi da, gorri eta sendo. Suaren beroak baino ez du makurtzen gizakiaren nahietara.
Burdina-gizakia
Aurkikuntza baliotsua geroztik bide luzea egin du burdinak gizakiaren alboan, hasi era guztietako eraikuntzak eraikitzetik, eskuak ordezkatu eta gorputzak garatzeraino ere. Gizakiok mundu bat eraiki dugu burdinarekin, metalezko bihozduna.
Sua
Ura biziaren sorrera bada sua da iraunkortasuna, bere neurrian eta lekuan bada. Surik gabe hotza eta arrotza litzateke bizitza.
Burdina-sua-gizakia
Elkarrekin bizi dira, elkar pizten dute eta elkarrekin sortzen dute bizi berri bat, gai berri bat tradizioari edota berrikuntzari forma emateko gizakiak berrantolatutako munduan.
Sua-mugimendua-bizia
Mugimenduak bizia iradokitzen du eta biziak mugimendua. Suak gorantz eta biribilketan egiten du dantzan. Baita borrokan ere.
Ura-mugimendua-bizia
Ura korrika eta jauzika doa goitik beherantz lurraren zain urdinetan zehar, bizia sortuz eta elikatuz bidean. Edo suntsituz.
Airea-mugimendua-bizia
Airea horizontalean, alderik alde mugitzen da. Aireak lotzen ditu gure gorputz makalak bizitzaren sokara. Gaur lasai, bihar itoan.
Elementuak-(des)egite
Natura haserretzen denean espazioko elementu egileak desegile krudelenak bilakatzen dira eta aurrean eramaten dute dena, ikara eta negarra utzita. Ederra eta ikaragarria basoan bi zuhaitzen artean dindilizka dagoen armiarma-hari hauskor baten bi muturretan kulunkatzen dira.
Materiala-immateriala-artea
Materia ez da desagertzen. Materia transformatu egiten da. Arteak materialetik bezainbeste du immaterialetik. George Santayanak zioen bezala: «Gauzarik materialena edertasun gisa sentitzen den neurrian, bat-batean ez materialdu egiten da, kanpoko erlazio pertsonalen gainetik goratzen da, bere izatean bertan kontzentratu eta barrentzen da, hitz batean, esentzia bihurtu arte sublimatzen da». Artearen bidez materiaren esentziaraino barneratu gaitezke. Eskultore bidean immateriala materialaren gainetik azaldu zen une batean, ura, airea eta sua aurkitu nituenean. Orduan, materiaren barrunbeetara sartzeko gogoa handitu zen nigan. Formaren bakuntasunak atea ireki zidan; materiaren tarte eta hutsuneetan isiltasuna bilatu eta barrura sartu ahal izan nintzen. Esentzia gordearen bila.
Espazioa-denbora
Orbela utzi du aireak, ikatz hondarrak suak eta harri higatuak urak, eta desagertu dira. Agortu ditu gizakiak, deitu ditu denborak, irentsi ditu lurrak, erreklamatu ditu espazioak. Arteak ikusgai bihurtzen ahal du ikusi ezin dena. Goiz ala berandu dena joango da etorritako bidetik edo okerragotik, eta ikusezina dirudiena inoiz baino ikusgaiago bilakatuko da. Ikusgai ikusgarria bai, baina, dagoeneko, eskuraezina.
Espazioa
Mugagabetasuna bilatzen dut espazio irekietan; alde guztietara irekita dauden eta gizakiaren begiekin amaierarik ezin antzeman dakiokeen guneetan. Ziurra den amaierari galga jartzeko edota amaieraren hari muturrari hasiera berri bat lotu nahian.
Mikel Onandia
Natura artearentzat inspirazio-iturri eta ikerketa-gai izan da historian zehar. Mende luzetan ingurune naturala gizakiarentzat esparru ezezagun eta arriskutsu agertu ostean, Errenazimentuan mila urte lehenago greziarrek jada hasia zuten naturaren oinarria ezagutzeko jakin-mina eta grina berreskuratu zen. Ingurunea arrazionalki ezagutzeko ahalegin hori kontzientzia estetiko batekin batera agertzen da: 1336ko apirilaren 26an Petrarca Mont Ventouxera igo zenetik –paisaia baten aurrean sentimendu estetikoaren historiako lehen adierazpen argia–, artea pixkanaka natura bereganatzen joango da, hasiera batean pertsonaien ekintzarako agertoki gisa, pixkanaka gero eta protagonismo handiagoa hartzeko, harik eta XVII. mendetik aurrera argi eta garbi genero propio bihurtu arte, paisaia pintura deritzona, kasu.
Ordutik egun arte, artistek ingurune naturalarekin izan dituzten harremanak konplexuak eta emankorrak izan dira, parterre geometrizatuak dituzten lorategi barrokoetako natura menderatutik hasi eta paisaia erromantikoetako natura handi, basati eta sublimeraino. Arte garaikidean naturak artisten interesekoa izaten jarraitzen du. XX. mendean zehar postulatu surrealistetatik heldu diote, zuzenean esku hartu diote, eta, azken aldian, ikuspegi ekologistatik hurbildu dira naturara. Tradizio luze horren baitan ulertu beharra dago Mikel Lertxundiren obra; izan ere, duela bost hamarkada jada, natura inspirazio, aztergai, eszenatoki eta esku hartzeko espazio izan da artistarentzat, haren esentzia hiru aldaera –lurra, espazioa eta denbora– abiapuntu izanik atzematen saiatu delarik.
Artistaren lanaren eta pentsamenduaren oinarria naturaren baitan dagoen harmoniaren gaineko hurbilketa poetikoa da, izadiaren funtsezko hiru materialen arteko orekaren inguruko etengabeko ikerketan gauzatzen dena: harria, burdina eta egurra. Euskal kultur tradizioan oso errotuta dauden hiru osagaiok, ikuspegi pertsonala osatzen dute, bakoitzari bere elementurik hurbilenak esleitzen baitizkio Lertxundik: harriak urari lekua uzten dio, burdinak sua hartzen du eta zurak haizeari babesa eskaintzen dio.
Durangoko Arte eta Historia Museorako prestatutako erakusketan 1990eko hamarkadaren erdialdetik gaur arte egindako lanaren lagin txiki bat biltzen da. Bertan, artista betidanik kezkatu duten espazioaren eta materiaren arteko loturen inguruko ariketak jorratzen ditu. Naturako ibiltaria da Lertxundi; mendi harritsuetan, basoetan eta basamortu infinituetan egiten dituen ibilaldietan, materialetan, giroan eta paisaietan aurkitutako arrastoak interpretatzen ditu, izadiaren ahotsa entzun guran. Zentzu honetan ulertu behar ditugu, elementu desberdinen ontzi edota poesia sakoneko memoria gisa, bai eskultura forma hartzen duten piezak baita euskarri piktoriko bidimentsionalean izaera berria lortzen duten errezeptakulu desberdinak, hauek eskala eta magnitude berri batera eramateko ariketa zoragarria.
Lertxundiren lan isil eta minimalista geometriaz baliatzen da, oinarrizko formalizazioz eta egitura modularrez batez ere, aldaketa txikiak eta konbinazio anitzak sortuz eta espazio plastiko partikularrak posible egin eta konbinazio ezberdinak sortzeko, materialen artean sortzen diren erlazioetan arakatuz, hauen esentziara iristeko bide gisa. Pieza desberdinen arteko elkarrizketan, mostra honetan abstrakzio-sare bat sortzen du artistak eta intuizioa da horiek deszifratzeko modu bakarra. Eskultura, marrazki, margolan, bideo eta argazkiek instalazio handi moduko bat sortzen dute, non, elkarrekin eta beraien arteko harremanetan, arteak bakarrik konta dezakeen ezin berbalizatu daitekeen zerbait azaltzen duten, aurretik existitzen ez zen atmosfera bat ahalbidetu eta, espazioa moderatzaile gisa hartuta, ikuslearengan –obra bere osotasunean osa dezakeen bakarra– emozio eta intuizio bereziak sortuz.