DURANGO M31m

12 testigantza

2022ko MARTXOA


MARTXOAK 31

Aurten Durangoko bonbardaketaren 85. urteurrena betetzen da. Data berezi hau kontutan izanda, Durangoko Arte eta Historia Museoak erakusketa berezia antolatu du "M31 12 testigantza".

Bertan, Durango 1936 kultur Elkarteak urteetan zehar egindako lana oinarri izanda, bonbardaketa bizi izan zuten 12 testigantza batu ditugu, Ahozko testigantzak (bideo batean jaso ditugunak) eta pertsonaien biografiak daude ikusgai.

Lucia Ganboa Izagirre

1923/04/03 - 2018/12/06
Etxebarri


Etxebarrin jaioa, 3 urterekin Durangora etorri zen ama eta bi neba-arrebekin.

Gerra hasterakoan, 13 urte zituen, eta garai hartako hainbat gertakari bizi izan zituen. 1937ko apirilaren 2an, bonbek Kalebarriko etxea suntsitu zieten. Biharamunean, 14 urte betetzen zituen egunean, ama, ahizpa eta hirurek Lemoako senitarteko batzuen etxean hartu zuten babes.

Aste batzuen buruan, Bilbon ere egonaldia egin ostean, Santanderrera iritsi eta, handik, Frantziako Estatura egin zuten ihes, eta denbora batez Avignon inguruan egon ziren. Espainiako Estatura itzuli eta, lehenbizi, Kataluniara eta, ondoren, Valentziako Alberic herrira joan ziren, Durangora itzuli aurretik. Itzultzerakoan, ama ez zuten berriro hartu Baqué-ren txikoria-lantegian, "separatista indeseable" etiketa jarrita.

Handik gutxira, Mikeldi lantegian hasi zen lanean Lucia, eta hantxe ezagutu zuen senarra izango zuen Luis.

1958an, senarra Venezuelara joan zen lanera eta, 6 urte geroago, Lucia bera ere bertara joan zitzaion, alaba txikienarekin. Han igaro zituen 5 urte, harik eta bera eta alaba Durangora itzuli ziren arte, 1969an. Senarra 1977an itzuli zen, eta orduantxe erosi zuten etxea Durangoko Antso Estegiz Zumardian, eta hantxe kontatzen zizkien bilobei gerra eta gerraosteko pasarteak, zehaztasunez betetako kontakizun luzeak josiz.

Agustín Eskubi Urtiaga

1922/04/22 – 2018/03/12
Durango


Anaia fusilatua

Ingalaterratik –bertara erbesteratu baitzen–, Agustínek bere gaztaroko Durango oroitzen du. II. Errepublikaren aldarrikapena, altxamendu faxista, Durangoko bonbardaketak, Durangoren ondorengo konkista, errepresio faxista eta bere anaia Juan Eskubiren fusilamendua dira lekukotza hunkigarri honen ardatz nagusiak. Hala, faxismoan oinarritutako edo faxismoaren ondorengo erregimen batera inoiz ez itzultzea erabaki zuen Agustínek.

Paco Barreña Elizegi

1915/02/07 – 2010/09/06
Durango


Hemeretzi urte zituen Pacok 1936an kolpe faxista eman eta gerrak eztanda egin zuenean. Nagusiki boluntario sozialistez osatutako talde bat sortu zuten Durangon, "Tabira" izena eman ziotena. Deustun batailoiak sortzen ari zirela jakin, bertaratu eta UGTren 1. batailoian sartu ziren, Paco bera tartean (geroago "Fulgencio Mateos" izena hartuko zuen batailoiak).

Inguruotan izan ziren ia fronte guztietan borrokatu zuen Pacok: Markina, Legutio, Intxorta, Lemoatx... Santanderren hartu zuten preso 1937ko abuztu amaieran. Santoñako Fuertean izan zuten hasieran eta, handik, Miranda de Ebroko kontzentrazio esparrura eroan zuten hainbat Batailoi Diziplinariotara (langile behartuak) bidaltzeko: Espinosa de los Monteros, Sondika, Irurita, Afrika... Gorriak eta bi pairatu zituen frankistentzako esklabo lanetan. 1942an zigorra beteta libre utzi, eta Durangora itzuli ahal izan zuen.

Barreñatarren familiak bete-betean jasan zituen gerrako galtzaile izatearen ondorioak. Batzuek erbestea eta beste batzuek kartzela ezagutu zuten. Pacoren anaia, Esteban Nikolas Barreña Elizegi borrokalari anarkista, betirako desagertu zen 1937ko urrian Santanderreko kontzentrazio esparrutik. Pacok oroimenean gorde zuen bizi izan zen bitartean.

Natalia Uribelarrea y Miguel Sarrionandia

1927 - 2016/07/16
1931/12/25
Iurreta


Natalia eta Miguel umeak ziren altxamendu faxista gertatu zenean. Halere, gogoan dituzte bizi izandako bonbardaketak, herritik aldendu beharra eta errepresioa.

Miguelek 1937ko martxoaren 31n jasan zituen lehen bonbardaketa eta metrailaketa. Ondoren, Zornotzara aldentzean, hangoak ere jasan behar izan zituen baserriko landan zegoela, mutikoen eta behien aurka aritu zirelako hegazkinetatik.

Nataliak, 6 urte zituen arren, ederto gogoratzen du Garaizarretik ikusitako bonbardaketa. Aita eta ama esnea banatzen joan ziren Durangora, Josefa Uriarte Elejabarrieta auzoko lagunarekin. Gurasoak itzuli ziren, baina Josefa ez zen itzuli.

Diktadura garaian eskolan euskara debekaturik zuten, eta egitearren zigorrak jasaten zituztela du gogoan.

Teresa Setién Piedra

1925 – 2018/03/12
Durango


Teresa Setién Piedrak aita galdu zuen Durangoko bonbardaketan (1937/03/31). Abiazio faxistaren bonba batek hil zuen Hilario Setién Kurutziaga kalean. Ez zen familiak jasan behar izan zuen ezbehar bakarra izan. Tiburcia Larrañaga amabitxi ere bonbardaketan jasotako zauri larrien ondorioz hil zen. Generoso Setién Ortiz lehengusua, Markinan, Aiuste mendian hil zuen obus batek 1936ko urriaren 10ean. Neba Manolok kartzela eta errepresioa pairatu zituen.

Teresaren amak eta Teresak berak gogor lan egin behar izan zuten gerraostean familia aurrera ateratzeko laguntzarik eskaini ez zien giro frankista itogarrian. Bizitza osoa lanean eta familiaren alde borrokan eman zuten emakumezkoen belaunaldi baten istorioa da Teresarena.

Alberto Barreña Elizegi

1924- 2017/01/14
Durango


Alberto Durangoko familia errepublikazale batean jaio zen. Gazte-gazterik bizi izan zituen II. Errepublika eta gerra. Bere oroitzapenen artean ageri dira: 1934ko greba durangarrak eta greba horietan eraildako 3 durangarrak; Durangoko bizitza sozio-politikoa Errepublika garaian; faxisten bonbardaketak; erbestea eta faxisten errepresioa. Nicolas anaia Santanderreko kontzentrazio-esparrutik desagerrarazi zuten; aita, Alberto, preso egon zen gerran; Paco, anaia, presoa eta faxismoaren esklaboa izan zen; Joaquin eta Ramón Elizegi osabak gerran zehar desagertu ziren; eta lagun ugari fusilatu, espetxeratu eta errepresaliatu zituzten.

Diktadura faxistan askatasunaren alde borrokatu zuen eta, bidean, errepresioa bizi izan zuen. Bere aita 1943an atxilotu eta espetxeratu zuten. 1951n, bere anaietako hiru Durangotik erbesteratu zituzten, maiatzaren 1eko greban parte hartzeagatik. 1968an berriz ere espetxeratu zuten. Ondoren, Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen. Francoren heriotzaren ostean itzuli zen.

Luis Altuna Ercilla

1925/06/30 - 2016/05/25
Durango


Luis Altunak haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak eta oroitzapenak dakarzkigu: Errepublikaren garaia; altxamendu faxistaren hilabete mingotsak; Durangoko bonbardaketen une latzak, bere aitaren heriotza eragin zutenak; bizi izan zuen erbestealdi luzea; eta bere bizitza eta senideena erreprimitu zituen gerraoste frankista. Bizipen horiek guztiek bizitza osoa baldintzatu diote eta, memoria historikoa belaunaldi berriei transmititzeko beharra aldarrikatzen duen arren, umorea ere ageri da bere oroitzapenetan: ez zuen inoiz gerrako pilotu izan nahi, baina bai aeronautiko bakezale bat.

Jose Antonio Olea Garaita

1930 - 2016/02/27
Durango


Anaia bi eta aitita hilik.

Jose Antoniok bazekien zerbait gerrari eta haren ondorioei buruz. 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketan, Balasi eta Daniel anaiak eta Antolin aitita galdu zituen. Gerraosteko eskolako giro adoktrinatzailea eta bortitza ezagutu zuen, baita galtzaile eta irabazleen artean banatzen zen Durango ere.

XXI. mendearekin, Jose Antoniorena izan da durangarrek, heldu zein eskola-umeek, bereziki martxoaren 31ko bonbardaketari buruz berbetan, gehien entzun duten ahotsetako bat.

Rosario Mendibe Atxurra

1928/04/01
Iurreta


Rosario Iurretan jaio zen (garai hartan Durango zena). Umetan Batzokian zegoen Ikastolara joan zen, gerra hasi arte. Iurretako etxetik ikusi eta entzun zuen bonbardaketa. Faxistak sartu aurretik ihes egitea erabaki zuten gurasoek. Iurretatik Zornotzara, Zornotzatik Deustura, eta handik Solares eta Santanderrera. Iurretara itzuli, eta etxerik ez. Aita hiltzat jo zuten baina "trabajadoreetan" preso egon zen. Leon eta German Atxurra, amaren nebak, kartzelan zeuden preso. Eskola faxistan txarto pasatu zuen eta gogoan du Lauzirika gotzain faxistaren aurrean dantzan egin behar izan zuela. Rosario 2017an Durangoko Udalak bonbardaketaren aurka jarritako kereilan lekukoa izan da.

Maria Esperanza Igarza Zubiate

1924/09/11
Elorrio


Maria Esperanza Igarza Zubiate 1924an jaio zen Elorrion, irailaren 11n. Ortuburun jaio zen, baina segituan plazara aldatu zen familia. La Parra taberna eroan zuten aita Bernardino eta ama Doroteak. Fidel Azkoagarekin ezkondu eta Jakoba tabernaz arduratu zen bikotea.

Hamaika neba-arreba ziren etxean. Lau neba frankistekin soldadu eroan zituzten derrigorrean. Amaren nebak eta ahizpa batek kartzela, erbestea eta bestelako zigorrak jasan zituzten.

Maria Esperanzak berak ez dauka ahazteko 1937ko martxoaren 31n Elorrio bonbardatu zuteneko eguna.

Edurne Gorosarri Garnika

1925/06/30
Durango


Edurnek gerra ezagutu zuen, zuzenean bizi izan baitzituen Durangok jasandako bonbardaketak, erbestealdia eta Durangora itzultzean pairatutako umiliazioa. Lehenago, herriko faxistak bere ama hiltzen saiatu ziren, baina tiro egitean Jabier lehengusua zauritu zuten. Edurne eta haren neba-arrebak gurasoengandik banandu zituzten: ama espetxeratu egin zuten eta aita Frantziako hainbat kontzentrazio-esparrutan eduki zuten preso, familiak hiltzat jotzen zuen bitartean. Edurne 12 urterekin joan zen Durangotik, lanera. Ez zen inoiz gehiago itzuli.

Dominga Estankona Retolaza

1924 – 2016/01/04
Durango


Domingak Durangoko familia ekintzaile baten historia dakar, gerrak hankaz gora jarri zuen historia eta gerraosteak konpondu ez zuena. Durangoko bonbardaketa, umea zela Belgikara eroango zuen erbestea, familiaren sakabanatzea, errepresioa, ondasunen lapurreta… Frankismoaren botapean bizi zen Durango baten kontakizuna da Domingarena.


Elkarrizketa hauek Durango 1936 kultur Elkarteak egindako grabaketetatik lortu ditugu eta erakusketarako egokituak izan dira.