OTSAILAK 02 - MARTXOAK 17
Jenni Alvarado
Arte Ederretan lizentziatu nintzen Euskal Herriko Unibertsitatean, 2006an. Harrezkero, nire proiektu artistikoak batez ere marrazketa eta pinturaren inguruan kokatu dira. Hala ere, azken urteetan eskulturak eta bideoak geroz eta presentzia handiagoa hartu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ertibil erakusketa kolektiborako hautatua izan nintzen, 2010ean. CLONE Magazine especial ilustración aldizkarian kolaboratu nuen, 2011n. Eusko Jaurlaritzako arte plastikoen eta ikusizkoen ekoizpen beka lortu nuen, "Simbología para un trayecto pictórico" proiektuarekin, 2015ean. Pintura Masterra egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean, 2018 eta 2019 artean.
Ekoizpen artistikoko bi beka jaso nituen 2019an eta 2020an: Bizkaiko Aldundiko arte plastikoen eta ikusizkoen ekoizpen beka, "Objeto ritual" proiektuarekin, eta BilbaoArteren hiruhilekoko ekoizpen artistikoko beka, "Falso Totem" proiektuarekin.
Bilboko Rekalde Aretoan Barriek erakusketarako hautatu ninduten, 2021ean. Urte horretan bertan, Hermes aldizkariaren abenduko alea ilustratzeko hautatua izan nintzen. 2022an, hainbat erakusketa egin nituen arte galeria eta erakusketa aretoetan, besteak beste Basen (Bilbo), Javier Silvan (Valladolid), edo Portalean (Eibar).
2022an, Artoteka proiektura batu nintzen. Tokiko arte garaikidea hedatu eta bitartekaritza artistikoa sustatzen duen plataforma honek arte garaikidea eguneroko bizitzako espazio, pertsona eta kolektibo desberdinetara hurbiltzea du xede.
2023an, bi erakusketa egin nituen, bata bakarka, berriz ere Valladolideko Javier Silva galerian, eta bestea Luzuriaga herriko eliza gotikoan, oraintsu nire bizileku bihurtu den Arabako herri txiki honetan apenas erabiltzen den espazioan.
ARKETIPOAK
"Arketipoak" erakusketako margolanak maskarekin eta attrezzoko beste elementu batzuekin jantzitako erretratua dira. Hala, pertsonak pertsonaia edo arketipo bihurtu dira.
"Arketipoek" kultura desberdinetan errepikatzen diren giza ezaugarri oinarrizko edo konplexuak ordezkatzen dituzte. Nire margolanetan esate baterako, maskara gorriak lotsaz edo amorruaz mintzo dira, baina badaude hain argi zehaztu ezin ditudan alderdi inkontzienteen irudikapen sinbolikoak ere.
Nire lanean, material folklorikoen erabilera nabarmentzen da, besteak beste koloretako begiztak, oihal estanpatuak, objektu zeramikoen errepikapena, sokak, kordoiak edo ehun desberdinak. Horrek guzti horrek artefaktu eskultorikoak, maskarak edo kapelak sortzen ditu, geroz eta konplexutasun eta lanketa handiagokoak.
Duela nahiko gutxi –iaz–, Lantzeko inauterietan, nire pertsonaiek inauteri haietako pertsonaia batzuekin lotura handia zutela antzeman ahal izan nuen, batez ere herria ordezkatzen duten Txatxoekin. Harrezkero, kontziente naiz inkontziente kolektiboa zein garrantzitsua den nire pinturari forma ematen dion iruditerian. Horren adibide da kultura herrikoia, gutariko bakoitza osatzen duen ehun ikusgarri eta ikusezin hori.
Halaxe ulertu ahal izan dut intuizioa inkontzientea kontziente bihurtzeko aukera ematen didan keinu bat dela. "Keinu" hori, kontzeptu gisa, oso presente dago pinturan bertan. Izan ere, hura osatzen duten pintzelkadak azkarrak eta mugimenduz beteak dira. Era berean, begiradak keinu bat dakarrela uste dut, zeinak kontziente bihurtzen baitu begiratzen dudan hori eta inkontziente nirekin datorren eta baden hori, nik ikusi beharrik gabe.
Eskultura, pintura eta bideoa lantzen ditut. Prozesuen garapenean zehar, badago formatu desberdinak batzen dituen leku komun bat, eta, bertan, pintura da esanguratsuena.
ELKARRIZKETA
Jenni Alvarado elkarrizketa egin diote EiTBn