XXI. MAHAI-INGURUA

Durangoko Krimenaren Historiako Zentroko XXI. Nazioarteko Mahai-Ingurua

Gerrako krimenak historian zehar
_ _ _

2023ko azaroak 2, osteguna, eta 3, ostirala.

Durangoko Krimenaren Historia Zentroko XXI. Nazioarteko Mahai-Ingururako aukeratutako gaia honako hau izango da: Gerrako krimenak historian zehar. 2022ko otsailaren amaiera eta martxoa bitartean, Ukrainako tropa inbaditzaile errusiarrek Kiev-etik gertu dagoen Buchako auzo pobrea izan zuten beren esku. Tropa horiek erretiratu eta ukrainarrak iritsi zirenean, biztanlean sarraskitu zituztela jakin zen: eskuak bizkarrean lotuta kaleetan botatako gorpuak, hurbil-hurbiletik hildakoak. Jokamolde hori gerrako lege eta ohituren urraketaren froga da, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren aurka egiteagatik, Europa zaharraren barruan, gatazka armatuek sortzen duten suntsipen humanitarioaren lekuko.

XIX.mendera arte, gerrak legezko erreferentzia-esparru loteslerik gabe egin ziren, hau da, tropen gehiegikeria eta kontingente militarren aurka zuzendutako basakeriari mugak jarri gabe. Besteak beste, presoekin, zaurituekin edo zibilekin anker jokatu zuten, eta genozidiora ere iritsi ziren. Izan ere, historian zehar hamaika gerra bizi izan dira, eta horiek eragin handia izan zuten bat biktima kopuruagatik, bai egindako ankerkeriengatik, une historiko hartako parametro moralak ere gainditu baitzituzten. 

Kasu batzuetan milaka pertsona eta beste batzuetan milioika pertsona izan ziren honako hauen ondorioz bizia galdu zutenak: Antzinateko gerra punikoak, K.o lehen mendeko guda judu-erromatarrak, Gengis Khan-ek (1162-1227) gidatutako mongoliar horden konkistak, Lur Santua berreskuratzeko edo albitarren (XI-XIII. mendeak) aurkako gurutzadak, Erdialdeko eta Hegoaldeko Amerikatik XV. eta XVI. mendera bitarteko Hispaniaren hedapena, XVI. mendeko Frantziako erlijio-gerrak, 30 Urteko Gerra (1618-1648), Txinaren XVII. mendeko mantxuriar konkista, XIX. mendeko indiar amerikarren aurkako gerrak, XIX. mende erdialdeko Belgikaren Kongoko konkista, armeniar holokaustoa (1915-1923) edo II. Mundu Gerra (1939-1945). Gizarteak ez du inoiz lortu gerraren etengabeko astindua saihestea. Goya margolariak gerraren izugarrikeria eta biktimekiko ankerkeria bisualki islatzea lortu zuen, Espainiako Independentzia Gerran egindako gehiegikerien hainbat eszena irudikatzen dituen grabatu sortaren bitartez. 

Gatazka militar bat hasten denean, bizikidetza-arauak eta morala desagertu egiten dira. Gerra barruko gerrak ankerkeria izugarriak eragiten ditu. Horietako bat da emakumeek gerrako arma gisa jasaten duten sexu-indarkeria: bortxaketak, sexu-esklabotza, behartutako ezkontzak… Hau guztia, etsaiak makurrarazi edota biztanleria etnikoki aldatzeko beldur estrategia bat da. Jokabide horren ondorioak suntsitzaileak dira biktimentzat, ikuspegi fisiko eta psikologikotik, baina, gainera, estigma hori beren komunitateetan pairatzen dute. 

Siniša Malešević-ek El auge de la brutalidad organizada (2012) lanean egindako tesiei jarraiki, indarkeriak gora egiten du eta eraginkorragoa da, gizarteak antolatzeko duen gaitasuna eta hori gauzatzeko baliabideak zenbat eta handiagoak izan. Hau da, plangintza-, antolaketa- eta borondate-prozesu irmo eta sistematiko batekin, aurrekaririk gabeko basakeria-mailak lor daitezke, XX.mendean zehaz bizi izandakoak bezala, esaterako, II. Mundu Gerran arraza, etnia, erlijio, sexu-joera eta abarrengatik zibilem suntsiketa sistematikoak gertatu zirenean; hau da, genozidioak. Termino hau Raphael Lemkin-ek (1900-1959) sortu zuen, “geno” (herria) greziar izenetik eta “cidio” (hil) atzizki  latindarretik abiatuta. Malešević-ek zalantzan jartzen du bere garaian Norbert Eliasek edo, oraintsuago, Steven Pinker psikologoak defendatu zuten tesia, zibilizazioak aurrera egin ahala, baketzearen aurrerapenaren tesia, hain zuzen. Kritika hori azpimarratuz, Zygmunt Bauman-ek uste du holokaustoa ez litzatekeela posible izango burokratizazio maila handiko eta arauak eraginkortasunez betearaztea bermatuko lukeen aginte-egitura instituzionalizatuta duen Estatu bat gabe, nahiz eta arau horiek immoralak izan; hau da, aurrerapenak ez du indarkeria errotik kentzen, eta holokaustoak ez zuen bizikidetza-arauak arrazionalizatzeko eta Zuzenbidea eraikitzeko prozesua eten. 

Gerren ondorio suntsitzaileak mugatzeko, zenbait hitzarmen ezarri ziren. 1864an, Genevako I. Hitzarmena sinatu zen zauritutako soldaduei laguntza bermatzeko. 1906an, II. Hitzarmena onartu zen itsasoan zauritutakoak eta galdutakoak laguntzeko. 1929an III. Hitzarmena onartu zen gerrako presoei zor zaien tratua errespetatzeko. Eta 1949an, II. Mundu Gerra eta Nurembergeko epaiketak amaitu ondoren, Genevako IV. Hitzarmena sinatu zen, gerra garaian zibilak babesteko. Hitzarmen horiek hiru protokolo gehigarrirekin osatu ziren (1977-2005). 2022an, Nazioarteko Zigor Gortea sortu zen, 1998ko Erromako Estatutuaren zortzigarren artikuluan tipifikatutako gerrako krimenen gaineko eskumena zuena: preso zeuden soldauden eta zibilei egindako hilketak edo tratu txarrak, bortxazko deportazioak, genozidioak, herriak arrazoirik gabe suntsitzea, ondasun pribatu eta publikoak arpilatzea, debekatutako armak erabiltzea… 

Horrek ez ditu arindu ez exilioak, ezta gerraren eraginez suntsitutako herriak babestu beharra ere. Duela gutxi, Siria eta Ukraina horren eredu izan dira, planeta osoan bizi den fenomeno lazgarri baten ondoren. Europan, gainera, gizateriaren eta elkartasunaren printzipio zaharrak frogan jarri ditu, baita Schengen eremuan pertsonen trafiko askea bultzatzeko xedapenen indarra ere.

Gerra-legeak zaurituei eta preso zeuden soldaduei arreta emateko hasi ziren. Gero, soldaduak zirenak eta ez zirenak bereizteko eta babesteko, helburu militar bihurtu ez zitezen eta nahita egindako erasoen biktima izan ez zitezen. Eta, azkenik, gatazka militar baten testuinguruan giza eskubideen arau-hauste larri guztiak jazartzeko. 

Gaur egun, munduan gatazka armatu ugari daude. Gatazka horietan giza eskubideak urratu eta Genevako hitzarmenetan ezarritako mugak gainditu dira. Hauen adibide dira, esaterako: Ruanda, Etiopia eta Mali Afrikan, Siria eta Yemen Ekialde Hurbilean eta Errusiako tropen ekintzak Ukrainan, Europa erdialdean.  

Gerra-krimenaren delituak helburu dituen jokabide eta ekintza zigorgarriek ez dute esan nahi iraganean halakorik egon ez zenik, lehen adierazi den bezala, eta are gehiago, tropen eta zibilen eta hauen jabetzen eta kultura ondarearen aurka egindako gehiegikeriengatik gizarte-gaitzespenik izan ez zutenik ere. Horixe aztertu nahi da Durangoko Krimenaren Historia Zentroko XXI. Nazioarteko Mahai-Inguru honetan: gerrako krimenak tipifikazio juridikoaren aurretik eta ondoren, bai ikuspegi historiko eta juridikotik, bai soziologikoki, artistikoki, literarioki, etab.


AURKEZPEN-PROPOSAMENAK

Durangoko Krimenaren Historia Zentroko XXI. Nazioarteko Mahai-Inguruan aurkezpenak egiteko deialdia zabalik dago unibertsitateko kide guztientzat, baldin eta gaiarekin zerikusia duten ikerketak egin badituzte. Aurkezpenak honako atal hauen barruan sartuko dira:


Gerrako krimenak Antzinarotik Orainaldira bitarteko kronologian aztertu ahal izango dira, baita Historiak, Zuzenbideak, Soziologiak, Antropologiak eta Literaturak eskaintzen duten ikuspegi konparatu eta diziplinartekotik ere.

*     *     *

Proposamenak 2023ko irailaren 17ra arte bidali ahal izango dira, helbide elektroniko honetara: museo@durango.eus eta i.bazan@ehu.eus

Word formatuan bidali beharko dira, eta atal hauek izan beharko ditu:

Batzorde zientifikoaren erabakia proposamenak bidaltzeko epea amaitu ondoren jakinaraziko zaie hautagaiei.

Mahai-ingurua


Mahai-ingurua Durangoko Etxezarreta jauregian egingo da, Krimenaren Historia Zentroaren egoitzan, ondorio guztietarako, bai komunikatuen aurkezpenetan, bai hauen eztabaidetan, bai eta interesdunen bertaratzean ere. 

Hala ere, online gune bat irekiko da mahai-ingurua formatu birtualean ere egin ahal izateko, webinar baten bidez. Aukera hau Latinoamerikatik eta gainerako urrutiko herrialdeetako parte-hartzaileentzat soilik aktibatuko da.

35 urtetik beherako ikertzaileak aurkeztutako aurkezpen onenaren II. Saria


Durangoko Krimenaren Historia Zentroko XXI. Nazioarteko Mahai-Ingurua dela eta, aurkeztutako 35 urtetik beherako aurkezpen onenari bigarren saria emango zaio. Batzorde Zientifiko eta Antolatzaileak aurkezpenen gaien kalitatea eta azalpenak aztertuko ditu eta irabazlea hautatuko du. Saria mahai-inguruaren amaieran jakinaraziko da eta honako hau izango da: ohorezko diploma bat eta lana Clio & Crimen aldizkarian argitaratzea.

Mahai-inguruaren egoitza

Durangoko Etxezarreta Jauregia (Bizkaia)


Mahai-inguruaren datak

2023ko azaroak 2, osteguna, eta 3, ostirala.


Kontaktua

Krimenaren Historia Zentroa
Arte eta Historia Museoa

San Agustinalde kalea, 16
48200 Durango (Bizkaia)     ·     Tel. 94.603.00.20

e-mail: museo@durango.eus
Web: Durangoko Krimenaren Historia Zentroa > Zer da

Batzorde zientifikoa

Iñaki Bazán (Euskal Herriko Unibertsitea)
Tomás A. Mantecón (Kantabriako Unibertsitatea)
Pedro Oliver Olmo (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea)
Janire Castrillo (Euskal Herriko Unibertsitatea)

 

Batzorde antolatzailea

Iñaki Bazán (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Garazi Arrizabalaga (Krimenaren Historia Zentroa. Durangoko Arte eta Historia Museoa)
Alicia Onagoitia (Krimenaren Historia Zentroa. Durangoko Arte eta Historia Museoa)

*     *     *
Antolatzailea:
Laguntzaileak:


*  Durangoko Krimenaren Historia Zentroa krimenaren historia on-line eran ikertzeko, dokumentatzeko eta hedatzeko Zentroa da, eta nazioarteko komunitate zientifiko osoari dago zabalduta.

Krimenaren Historia Zentroa lantresna eskura erraza da kriminalitatea, desbideraketa, sistema penala, aginte publikoaren moduak, delituaren tipologia, delinkuenteak, biktimak, e.a. aztertu nahi dituen ikerlariarentzat, eta guztia klabe historiko batean. Kontuan izango da bereziki erdi aroko kronologia (V-XV mendeak) eta, subsidiarioki, kronologia modernoa (XVI-XIX mendeak).

* * Kongresu hau BARMER Itsasontzitik azokara. Jarduera ekonomikoa, gizarte-harremanak eta gatazka armatuak Behe Erdi Aroko Europa Atlantikoko hiri eta portuetan (PID2020- 118105GBI00) ikerketa-proiektuaren jardueren parte da.

* * * Goiburuaren irudia:
Rino Zitelli artxiboa. Gerediaga Elkartea.

*     *     *