2022ko IRAILAK 30 - URRIAK 23
Gauza gutxik eragiten didate jakin-mina, oso gutxik; eta behin ezagutu ondoren, irudi barreiatu batzuk atxikitzen ditut, esaldi edo hitz baten kadentzia. Baina nire unibertsoa, non azaleratzen baitira kadentzia eta irudi horiek, bata bestearengandik isolatuta eta inolako bilberekin lotu gabe, ez bada niretzat ere sekretu, ezezagun eta ikusezin den baten batekin, nire unibertsoa idorra eta malenkoliatsua da, izan.
Natalia Ginzburg. Bertute txikiak.
(...) eta, halaxe, han joan zen pixkanaka piztuz bizkarrezurraren erdian -hortxe baitatza arima-, ez ezpainetan dantzatzen zaigularik distira deritzogun argitxo elektriko gordin hori, baizik eta hartueman arrazionalaren gar horiaren dir-dir sotilago, sakonago eta ezkutuagoa.
Virginia Wolf. Gela bat norberarena.
Ella se calla. Él no pregunta. La frase permanece abierta, ella no sabe el final. Se cerrará más tarde, ella lo presiente, no precipita nada, espera.
Marguerite Duras
EX3
Etxetxo bat eta bihotz bat dela esan nuen. X-a bider seinua da hemen, ez da ixa hizkia. Polita da gauza batek aukera bat baino gehiago zabaltzea x formak bezala. Hala ere orain nik aukerak murriztu dizkizut biderketa bat dela esaterakoan, baina ez. Bider seinuari gazteleraz gainera por esaten zaio. Amama x aitite. Eta por -ek berriro aukerak zabaltzen ditu. X?
X “ez” bat ere izan daiteke, baita mosu bat. Edota puntu baten elkar gurutzatzen diren bi marra.
E hizkia 3 zenbakiaren simetrikoena da. E3 tximeleta bat ere bada. E gainera Erzillarena eta Etxegibelena da eta 3 marra horizontal ditu beste marra bertikal batetik irtetzen direnak, eta gu hiru ahizpa gara.
EX3=
Formulak gustuko ditut. Formula bat lengoaia formal bati dagozkion sinboloak dituen karaktere-sekuentzia edo kate bat da, halako moldez non espresioak formazio onaren arau batzuk betetzen dituen eta galdera bat onartzen duen.
Formulak galderak erantzuteko erabiltzen dira maiz, eta orain arte EX3 formula bezala ulertu dudan arren beharbada formula izango denaren galdera ere bada.
Formulek normalean egia bat bilatzeko balio dute, emaitza bat. Batzuk egia guztia ez direla ere konturatzera heltzen gara errealitatera gehiago hurbiltzen den beste formula bat lortzen dugunean. Nik ez dut egirik esaten formulak egitean, eta hala ere azaltzeko balio izaten didate. Ez dut egirik esaten eta ez dut egia esaten ari naizenik ere esaten, hori egia ez esatea baino mingarriagoa baitzait. Ez dut egirik esaten, ez dut berdinketarik sortzen.
Egia dena zera da, ez naizela egirik esateko kapaz, nire egiak ez badira behintzat. Eta hauek dira nire egiak.
Galderek aukerak zabaltzen dizkigute. Eta nik galderetan egon nahi dut. Aukerak zabaldu nahi ditut, zerbaitetan/nonbait egotekoak, gauzei/momentuei izaten uzteko, ezer exigitu gabe.
· · · · ·