ZER DA

Durangoko Krimenaren Historia Zentroa krimenaren historia on-line eran ikertzeko, dokumentatzeko eta hedatzeko Zentroa da, eta nazioarteko komunitate zientifiko osoari dago zabalduta.

Zer dela-eta Durangon era honetako on-line zentroa?

Erantzuna bere iragan historikoan dago. XV. mendean, Durangok, mugimendu heretikoaren sorrera eta garapena ezagutu zituen Frai Alonso de Mellaren gidaritzapean. Aginte zibilak eta elizak gogor erreprimitu zuten kutsu milenarista heresia hau. Mellaren dotrinaren jarraitzaile asko sutera kondenatu zituzten. Batzuk ihes egitea lortu zuten, heresiarka bera tarteko. Halaxe, Frai Alonso de Mella Granadako erresumara egin zuen ihes, eta bertan hil zen exekutatuta. Heresiaren zantzuak XVI. mendearen hasiera arte iraun zuten Durangaldean. Aldi berean, eskualde honek zenbait sorgin-guneren sorrera ezagutu zuen aipatutako mendeetan, Anbotoko sorginena esaterako. Horrexegatik, krimenaren historia, errepresio penala, desbideratzeak eta antzekoak ikertzen dituen historialariari aukera paregabea eskaintzen dio Durangok Erromatik markaturiko erlijio-ortodoxiaren desbideratzearen historian murgiltzeko eta bere orrialde garrantzitsuenak ezagutzeko. Izan ere, gertakizun hauek inportantzia handikoak izan baitziren ez bakarrik Euskal Herrian baita Europan ere. Horrexegatik, Durangoko agintariek, Uriaren memoria historikoa eta ondarea babesteko eta ezagutzera emateko garrantziaz jabeturik, zenbait ekimen bultzatu dituzte aipatutako helburua lortzeko, esaterako, Arte eta Historia Museoa sortzea eta, orain, Krimenaren Historia Zentroa.

Krimenaren Historia Zentroa lantresna eskura erraza da kriminalitatea, desbideraketa, sistema penala, aginte publikoaren moduak, delituaren tipologia, delinkuenteak, biktimak, e.a. aztertu nahi dituen ikerlariarentzat, eta guztia klabe historiko batean. Kontuan izango da bereziki erdi aroko kronologia (V-XV mendeak) eta, subsidiarioki, kronologia modernoa (XVI-XIX mendeak).

Historiografia handituz joan da bere lan esparrua, batez ere II. Gerra Mundiala amaitu zenetik, gai berriak aztertuz eta lehentasuna emanez ikuspegi sozialari ikuspegi politikoaren gainetik. Azken urteotan berebiziko garrantzia hartu dute talde sozialen ikerketek, marjinatuak eta desbideratuak barne. Halaber, gatazkak, familia, pentsamoldeak eta antzekoak ere ikertzen dira. XX. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan hasi ziren kriminalitatearen historia aztertzen Britainia Handian eta Frantzian. Hortik gutxira, Europako eta Ameriketako herrialdeetara hedatu zen ikerketa esparru hau. Gaur egun, ondare historikoaren berezko gaia bilakatu da, osasun ezin hobea duena alegia, eta honen adierazgarri doktoretza-tesiak, argitaratzen diren monografiak, artikulu espezializatuak edo batzar zientifikoak.