Abuztuko ordutegia: asteartetik igandera > 11:00 - 14:00
Antzinarotik, gizakiak bere burua eraldatu, edertu eta munduan duen presentzia forma ematen saiatu da, kosmetikoen eta perfumeen bidez. Eguneroko objektu hutsak diruditen arren, benetan, garai bakoitzeko balio estetiko, sozial eta kulturalen lekuko isilak dira. Nortasunaz, desiraz, modernitateaz eta eraldaketaz mintzo zaizkigun historia zatitxoak dira.
Ikusezina baina ahaztezina erakusketak edertasunaren historian barrena bidaiatzea proposatzen du, hautatutako aurpegi-hauts, ezpainetako eta lurrin-fraskuen bidez. Pieza horiek XIX. mendearen amaieratik XX. mendeko 90eko hamarkadara artekoak dira. Erakusketa berezi bihurtzen duena da pieza guztiak bilduma pribatu baten parte direla: Durangoko bildumazale batek hamarkadetan zehar arretaz bildu ditu, bere aita Armandok oparitutako lehen frasku batek piztutako pasioari esker sortu zen bilduma. Hura da erakusketa honi izena eta bihotza ematen diona.
Frasku hartatik abiatu zen maitasuna denborarekin hazi eta bilduma bihurtu da: ez da edertasunaren lekuko soila, baizik eta belaunaldi oso baten memoria gordetzen duen ondarea. Perfumeek, beren diseinu landuekin, izen iradokitzaileekin eta esentzia bereziekin, makillaje- produktuekin batera osatzen dute bilduma: hauts-kutxa dotoreak, garai bateko ezpainetakoak, estiloa eta joerak markatu zituzten ontzi ikonikoak.
*
Bost atal kronologikotan banatuta —XIX. mendearen amaieratik 90eko hamarkadara arte—, erakusketak aukera ematen digu ikusteko nola aldatu den edertasunaren mundua gizarte-aldaketa handiekin batera: emakumeen lan-munduratzea, estetika- arauen askapena, diseinu industrialaren gorakada, zinema eta publizitatearen eragina, eta abar.
Baina erakusketa honek ez du iragana bakarrik begiratzen: egungo garaiaz hausnartzera ere gonbidatzen gaitu. Irudiak eta kontsumoak leku nagusia duten garaiotan, objektu intimo baina unibertsal hauek begien aurrean izateak aukera ematen digu perfume eta kosmetikoen balio sinbolikoa eta emozionala berreskuratzeko. Frasku bakoitzak, kutxa bakoitzak, tonu edo usain bakoitzak istorio bat gordetzen du. Eta bildumazale honen eskuzabaltasunari esker, gaur egun istorio horietara hurbiltzeko aukera dugu.
Katalogo honek istorio horren parte bat biltzen du. Objektuen irudien eta bildumaren jabearekin egindako elkarrizketa pertsonal baten bidez, omenaldia egin nahi diogu: ez bakarrik edertasunari arte eta adierazpen gisa, baizik eta bildumagintzari berari ere, oroimenaren, zaintzaren eta maitasunaren ekintza gisa.
*
Bai, oso ondo gogoratzen dut. Nire lehenengo lurrina sei urte nituenean erosi zidan aitak: Myrurgiaren Maga izeneko fraskotxo bat. Bilboko arrastoan aurkitu genuen, garai hartan itsasadarraren gainean jartzen zena. Kosmetikoekin, berriz, oso txikitatik jolasten nuen -bi urte nituela jada-. Margaret Astor-en kolore marroiko barra laukia bereziki gustatzen zitzaidan; magikoa iruditzen zitzaidan.
Ez zen aurreikusitako zerbait izan. Sei urte nituela, aitarekin batera arrastora joan nintzen. Bertan, trapu batean hainbat objektu zeuden, eta haien artean ikusi nuen fraskotxo hura. Berehala erakarri ninduen: forma delikatua zuen, eta tapoiak diamante baten antza zuen. Une hartatik aurrera, antzeko piezak bilatzen hasi nintzen.
Nire aita funtsezkoa izan zen. Bera ere bildumagilea da: irrati zaharren bilduma handi bat du, baita txanponak, erlojuak eta beste hainbat objektu ere. Gure etxea beti izan da museo txiki bat bezalakoa. Igandero arrastrora eta antigoaleko azoketara joaten ginen elkarrekin, Bilbon eta Galizian. Berak transmititu zidan objektu zaharrekiko eta haien historiarako maitasuna. Lehenengo fraskoa berari esker lortu nuen, eta horrela hasi zen nire bilduma.
Ez dut zenbaki zehatzik, baina uste dut 500 lurrin baino gehiago eta 200 kosmetiko pieza baino gehiago ditudala.
Intuizioari jarraitzen diot batez ere. Lurrin eta kosmetikoen historiari buruz asko irakurri eta ikasi dut, eta ezagutza hori da nire gidaria. Ez dut logika zorrotzik jarraitzen; bihotzari eta esperientziari jarraitzen diet.
Bai, aspalditik bilatzen ari naizen bat: 1919ko Barón Dandy. Fraskoa gizon baten formakoa da, eta tapoia bere burua da. Beti liluratu nau, baina inoiz ez dut aurkitu.
XIX. mendetik 1950era bitarteko fraskoak liluratzen naute, bereziki Lalique maisuarenak —delikatuak, femeninoak— eta Baccarat-en diseinuak, indartsuagoak eta sendoagoak. Halaber, Schiaparelli, Lanvin, Lucien Lelong, Guerlain, Nina Ricci, Jean Patou, Jacques Fath eta, noski, Myrna Pons bezalako etxeen lurrinak interesatzen zaizkit.
Nire bilduma osorik pertsonalki eskuratu dut. Inoiz ez dut internet bidez erosi. Urteetan zehar, aitarekin batera arrastoak, drogeria zaharrak, antigoaleko azokak eta abar bisitatzen genituen. Piezen bila ibiltzea, haiek ezagutzea eta aurkitzean emozionatzea oso garrantzitsua izan da nire bizitzan.
Piezak bitrina handi batean ordenatuta eta argitik babestuta daude, haien egoera ona bermatzeko. Haien kontserbazioaz asko arduratzen naiz.
Dudarik gabe. Adibidez, 80ko hamarkadan, nire aitak Andros lurrina erabiltzen zuen, eta haren iragarkia italiarra zen. Usainak berehala eramaten nau harengana; usaimena nire oroimenean grabatuta daukat. Margaret Astor-en ezpainetakoak ere nire amona gogorarazten didate; ezpainak eta masailak margotzeko erabiltzen zituen. Esentzia horiek hunkitu egiten naute.
Asko ematen dit. Lurrin eta kosmetikoen bidez historia eta moda esku artean izatea zoragarria da. Bilduma honek arduratsu eta harro sentiarazten nau, denboraren eta edertasunaren zatiak bildu ditudala sentitzen dut. Haien kontserbazioaz asko arduratzen naiz, piezek duten balioaz oso kontziente naizelako.
Dena erakusten dute: artea, irudimena, asmamena, pasioa, gustu ona, sofistikazioa. Lurrin eta kosmetikoek gizartearekin batera eboluzionatu dute, haien desioak, beharrak eta balioak islatuz. Hasieran luxuzko artikuluak ziren, gutxi batzuen eskura; denborarekin demokratizatu egin ziren. Haien bidez, historia beste ikuspegi batetik irakur dezakegu.
Amets bat egia bihurtu da. Sei urteko neskatila hura bezala sentitzen naiz, bere lehenengo fraskotxoa eskuetan zuena. Inoiz ez nuen pentsatu bildumak bere espazio propioa izango zuenik besteekin partekatzeko.
Lurrinaren historiaren bidaiaz goza dezatela, usainek, fraskoek eta oroitzapenek eraman ditzatela. Iragana beste modu batean ikusteko aukera izan dezatela, sentsorialagoa eta intimoagoa. 15. Zein aholku emango zenioke antzeko bilduma bat hasi nahi duenari?
(Barreak) Ez dezala egin. Gaur egun oso zaila litzateke horrelako bilduma bat osatzea. Dena asko aldatu da. Hala ere, nire aholkua da benetan garrantzitsua denean denbora inbertitzea: familia, lagunak, afektuak. Haiek dira gorde behar ditugun benetako “fraskoak”.