Fernando Beorlegui Beguiristain (Arrizabalaga, Nafarroa 1928 - Eibar, Gipuzkoa 2008) enologian aritzen zen familia batean jaio zen. Ume-umetatik, pinturaren eta marrazkiaren gaineko interes handia erakutsi zuen. Eremu artistikoko lehen urratsak nerabezaroan eman zituen, Iruñera joan zenean administrazio ikasketak egitera. Nafarroako hiriburuan Javier Ciga margolari kostunbrista ospetsua izan zen bere lehen irakaslea. 1945ean, bere familiarekin batera joan zen Lizarrara. Bertan, Gustavo de Maeztu ezagutu, eta zuzenean aztertu zuen bere lana.
1950 inguruan, bere norabide artistikoak hedatu asmoz, Madrilera abiatu zen. Pintura eta marrazketa eskolak jaso zituen Chicharroren estudioan eta Arte Ederren Zirkuluan eta, hala, bere teknika hobetu eta uneko korronte artistikoak bertatik bertara aztertzeko aukera izan zuen. Garai hartan ezagutu zituen Daniel Vázquez Díazen lana, Óscar Domínguezen surrealismoa eta Alberto Sánchez-en eskultura, bere bilakaeran oinarrizko erreferentzia bilakatu zirenak.
Madrilek ez zion prestakuntza plastiko solidoa soilik eskaini; errepertorio bisual zabalagoa eta aberatsagoa osatzeko aukera ere eman zion. Gustav Doré, Francisco de Goya edo José Gutiérrez Solana bezalako maisuen teknika eta estiloa aztertu eta jorratzea ezinbestekoa izan zen bere hizkuntza piktorikoaren garapenean. Horien bidez, Beorleguik dramatismoa, argi kontrastea eta errealitatearen ikuspegi kritikoa txertatu zituen margolan eta grabatuetan, bere nortasun artistikoa izango zen horren oinarriak finkatuz.
1952an Logroñora joan, eta upategiak hornitzeko negozioaren ardura hartu zuen. Bertan, margolari talde batekin partekatu zuen estudioa, eta Arte eta Lanbide Eskolan buztina lantzeko eta igeltsua husteko teknikak ikasi zituen, «Reina» irakasle zuela.
1954an, María Luisa Ereñarekin ezkondu, eta Logroñon finkatu zen. Ondoren, 1958an, Eibarrera lekualdatu zen. Hiri hori Beorleguiren heldutasun artistikoaren, ondarearekiko konpromisoaren eta artearen irakaskuntzaren epizentroa bilakatu zen. Inguru industrial hartan, dinamismo eta eferbeszentzia kulturaleko giroan murgilduta, artistak bere ekoizpen plastiko handiena garatu zuen. Gainera, berebiziko garrantzia izan zuen arte bisualen inguruko sare kolektiboa eraikitzeko orduan.
70eko hamarkadan, Eibarren gorakada kultural nabarmena egon zen, Beorlegui bera ere partaide aktiboa izanik. Debako Eskola martxan jartzeko proiektuan eragile garrantzitsua izan zen, bere ikuspegia eta ezagutza txertatu baitzituen izen handiko beste artista batzuekin batera. Ondoren, Arrate Kultur Elkarteko kide eta zuzendari gisa, euskal artea eta nortasuna sustatzeko ekimenak bultzatu zituen, tradizioaren eta modernitatearen arteko lotura ezarriz. «Gorutz» taldean egonik, Daniel Txopitea, Iñaki Larrañaga eta Marino Plazarekin batera, panorama artistikoaren agente dinamizatzaile gisa zuen rola indartu zuen.
80ko hamarkadan, bere ibilbidea guztiz finkatuta, Beorlegui arte grafikoen irakasle eta sustatzaile gisa nabarmendu zen. Aurreko hamarkadan diziplina hau lantzen hasi ondoren, erabakigarria bihurtu zen teknika hauen hedapenean. Eibarko Armagintza Eskolako ikastaroetan gauzatu zen, adibidez, bere magisteritza. Horietako batetik, beste grabatzaile eta damaskinatzaile batzuekin batera, Azido Taldea sortu zen. Pedro Azpiazuren laguntza ezinbestekoa izan zen Elgoibarren Egur Arte Eskola sendotzeko. Espazio horietatik artisten belaunaldi berrien prestakuntza bultzatu zuen. Bere oinordetza bere banakako lanaz harago doa, garaiko nortasun artistikoan txertatzeraino.
Nahiz eta bere ibilbide artistikoa berrogeita hamarreko hamarkadan hasi, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan iritsi zen Beorlegui bere adierazpen plastikoaren gorenera. Urte horietan, bere unibertso artistikoak konplexutasun handiena lortu zuen, errealitatea plano onirikoa eramanda.
Aldi hartan, Euskal Herria eferbeszentzia kultural betean zegoen. Beorleguiren irudimenak eta argitasunak hori ere jaso zuten. Garai hartako bere lanaren aberastasuna ez da soilik sortzaile gisa lortutako heldutasunaren emaitza, baizik eta baita ezarri zituen harreman pertsonal eta artistikoen ondorio ere. Bere xarmari eta bere garaikideak baino apur bat nagusiagoa izateari esker, laguntasun sareak osatu ahal izan zituen artista handiekin, besteak beste Jorge Oteiza, Gabriel Ramos Uranga, Juan Luis Mendizabal, Txema Cundín, José Luis Zumeta eta Vicente Ameztoyrekin, bai eta Gorutz taldeko kideekin ere. Sortzaileen zirkulu hori funtsezkoa izan zen bere ekoizpena elikatu zuten ideia eta kezkak trukatzeko.
Urte horietan egindako lanek, argitasunez eta umore zorrotzez beteak, ironia eta kritika soziala txertatu zituzten oinarrizko elementu gisa. Bere konposizioen artean, protagonistek ahotsa altxatzen dute bidegabetzat jotzen zituen ideien aurrean: ezarritako boterea, lan industrialaren alienazioa, arrazarekin lotutako arazoak eta euskal hiri txikietako (besteak beste Eibar, Elgoibar, Durango eta Bilboko) eraldaketa urbanistiko eta ekologikoa kritikatu zituen.
Horrela, 80ko hamarkada izan zen Beorleguiren etaparik biziena eta esanguratsuena, bere artea garai haren isla zorrotz eta bizia bihurtu zelako, bere oinordetza Euskal Herriko historia kulturalaren parte bilakatu ahala.