Pilar Zubiaurre Agirrezabal (Garai, 1884- Mexiko Hiria, 1970) intelektual, idazle, pianojole eta arte-merkataria izan zen. Aita, Valentín María Zubiaurre, Errege Jauregiko kaperako musikaria izan zenez, Madrilera joan ziren bizitzera Pilar haurra zelarik. Familiako gizonen ospearen itzalean geratu zen, etxeko zutabe izan zen arren. Anaia margolariak, Ramón eta Valentín, gorrak ziren eta arreba oso garrantzitsua izan zen euren bide pertsonal zein artistikoetan. Pilarrek egiten zituen artelanak saltzeko negozioak eta nazioarteko erakusketetan kokatzeko gestioak.
1910-1920-1930 hamarkadetan Madrileko bizitza kulturalaren parte izan zen Pilar Zubiaurre. 98 eta 27ko belaunaldietako artista eta intelektualekin harremanak izan zituen, eta horietako hainbat Sábados de Zubiaurre jaialdian elkartzen zituen, anaien estudioan.
1926an Madrileko Lyceum Club Femeninoren sorreran parte hartu zuen. Europako ereduak hartuz, emakumeen kulturarako eta gogoetarako topagune bat izan zen; batez ere burgesiako emakumeek parte hartzen zuten. Zubiaurre literatura arloko arduraduna izan zen hainbat urtez, hitzaldi zein errezitaldiak antolatu zituelarik.
1938an, gerraren eraginez, Mexikon erbesteratu beharra izan zuen bere senarrarekin -Ricardo Gutierrez, Juan de la Encina bezala ezaguna zen arte kritikaria eta Madrilgo Arte Modernoko zuzendaria- eta Leopoldo umearekin. Mexikon, Euzko Deya aldizkarian Evocaciones artikulu sorta idatzi zuen, herrimina erakutsiz.
1970ean hil zen Mexikon, sorterrian bizitzera etortzeko hegazkina hartu bezperatan. Gerora, familiak Garaira ekarri eta bertako hilerrian dago, Anbotora begira, berak desio zuen bezala.
Bere aita, Valentín María Zubiaurre, konpositorea eta Madrilgo Musikako Errege Kontserbatorioko irakaslea izan zen. Haren urratsei jarraikiz, Pilarrek gaztetatik jaso zituen piano eskolak. Espazio honetan bildutako diploma eta argazkiak ikusita, aise egiaztatu daiteke bere bizitzan zehar musikarekin izan zuen harremana. Sarritan jotzen zuen pianoa bere gonbidatuentzat, eta hainbat erretratutan agertu zen tresna horrekin batera.
Bere familian ohikoa zen gisan, eta bere neba nagusiak imitatuz, Pilarrek umetatik landu zuen marrazketa ere. Artelan hauek egin zituenean, hamar eta hamabost urte bitartean zituen. Bertan, bere lehen kezka artistikoak ageri dira, bai eta bere anaia Valentínengandik ikasitakoak ere. Izan ere, neba maisutzat zuen, Pilarrek berak bere marrazkietako batzuetan idatzi zuen moduan. Halaber, bozelketa ere asko interesatzen zitzaion, eta teknika horrekin egindako lanak ikusgai jarri zituen erakusketa kolektibo batean.
Pilar Zubiaurrek ibilbide oparoa izan zuen idazle eta artikulugile lez. Hainbat eta hainbat testu argitaratu zituen egunkari eta aldizkarietan, ezizen ezberdinak baliatuta. Haien artean, nabarmentzekoak dira Bizkaitarra egunkarian azaldutakoak, Hulda de Garay izenarekin, eta, erbestean egon zen bitartean, Euzko Deya: La voz de los vascos en México egunkarian argitaratutakoak, Landabarrenako Damia izenpean. Idatziotan, euskal kulturarekin, ohiturekin eta gizartearekin lotutako gaiak landu zituen.
1910eko hamarkadan, Pilar Zubiaurrek tertulia batzuk antolatu zituen, «Zubiaurretarren larunbatak» lelopean (jatorrian, «los Sábados de los Zubiaurre»). Madrilgo bizimodu kulturaleko pertsona nabarmenak batzen ziren han, hala nola artistak, idazleak eta intelektualak. Gaurdaino iritsi diren gutun, eskaintza eta erretratuei esker, badakigu Pilarrek harreman pertsonal eta profesionala izan zuena ospetsu horietako askorekin.
Pilar Zubiaurre askotan aritu zen modelo bere neben lanetan, bai erretratuetan, bai beste konposizio batzuetan. Bistan da, beraz, senideen arteko harremana estua zela eta elkar miresten zutela. Pilarrek, gainera, album batean bildu zituen bere neben erakusketekin lotutako prentsa zatiak, guztiz inplikatuta baitzegoen beren artea zabaldu eta sustatzeko lanean.
Argazki horien bidez, Pilar Zubiaurreren bizi ibilbidean barrena murgildu gaitezke, umezarotik helduarora. Bere nebek argazkilaritza maite zutenez eta familiaren artxiboan hainbat elementu gorde direnez, irudi asko ditugu, bere bizitzaren eta inguruaren lekukotza baliotsua ematen dutenak.