Honako hau da Durangoko Krimenaren Historia Zentroko XXIV. Mahai-ingururako aukeratutako gaia: Kleroa: biktima eta kaltegilea historian zehar.
Historian zehar, kleroak oso posizio anbibalentea izan du gizarte-, politika-, eta kultura-egituren barruan, eta, aldi berean, botere- eta hauskortasun- guneetan kokatu da. Erakunde gisa, eragin sinbolikorako gaitasun handia izan du —autoritateak legitimatzeko, arau moralak zehazteko edo identitate kolektiboak eraikitzeko—, eta, testuinguru askotan, botere material eraginkorra ere bai, lurren jabetzarekin, pribilegio juridikoekin edo gobernatzen duten eliteekiko hurbiltasunarekin lotuta. Hala ere, zentralitate horrek berak tentsioen, gatazken eta indarkerien helburu bihurtzera eraman du, batez ere aldaketa politiko, erlijio-krisi edo gizarte-eraldaketa sakonen uneetan.
Baldintza bikoitz hori argi ikusten da historian zehar: kleroaren sektoreek kontrol ideologiko eta sozialeko mekanismo instituzionaletan aktiboki parte hartu zuten, disidentzia erlijioso, moral edo politikoaren jazarpenean lagunduz, eta, era berean, eliza-talde horiek ere indarkeria jasan zuten gatazka politiko eta konfesionalen testuinguruetan. Esate baterako, Erreformaren eta erlijio-gerren garaian, klero katoliko eta protestanteko kide asko jazarri, kanporatu edo exekutatu zituzten beren erlijioagatik. Era berean, aro garaikideagotan, hala nola Espainiako Gerra Zibilean, kleroa botere-egiturekin lotzen zen, eta, horregatik, indarkeria antiklerikala, jazarpena eta hilketak jasan zituen. Bi Mundu Gerretako gatazka armatuek eta gaur egun albiste direnek ere indarkeria-ekintzak adierazten dituzte, eta horietan kleroa modu batera edo bestera biktima gisa edo kaltegile gisa agertzen da.
XXIV. Nazioarteko Mahai-inguru honetan, kleroaren dualtasun horri —dominazio-agentea edo indarkerien legitimatzailea da, eta, aldi berean, jazarpena, errepresioa edota martirioa jasaten ditu— ekiteko hainbat gai-ildo proposatu dira:
Lehenengoan, erreferentzia egingo diogu ortodoxiarekiko disidentea den kleroari. Ildo honetan erlijio-erakundearen barrutik ezarritako doktrinak, praktikak edo botere-egiturak zalantzan jarri zituzten kleroko kideak aipatuko ditugu, obedientziaren eta kritikaren arteko tentsio-posizioan kokatuz. Kasu paradigmatiko bat da, adibidez, Jan Hus-ena (XV. mendea), apaiz eta erreformatzaile bohemioarena, elizaren ustelkeria salatu eta fededunengandik hurbilago zegoen eliza bat defendatu zuena. Konstantzako Kontzilioan (1415) heretiko gisa kondenatu zutenean, agerian geratu zen kleroen disidentzia zorrotz erreprimitu zitekeela. Testuinguru berriagoetan, barne-disidentzia bezala ere har daitezke, gerra guaranien esparruko jesuiten jarreretatik hasi eta Latinoamerikako Askapenaren Teologiarekin (XX. mendea) lotutako kleroaren sektoreek defendatutakoetaraino; izan ere, horiek zalantzan jarri zituzten bai egitura sozioekonomiko bidegabeak, bai elizaren hierarkiaren posizio kontserbadoreak, eta, batzuetan, zigor instituzionalei aurre egin behar izan zieten.
Bigarren ardatzean elizgizon “gaiztoaren” irudiari helduko diogu. Zelibatuaren ideal normatiboen, sexu-moralaren eta kleroko kideen benetako jokabideen arteko tentsioak aztertuko ditugu. Historian zehar, asko izan dira sexu-arauak hausten zituen kleroari buruzko aipamenak, literatura satirikotik hasi —Boccacioren Dekamerona liburuko kontakizun antiklerikalak edo Erdi Aroko fabliaux-ak, adibidez— eta legez kanpoko harreman edo praktikengatiko prozesu judizialetaraino, hala nola, ohaidetza, eskaera eta sodomia. Aro garaikidean, gaiak garrantzi berezia hartu zuen eliza katolikoaren sexu-abusuen eskandaluekin, delituzko jokabide indibidualak ez ezik, boterea estaltzeko eta kudeatzeko dinamika instituzionalak ere agerian utzi baitzituzten.
Hirugarren gai-ildoak antiklerikalismoa izango du ardatz, eta bertan kleroa indarkeriaren, jazarpenaren edo marjinazioaren subjektu gisa aztertuko dugu, eraldaketa politikoaren, gatazka ideologikoen edo sekularizazio-prozesuen testuinguruetan. Egoera horietan, kleroa eraso fisiko edo legalen zuzeneko biktima gisa agertzeaz gain, ordena sozial, politiko edo kultural baten sinbolo gisa ere agertzen da. Horren adibide da Frantziako Iraultza, non Kleroaren Konstituzio Zibilaren (1790) aurka egin zuten kleroko kide asko jazarriak, deportatuak edo exekutatuak izan ziren. Elizaren eta botere politikoaren arteko konfrontazio-logika berean sartzen da Jesusen Lagundia kanporatzea XVIII. mendean. Jesuitak Portugaldik (1759), Frantziatik (1764) eta Espainiatik (1767) —beren lurralde kolonialekin batera— kanporatu zituzten arrazoi politiko, ekonomiko edota ideologikoengatik. XIX. eta XX. mendeetan, antiklerikalismoa indartsu agertu zen Europako eta Latinoamerikako hainbat herrialdetan. Espainiaren kasuan, Gerra Zibilean (1936-1939), milaka erlijioso hil zituzten eremu errepublikarretan, sektore askok kleroa botere-egitura kontserbadoreekin identifikatzen zuten testuinguruan. Era berean, Mexikon, Kristera Gerran (1926-1929), Elizaren eta Estatu iraultzailearen arteko liskarrak jazarpenak, kultu-murrizketak eta kleroaren aurkako indarkeria gertakariak eragin zituen. Aipatzekoa da, baita, Erdialdeko Amerikako “José Simeón Cañas” Unibertsitateko jesuiten kasua, non, Ignacio Ellacuría buru zutela, El Salvadorreko armadaren batailoi batek hil zituen 1989an, ezarritako ordenaren etsaitzat hartu baitzituzten.
Azken puntuan kleroa kontrol- eta justizia-sozialeko agente gisa aztertuko dugu. Kleroak arauen, boterearen eta gizartearen arteko bitartekari gisa duen eginkizun konplexua izango dugu ardatz, eta ordenaren zein justizia sozialaren, desberdintasunen salaketaren eta sektore ahulenen defentsan duen zeregina azpimarratuko dugu. Kleroak historikoki alderdi bikoitz horretan jardun du, diziplina sozialeko praktikak babes- eta laguntza-ekimenekin uztartuz. Alde batetik, kleroa kontrol sozialerako funtsezko tresna izan da, predikazioa, fedea, zaintza morala edo eliz epaitegietan parte hartzea bezalako mekanismoen bidez. Kontrol- eta diziplina-logika horretan kokatzen da zenbait elizgizonek zigor-jardunbideetan duten zeregina, bai arlo teorikoan, bai instituzionalean. Bereziki esanguratsua da Magdalena de San Jeronimoren kasua (XVI – XVII. mendeak), emakume-kartzela bultzatu zuena, hau da, “desbideratutzat” zituzten emakumeak giltzapetzeko espetxea.
Hala ere, zaintza- eta zigor-eginkizun horiekin batera, kleroak zeregin garrantzitsua izan du justizia sozialeko eta ahulenak babesteko moduak sustatzen. Amerika kolonialean, Bartolomé de las Casas bezalako erlijiosoek aktiboki defendatu zituzten indigenak sistema kolonialaren gehiegikerien aurrean, egiturazko indarkeria salatuz eta duintasun eta gizatasun printzipio kristauak aldarrikatuz. Azken garaietan, dimentsio hau kleroak gizarte-mugimenduetan eta giza eskubideen mugimenduetan izan duen inplikazioan islatu da; esate baterako, Latinoamerikako Askapenaren Teologiarekin lotutako sektoreetan, horien artean Ellacuria buru zuten jesuitetan, edo gatazka-testuinguruetan bitartekotza- eta adiskidetze-prozesuetan parte hartu zuten erlijio-figuretan.
Durangoko Krimenaren Historia Zentroko XXIV. Nazioarteko Mahai-Inguruan aurkezpenak egiteko deialdia zabalik dago unibertsitateko kide guztientzat, baldin eta gaiarekin zerikusia duten ikerketak egin badituzte. Aurkezpenak honako atal hauen barruan sartuko dira:
Ortodoxiarekiko disidentea den kleroa.
Elizgizon “gaiztoak”: sexualitatea, transgresioa eta eskandalua.
Antiklerikalismoa eta kleroaren jazarpena.
Kleroa kontrol- eta justizia sozialeko agente gisa.
Kleroa biktima eta delitugile gisa aztertu ahal izango da Antzinarotik Orainaldira arteko kronologian, baita Historiak, Zuzenbideak, Soziologiak, Antropologiak, Artearen Historiak, Zientzia Politikoak, Filosofiak, Literaturak eta Hezkuntzak eskaintzen duten ikuspegi konparatu eta diziplinartekotik ere.
Proposamenak 2026ko irailaren 21era arte bidali ahal izango dira, helbide elektroniko hauetara: museo@durango.eus y i.bazan@ehu.eus
Word formatuan bidali beharko dira, eta atal hauek izan beharko ditu:
Egile(ar)en datuak:
izen-abizenak, lantokia, kategoria akademikoa, helbidea, telefonoa (finkoa eta/edo mugikorra) eta e-maila.
Aurkezpenaren izenburua eta laburpena
(3.000 karaktere gehienez, hutsunerik gabe).
Batzorde zientifikoaren erabakia proposamenak bidaltzeko epea amaitu ondoren jakinaraziko zaie hautagaiei.
Mahai-ingurua Durangoko Etxezarreta jauregian egingo da, Krimenaren Historia Zentroaren egoitzan. Hala ere, online gune bat irekiko da, bertaratu ezin direnek mahai-ingurua formatu birtualean jarraitu ahal izateko, webinar baten bidez. Konexio arazoak saihesteko, modalitate birtuala aukeratzen duten parte-hartzaileek beren aurkezpenaren bideo bat bidali beharko dute mahai-ingurua hasi baino astebete lehenago.
Izen-ematea (hizlariek izan ezik) email bidez egin beharko da museo@durango.eus helbide elektronikora izen-abizenak bidaliz, solasaldiaren eguna baino lehen.
Bertaratuek eta online jarraitzen dutenek ziurtagiri bat lortzeko eskubidea izango dute, eta ETCS kreditu bategatik (1) (25 ordu) baliozkotu ahal izango dute, unibertsitate bakoitzaren araudiaren arabera. Horretarako, gutxienez saioen % 90era joan/konektatu beharko da.
Durangoko Krimenaren Historia Zentroko XXIV. Nazioarteko Mahai-Ingurua dela eta, 35 urtetik beherako aurkezpen onenaren laugarren saria banatuko dugu. Batzorde Zientifiko eta Antolatzaileak aurkezpenen gaien kalitatea eta azalpenak aztertuko ditu eta irabazlea hautatuko du. Saria mahai-inguruaren amaieran jakinaraziko da eta honako hau izango da: ohorezko diploma bat eta lana Clio & Crimen aldizkarian argitaratzea.
Durangoko Etxezarreta jauregia (Bizkaia)
2026ko azaroaren 5ean (osteguna) eta 6an (ostirala)
Krimenaren Historia Zentroa
Arte eta Historia Museoa
San Agustinalde kalea, 16
48200 Durango (Bizkaia) Tel. 94.603.00.20
E-mail: museo@durango.eus
Web: Durangoko Krimenaren Historia Zentroa
Iñaki Bazán (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Tomás A. Mantecón (Kantabriako Unibertsitatea)
Pedro Oliver Olmo (Gaztela-Mantxako Unibertsitatea)
Janire Castrillo (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Ekaitz Etxeberria (Euskal Herriko Unibertsitatea)
Garazi Arrizabalaga (Krimenaren Historia Zentroa. Durangoko Arte eta Historia Museoa)
Alicia Onagoitia (Krimenaren Historia Zentroa. Durangoko Arte eta Historia Museoa)
Joana Rezola (Krimenaren Historia Zentroa. Durangoko Arte eta Historia Museoa)
* Durangoko Krimenaren Historia Zentroa krimenaren historia on-line eran ikertzeko, dokumentatzeko eta hedatzeko Zentroa da, eta nazioarteko komunitate zientifiko osoari dago zabalduta.
Krimenaren Historia Zentroa lantresna eskura erraza da kriminalitatea, desbideraketa, sistema penala, aginte publikoaren moduak, delituaren tipologia, delinkuenteak, biktimak, e.a. aztertu nahi dituen ikerlariarentzat, eta guztia klabe historiko batean. Kontuan izango da bereziki erdi aroko kronologia (V-XV mendeak) eta, subsidiarioki, kronologia modernoa (XVI-XIX mendeak).
* * Kongresu hau BARMER Itsasontzitik azokara. Jarduera ekonomikoa, gizarte-harremanak eta gatazka armatuak Behe Erdi Aroko Europa Atlantikoko hiri eta portuetan (PID2020- 118105GBI00) ikerketa-proiektuaren jardueren parte da.
* * * Izen burua:
Diebold Schilling zaharra, Spiezer Chronik (1485): Jan Hus-en erreketa sutan