Ezagutza kokatuan oinarrituta dago lana, ezagutza bat testuinguru zehatz batean garatua eta erabilia da, leku, kultura, esperientzia edo komunitate jakin bati lotuta; kasu honetan, egilearenari. Ikuspuntua azaltzea ezinbestekoa da, neutraltasuna ez baita existitzen eta bakoitzak bere errealitatetik, baldintzetatik eta ideietatik ekiten dio sorkuntza lanari.
Sorkuntzaren bidez gogoeta bultzatu nahi du Harien Isla proiektuak. Horregatik, lanek, hitzek zein galderek ikuslea ispiluaren aurrean jarri nahi dute, erakusketa gogoetarako espazio bilakatu eta ikusleek haien hausnarketak partekatu ditzaten ibilbidean zehar. Errealitate konplexuak harilkatuz, begirada propioa aktibatzeko gonbita luzatu nahi du, elkarrizketa eta partehartzea erdigunean jarriz.
Harien Isla proiektua 2024ko Durangoko Azokaren Sormen Beka deialdiko lan irabazlea da.
Aurpegi goibela duen izaki bat kalean barrena doa oinez, astiro eta herrenka. Zaurituta dago eta zauri hori berea dela uste du, berea bakarrik, zauri hori berak bakarrik daramala, zauriak berari bakarrik ateratzen zaizkiola, modu naturalean. Zaurientzat dendan saltzen dituzten ukendu garestiak probatu ditu. “Arraroa, urre arrastoa dute denek”, pentsatu du. Hasieran pixka bat hobeto sentitzen da, baina hortik gutxira, beste zauri bat agertu ohi zaio azalean.
Ez daki, ordea, iluntasunean bera bezalako izaki goibelak dabiltzala hara eta hona, mina norberarena denaren usteak txikiturik. Inork ez du gora begiratu oraindik, lainoen gainean zer ote dagoen.
Urrezko egitura ziztatzaile eta ia ikusezinak goitik begiratzen ditu. Egunerokotasuneko txokoetan ezkutuan aritzen da. Berak ezartzen ditu arauak eta izaki goibelen buruak bereganatzen ditu, apurka-apurka, inor konturatu gabe.
Zapalduak ez dauka beti zapaldu izatearen kontzientziarik eta hori da zapaltzailearen lehen abantaila.
Urrea lasai bizi da, badaki eta dena kontrolpean duela. Beheko izakiak ziztada sotilen bidez kontrolatzen ditu, arautik irten ez daitezen.
Gaur, izaki burumakur bik topo egin dute dendan, biek krema berdina erosi dute:
- Zu ere urraturen bat osatu nahian?- Galdetu dio besteari.
- Bai, atzo burokrazia kontu batzuk egitera joan nintzen eta ez dakit nola, baina urratu honekin itzuli nintzen etxera. -“Ene! Nire urratuaren berdin-berdina da”, pentsatu du.
- Zer gertatu zitzaizun zehazki une horretan?
- Zer ez… Euskaraz hobe moldatzen naiz eta hala zuzendu nintzaion langileari, hark zakar erdaraz egiteko erantzun zidan; gainera, nahi nuen horretan ez zen euskarazko aukerarik... Alde egin nuen burumakur.
Solaskidearen kontakizunak eszena ezagunak ekarri dizkio gogora eta pentsatu du: “ez da bidezkoa”. Zerbaitek “krak” egin dio; agian, mina ez da bere-berea. Etxera heldu eta ukendua ematera dihoala, konturatu da urratua hobeto dagoela inolako kremarik eman gabe. Arraroa.
Hurrengo egunetan lagun gehiagorekin elkartu eta kontakizun antzekoak entzun ditu. Urratua gero eta hobeto dago, lagunenak ere osatzen hasi dira (ez denak, lagun batzuek bestelako urratuak dituzte, bere azalean inoiz egon ez direnak).
Solaskideen artean galderak sortzen hasi dira. Orduantxe, gora begiratu eta urre koloreko tentakulu batzuk ikusi dituzte. Ezkutatzen saiatu da, baina ez dago atzera bueltarik, ikusi dute eta behelainoa argitzen hasi da bat-batean. Gogoratu dute zeintzuk diren Urreren arauak: euskaraz aritzeagatik eta mundura euskaraz agertzeagatik jasotzen dituzte ziztada horiek. Urrek osatutako sistemak egituratzen du zer den araua eta zer normala, zerk duen balioa eta zerk ez.
Haren arabera euskarak eta euskaldunek ezin dute erdigunea okupatu.
Burumakurrek burua altxa eta begietan dirdira berezi bat dutela ikusi dute, urrezkoa da, baina desberdina. Indartsua. Elkar ulertu dute ezer esan gabe: zerbait egiteko ordua da.
Lehenik eta behin, analisiari ekin diote gure izakiek, tentakulu boteretsuen dinamikak hobeto ulertu behar dituztela adostu dute. Horretarako, bakoitzaren bizipenetatik hasi eta euskaldun izategatik ondo lotuta dituzten etiketak arakatzen hasi dira.
- Gure auzokoak denak aldeanoak garela esan dit batek niri.
- Niri esan dit ea zertarako ikasten dudan euskara, hobe nukeela ingelesa ikasi.
- Ba niri euskara altxor bat dela esan didate, baina izkin batean gordetzeko, eremu pribatuan erabiltzeko.
Etiketak pilatu eta pilatu doaz eta denek ala denek kokatzen dute euskara bazterreko, batzuek gordin eta besteek purpurina pixka batekin. Gainera, azterketa sakon horretan mendeetan metatutako etiketa mingarri eta pisutsuak aurkitu dituzte: “patois”, “deabruaren hizkuntza”, euskararen debekuak eta abar.
Azterketa sakonarekin jarraituz, datuetara jo dute: larrialdi linguistikoa, minorizazio gorria, arnasguneak galtzea, euskararen nagusitasunaren galera, euskararen aurkako oldarraldi judiziala eta antzeko kontzeptuekin egin dute topo. Zenbakiek ere ez diote gauza onik. Gaur egun, zapalkuntzaren formak aldatu egin dira, sofistikatu akaso, baina hor jarraitzen dute. “Euskararen egoera larria da”, ebatzi dute guztiek. Euskararen birikak ahul daude, eraso politiko zein judizial eta diskurtso tranpatien ziztadak jasoz etengabe.
Hala ere, ahultasun horretan ziztaden kontra ari den indarrik ere bada. Euskalgintzak ponpatzen du euskararen aldeko bizinahia.
Euskararen alde egiten dute arraun alde batetik eta bestetik, eguneroko ekintza txikietatik, konpromiso kolektibo handietara. Euskara heriotzetik gertuen egon zenean ere, burua altxa eta lanari ekin zion euskal komunitateak, ikaragarrizko fruituak emanez.
Bihotzaren taupadak ikustean, izakietako batek bere irakasle baten hitzak gogoratu ditu: “momentu historiko kritikoetan sozialki aurrerapausoak ematea lortu denean, hori lortzeko gakoak zeintzuk izan ziren aztertu behar dugu, zein baldintza eman ziren eta zein aldagaik jokatu zuten gure eskubideen alde, horrek etorkizunerako gako garrantzitsuak emango baitizkigu”. Eta berriz ere garairik okerrenetan euskararen alde egin zen indarra berreskuratzea lortzen badugu? Euskararen aldeko loratze berri bat antolatzen badugu?
Horretarako, estrategiak behar dira, noski. Eta estrategiak sortzeko joko zelaia ondo ulertu beharra dago.
Bizi ditugun egoerak errazago identifikatzen ditugu eta bizi ez ditugunak, aldiz, ez ditugu horren erraz ikusten. Horretarako, harien arteko loturak identifikatu behar dira eta “gure” sentitzen ez ditugun minak ikusi.
Hainbat hari ikusten zituzten, baina ez zuten oraindik ondo identifikatu horien arteko lotura. Askotariko urratuak ikusi zizkieten hainbat kideri; hala ere, ez zuten oso ondo ulertu zerk eta zergatik eraginak ziren. Solaskideetako batek esana zien: “urrezko sistemak boteredun lagun gehiago ditu”. Zauriak sortzen zituzten, bestelakoak, desberdinak; batzuk zigortu eta beste batzuk saritu egiten zituzten. Hainbat tentakulu boteretsu deskubritu zituzten. Urratuak sortzen zituzten, bai, baina ez pertsona guztiei, ez modu berean; testuinguruaren eta pertsonen baldintzen arabera arauak aldatu egiten ziren. Gainera, konturatu ziren, testuinguru batzuetan, haiek ere bazirela konplize txiki, zapaltzailearen tentakuluak barruraino sarturik zituztela, alegia.
Analisia nahiko argi zuten:
Euskara beste botere sistema batzuen arteko elkarreraginean jokoan dago eta euskarari esleitzen zaion balio sinbolikoa ere bai. Euskarak, hizkuntza minorizatua izanik (indarkeriaz minorizatua), sistemen jokoan beti pareta luzeagoa, handiagoa eta zailagoa eskalatu behar du; ostera, hizkuntza hegemonikoek goitik begiratzen diote eta pixkanaka-pixkanaka funtzioak kendu. Era berean, sareen artean botere sistemek eragina dute pertsona gehiago euskararen sokara batu daitezen.
Denboratan eta dirutan pobretuak diren pertsonek aukera eta baliabide berdinak al dituzte euskarara iristeko? Zer egin dezakegu euskara denontzat eskubide izan dadin? Zein beste ardatz aintzat hartu behar ditugu?
Deskubritu zutenaren eraginetan pentsatzen hasi ziren. Noski, euskararen alde egiteko ekimenak lantzen hasiak ziren, baina taldean inork ez zuen pentsatu beste sare menderatzaileen eragina zein zen eta zenbaterainokoa izan zitekeen. Estrategia on bat lantzeko beharrezkoa zen ikuspegi hori kontuan hartzea.
Galderek galderetara garamatzate, eta infinitua izan daiteke akaso, baina analisi onik ez da galderarik gabe, eta batez ere, gure begirada zalantzan jartzen duen galderarik gabe.
Eta zer gertatzen da guk gorpuzten ez ditugun errealitate horiekin? Zein egoera bizi ditu gure parean dagoenak? Ikusten al dugu? Ikusten al ditugu?
Eta euskalduntasuna zerk eta nork esleitzen du? Zerk egiten du euskalduna euskaldun? Ez al diogu euskalduntasuna aitortzen edo kentzen parean dugunari gure uste eta estereotipoen arabera? Zein eragin dute zapalkuntza sistemek gure portaeretan?
Nola begiratzen dugu: parez pare edo goitik behera? Egin al dugu autokritikarik? Mundu guztiari berdin esleitzen al diogu euskalduntasuna? Euskal Herriko herri guztiek al dute euskalduntasunaren aitortza bera? Gure uste eta -kerien arabera aldatu al dugu inoiz hizkuntza? Herriaren arabera aurreiritziz jokatu al dugu?
Eta zergatik da bestea “beste” eta ez “gu” horren parte?
Intersekzioen lanketak izakietako bati bere etxekoen historia gehiago ulertzeko ere balio izan zion. Memoria ariketak beharrezkoak ziren, historia hizki larriz idazten ez dutenek ere badute zer kontatu. Aittitte-amamen kontakizunez gogoratu zen. Oraindik entzuten ditu esanez “sosegau ezinik habil ume”. Ez dugu inor engainatuko: ez gara inoiz geldi egotekoak izan.
Gurean gauza jakina da baserri inguruetan euskarazko lexiko aberatsa dagoela (belarren izenak, txoriak, tresnak, lekuen izenak, zuhaitzak, esanak...), tamalez gero eta gutxiago erabili, eta egiari zor, gutxitan baloratu dena.
Izan ere, hiriari aitortu zaio beti kapital kulturala, boterea (hiriaren erdigune aberatsari, ez periferiari, noski). Hiria izan da kulturaren irudi, jakintsuen plaza, baita erdararena ere. Gure amamak hirira ez ziren euskaraz joaten, euskarak ez zeukalako gaztelaniaren edo frantsesaren balio bera, ez zen jakintsuaren hizkuntza, ez zen kontu serioak tratatzeko hizkuntza.
“Kaxeroaren” izatea ezkutatu eta “andra elegantearen” maskara jantzi nahi izaten zuten askok (gaur egun beste espazio batzuetan gertatu legez), eta ez gaitezen engaina, klasearen afera ere jokoan zegoen antzerki horretan.
Gure amamak baserritarrak, euskaldunak, emakumeak, garaiko estatistiketan agertzen ez diren langileak ziren; eta horrenbestez, euren jakintzak eta hizkuntza ere bazterrekotzat jotzen zituzten. Hala ere, argi zuten: euskaldunak ziren eta euskara babestu behar zuten. Euskararen aldeko jarduna ez zen ekintza inkontziente eta xaloa izan: etxe askotan nahita egin zen euskaraz bizitzeko hautua eta seme-alabei euskara zaintzearen, elikatzearen eta erabiltzearen garrantzia transmititu zitzaien.
Arakatzea, aztertzea, analizatzea da begiak irekitzea, baina euskarak begiak irekitzea baino gehiago behar du. Ekintzak behar ditu.
Besteei eskatzea ondo dago edota aldarrikatzea. Behar dugu aldarrikapena, baina bakoitzak beretik egitea ere bai, bere posiziotik, okupatzen ditugun espazioetatik eragitea.
Azken galdera bat zuten esku artean kontakizun honetako izakiek. Zuri edo guri zuzendutako galdera zen: zuk zer egingo duzu euskararen alde? Eta guk, kolektiboki, zer egingo dugu euskararen alde?